Sinetsi ezinda

Athleticek ezustean harrapatu gura du Real Madril, baina argudio gutxi ditu gaur Santiago Bernabeun irabazteko

haritz gallastegi
2008ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Ia inork ez du sinesten Athleticek gaur (21:00, C+ E) Real Madril mendean har dezakeenik Santiago Bernabeun. Jarraitzaile sutsuena ere ezkor da. Hala ere, zuzenagoa da ia inork ez duela sinesten esatea. Ezustekoa eman eta garaipena eskuratuz gero, ez direlako gutxi izango Caparrosen taldean itsu-itsuan sinesten zutela esango dutenak.

Baina gaitza da egun Athleticen jokoan sinestea. Eta are eta gaitzagoa zurien etxean garaipena eskuratu dezakeela pentsatzea. Kinielan Athletici puntu bat eman diotenak ere ez baitira asko izango. Baina ez orain, ez eta lehen ere. Santiago Bernabeuko partidak beti izan dira bereziak eta nekezak. Athletic sasoi onean eta Real Madril krisian zegoenean ere garaipen gutxi eskuratukoa da talde bizkaitarra.

Bada, egun, sekula baino urrunago ikusten da garaipena. Liga sortu zenetik gutxitan egongo zen bi taldeen artean egun dagoen aldea. Athletic klub garrantzitsua da gaur egun ere. Maila galdu ez duten taldeen artean dago. Garaipen zerrenda bikaina du. Baina azken denboraldiotan bestelako borroketan murgilduta daude lehoiak. Mailari eustea baino ez dute helburu. Egoera horretan dauden taldeentzat zelai guztiak dira konpromiso handikoak. Beraz, lehiaketako talde indartsuenen aurka zeresan gutxi dauka.

Aurkariaren mailak eta estatistikek esaten dutena gutxi balitz bezala, protagonista nagusien adierazpenak nahikoa izan daitezke esperantza apur batekin dagoena ilusio barik lagatzeko. «Denboraldiko neurketarik gaitzena da», eta «partida borobila jokatu beharko dugu irabazteko» esan zuen Joseba Etxeberriak; Ociok, berriz, «emaitza txarren ondorioz ingurua urduritu egiten da, eta urduritasuna aldagelaraino ailegatzeko arriskua dago»; eta Javi Martinezek «irabaztea oso gaitza da, baina ez da ezinezkoa».

Nafarraren adierazpenaren azken zatia hartu beharko da, aldez aurretik partida galduta ez emateko. Erdilari nafarrarenak eta Caparrosenak. «Ni beti izan naiz baikorra. Lehiatzera zelairatu behar gara. Gauza guztiak egin beharko ditugu ondo. Bernabeuko neurketak oso luzeak dira», adierazi zuen teknikariak atzo. Aste osoan entzundako adierazpen baikor apurrak eta aste barruan ikusitako partida hartu behar dira aintzat esperantza ez galtzeko. Juventusek Txapeldunen Ligan erakutsitako jarrerak eta egindako jokoak zabaldu dizkie begiak zuri-gorriei. Aurrean presionatuta Real Madril estutzea eta gainditzea lortu zuen talde italiarrak. Gai izango al da Athletic gauza bera errepikatzeko?

Caparrosek ez du pistarik eman Real Madrilen aurka zelairatu dezakeen hamaikakoaren gainean. Ateak itxita entrenatuko da gaur goizean Valdebebasen (Madril). Han emango die bere asmoen berri jokalariei.

Iraizoz hamaikakoan

Aste osoan ez baitu ezer berezirik prestatu. Bi egunetan Bartzelonaren aurka jokatu zuten futbolariekin entrenatu zen. Gehienek errepikatu egingo dute. Baina litekeena da aldaketa bat edo beste egotea. Zelai erditik aurrera egon daitezke berrikuntzak. Pentsatzekoa da Real Madrilek izango duela jokoaren ekimena. Beraz, neurketaren zati handi batean Casillasen areatik metro askora egongo dira jokalari zuri-gorriak. Zenbat eta urrunago egon, orduan eta gaitzagoa izango da arriskua sortzea. Horrelakoetan kontraerasoan jokatzea izaten da irtenbide onena. Horretarako erdilari eta aurrelari egokiak ditu talde zuri-gorriak; aproposak dira Joseba Etxeberria eta Jon Velez. Elgoibartarra gogotsu dago. Hamaikakora bueltatzeko irrikaz dago, eta horrela erakutsi zuen ohiko ordezkoek bigarren taldearen aurka jokatu zuten partidatxoan. Hiru gol sartu zituen.

Velezek azken jardunaldietan protagonismoa galdu du. Hala ere, merezi du bere aldeko apustua egitea. Jokalari indartsua eta langilea da. Golak sartzeko balio duen edo ez erakusteko aukera eman behar zaio. Orain arte ez du gainerako aurrelariek baino gutxiago egin.

Zelai erditik atzera jokatuko dutenak ohikoak izango dira. Iraizoz osatu da eta prest dago jokatzeko. Bestalde, Javi Martinez eta Ustaritz deialditik kanpo geratu dira. Nafarra min hartuta dago eta bizkaitarra Caparrosek gura izan duelako geratu da Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.