Jokalari bat gehiagorekin, eta, hala ere, nahiko lan. Realak berdindu egin du Vigon, Celtaren aurka (1-1), baina taldea ez da ondo aritu gaur ere, eta, beraz, Sergio Francisco prestatzailea kinka larrian dago oraindik. Txuri-urdinak jaitsiera postuetan daude.
Entrenatzaileak berrikuntzak egin ditu hamaikakoan: Yangel Herrerak debuta egin du taldearekin, eta 5-3-2 sistema probatu du lehen aldiz. Realak ez du gaizki hasi partida, baina Celtak eman du lehen kolpea, jokaldi zoragarri batean. Pablo Duran izan da golegilea, Minguezaren pase bat baliatuta. 19. minutua zen.
Golaren ostean, partida moteldu egin da. Lehen zatiko azken minutuetan heldu da olatua: Herrerak eta Oiartzabalek aukera on bana izan dute buruz, eta Starfelt atzelariari txartel gorria atera diote 45. minutuan, Venezuelakoaren eraginez. Reala atzetik iritsi da atsedenaldira, baina, behintzat, jokalari bat gehiago zeukala.
Bigarren zatiaren hasieran, Barrenetxeak baloi bat lapurtu du area barruan, Oiartzabali pasatu, eta kapitainak sareetara bidali du, baina jokoz kanpo zegoen, oso gutxigatik. Horretarako ere zorterik ez. Dena den, Realak ez du arrisku handirik sortu nahiz eta jokalari bat gehiago izan.
Azken hamar-hamabost minutuetan estutu du Realak, bihotzarekin gehiago buruarekin baino, eta horrela sartu du gola Carlos Solerrek azkenean, 89. minutuan, Guedesek erdiraketa bat egin ostean. Gol horrek arnasa apur bat emango die txuri-urdinei datozen egunetan.