VUELTA

Solerri esker beste garaipen bat lortu du UAE taldeak

Kataluniarrak erakustaldia egin du ihesean, eta onenen aurretik iritsi da Farraponako helmugara. UAEk irabazi ditu orain arte jokatu diren hamalau etapetatik zazpi; alabaina, Almeidak gaur ere ez du lortu Vingegaardi lidergoa kentzea.

ESPAÑA CICLISMO VUELTA
Marc Soler, garaipena ospatzen. JAVIER LIZON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko irailaren 6a
19:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Vuelta irabazteko hautagai sendo bat du UAE taldeak, baina, halere, Joao Almeidaren ezkutariek baimena dute etapa ehizan aritzeko. Jay Vinek eta Juan Ayusok bina garaipen lortu dituzte dagoeneko, eta gaur, Marc Solerrek izan du helmugan besoak altxatzeko ohorea. Kataluniarra izan da Farraponako gailurrera iristen lehena; duela bost urte bigarren izan zen han, eta arantza atera du gaur, eguneko ihesaldian sartu eta gero. Bidaideak aise azpiratu ditu. Hala ere, sekulako ahalegina egin behar izan du faboritoen multzoak harrapa ez zezan. Egoera bitxia suertatu da Farraponan: Soler aurretik zela, haren taldekideek egin dute tira tropeletik. UAE erdizka geratu da, Almeida ez baita gai izan Jonas Vingegaardi (Visma) aurrea hartzeko sailkapen nagusian. Kontrara, danimarkarrak bi segundo handitu du aldea helmugako gainsariari esker.

Dena den, UAEren nagusitasuna kasik zapaltzailea izan da orain arte, etapetan behintzat. Zazpi garaipen lortu ditu hamalau lasterketa egunean, lau txirrindulari ezberdinekin gainera —taldekako erlojupekoa ere irabazi zuen—, eta bere egin ditu Asturiasko bi etapak. Almeidak bere zigilua jarri zuen Anglirun atzo, eta Solerrek beste horrenbeste egin du gaur Farraponako igoera luzean —hamazazpi kilometro eta %5,9ko pendiza—. Mendateari ekin aurretik egin du eraso, helmugarako hemeretzi kilometro geratzen zirela, eta zuen aldeari sendotasun handiz eutsi dio. Azkenean, 39 segundo atera dizkie Vingegaardi eta Almeidari. Jai Hindley (Red Bull), berriz, laugarren izan da, azken txanpan zalaparta eragin ostean. Etapaz etapa, geroz eta hurbilago du Tom Pidcock (Q36.5), nagusiko hirugarren sailkatua; 32 segundora dauka orain.

Israel taldea Vueltako tropelean izan da gaur ere. Taldeko agintariek garbi utzi dute ez dutela inongo intentziorik lasterketa uzteko, eta taldearen izena ere bere horretan utziko omen dute. Gaur, ordea, «Israel» hitza maillotetik kentzea erabaki dute, segurtasun arrazoiengatik, haien arabera. Keinu hutsal horrek ez du baretu jendearen haserrea, eta protestak izan dira berriz ere. Txirrindulariek, hori bai, trabarik gabe osatu ahal izan dute etapa.

Tropelak bezperan baino malguago jokatu du iheslariekin. Anglirun pilatutako nekea ezinbestean sumatu dute txirrindulariek, eta eguraldiak ere ez die lagundu, orain arteko etaparik beroena izan baita —35 gradutik gora izan dituzte—. Horiek horrela, indar betean aritu ez arren, lasterketa buruan osatu den 24 txirrindulariko multzoak bidea egin du. Helmugatik 70 kilometrora, Tenebreo mendatea igo dute —hirugarren mailakoa—, eta tropelari sei minututik gorako tartea ateratzea lortu dute handik igaro ondoren. Alde egindakoen artean izan da, beste behin ere, Xabier Mikel Azparren (Q36.5). Solerrek ere tokia egin du lasterketa buruan, zer gerta ere.

Onenen ekina, oso amaieran

Etapak oso bestelako itxura hartu du San Llaurienzun. Igoera gogorra zela baliatuz, UAE taldeak xehatua eman dio tropelari, Juan Ayusoren lanari esker batez ere. Ezinean geratu dira, besteak beste, Egan Bernal (Ineos) eta Giulio Ciccone (Lidl). Halaber, aurrean zihoazenek aldearen erdia galdu dute. Ihes egindakoen multzoa erdibitu egin da, eta Azparren, jokoz kanpo geratu. Farraponan, berriz, Solerrek erakustaldia egin du. Hasieran aldamenean zuen Johannes Staune-Mittet (Decathlon), baina aise utzi du atzean.

Azken sei kilometroak ziren mendatearen zatirik gogorrena, eta kataluniarra hiru minutuko aldearekin iritsi da bertara. Faboritoek arriskuan jar zezaketen haren garaipena. Haatik, ez da lehia bizirik izan onenen artean. Haizeak tarteka aurrez jo die, eta oso amaieran piztu da sua, Red Bull taldearen ekimenez. Giulio Pellizzarik abiada azkartu, eta Hindleyk erritmo aldaketa bizia egin du. Haren atzetik irten dira Vingegaard eta Almeida, eta esprinta danimarkarrak irabazi du gaur.

Samurra ez, baina samurragoa izango da biharko etapa. Lehen 100 kilometroetan gora eta behera ariko dira txirrindulariak, eta bi mendate igoko dituzte; lehen mailakoa bata, eta bigarren mailakoa bestea. Ziurrenik, lehia bizia izango da ihesaldia osatzeko. Faboritoek ere adi ibili beharko dute, ezustekorik izan ez dadin. Etaparen bigarren zatian, berriz, apenas egongo den aldaparik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.