Ederra izan zen Gescrapen lehen bidaia Euroligan. Final-laurdenak jokatu zituen CSKA Mosku ahaltsuaren aurka, eta duintasunez belaunikatu zen. Lan dotorea eginda ere, Euroligatik kanpo geratu ziren bizkaitarrak, txapelketako lizentzia sistema eta Gescrapen ligako emaitza kaskarrak direla eta. Eurokopa-era bueltatu da sasoi honetan, ondo baino hobeto ezagutzen duen lehiaketara. Ez alferrik, lehiaketa horretako bi azken fase jokatu ditu: zortziko finala Turinen, 2009an, eta Lauko Finala Gasteizen, urtebete geroago.
Bietan egin zuen kale, titulua ez lortzea akats moduan hartzen bada. Orain, final handia jokatzea du bere erronka, eta berriro Euroligara bueltatzea, titulua irabazita. Erronka horrek, ordea, asko du zailtasunetik, eta gutxi, errealitatetik. Eurokopa txapelketak ez dauka Euroligaren maila, baina Euroligako Top 16a joka dezaketen talde asko ditu.
Eguzkia da eguzki sistemako izar indartsuena, argi handien, bero handien ematen duena. Ipar Hemisferioan sortaldetik irteten da eguzkia egunero, eta Eurokopa txapelketan, sortaldean, ekialde urrunean daude Turkia, Ukraina eta Errusia. Eta herri horietan, Gescrap Bizkaiarentzat Eurokopako titulua ia-ia ezinezko egingo duten talde indartsu asko.
Gaur-gaurkoz, bospasei taldek bizkaitarrek baino talde hobeagoak dituzte, izenez eta baliabidez aberatsagoak, baina kantxa gainean beti gertatzen dira espero ez diren gauzak. Ukrainako Donetsk, Turkiako Galatasaray, Errusiako Lokomotiv Kuban eta Unics Kazan eta Herrialde Katalanetako Valentziak osatzen dute Eurokopako elitea. Iritsezin dirudien boskotea da. Koska bat beherago leudeke Gescrap bera, Azovmash Mariupol (Ukraina), Belgradeko Izar Gorria (Serbia), Spartak San Petersburgo (Errusia) edota Le Mans (Frantzia) .
Gauzak normal, final- laurdenetan jokatuko du Gescrap Bizkaiak mamu horietako baten auka. Liga erregularrean talde apalak egokitu zaizkio, eta helburuak lehen postua lortzea behar du izan. Top 16an ere ez luke estutasun handirik pasatu behar bere multzoko lehen bi postuetan sailkatu eta final-laurdenetarako sailkatzeko, baina hortxe hasiko dira komeriak, Eurokopako zortzi talde onenak oso talde onak izanen direlako.
Zaila da Donetsk, Galatasaray, Lokomotiv eta Unicsen artean bat hautatzea. Donetsek D'Or Fischer, Ramel Curry, Bojdan Stojanovski, Ivan Radenovic, Doron Perkins eta Kaloian Ivanov fitxatu ditu. Istanbul aldean ere diru zakua erabili dute Boni N'Dong, Jamont Gordon, Jaka Lakovic, Cenk Akyol, Furkan Aldemir, Milan Macvan, Ender Arslan, David Hawkins eta Henry Domercant elkartzeko.
Baron eta Banic Errusian
Donostiatik Itsaso Beltzeraino egin zuen bidaia Jimmy Baronek, jokalari ohiak, Kubanera, Moskutik 1.200 kilometrora. Han jokalari bikainak jarri dizkiote alboan: Mantas Kalnietis, Alexei Savrasenko, Sergei Bikov, Simas Jasaitis, Aleks Maric, Ali Traore edo Nick Calathes. Laukote horretako azken kidea Unics Kazan da, eta haraino egin zuen jauzia udan Marko Banicek, Gescrapeko kapitain ohiak. Poltsikoak bete, beteko ditu, baina nekez egongo da Bilbon bezain gustura haren ondoan Terrell Lyday. Peter Samoilenko, Vladimir Veeremenko, Chuck Eidson, Ian Vogiukas, Kostas Kaimakoglou, Kelly McCarthy eta Mire Chatman edukita ere.
Gertutik aztertu beharko da ezustekoa eman dezaketen beste talde batzuen jarduna. Azovmashek Lynn Greer, Miroslav Raduljica eta Oleksei Petxerov ditu. Izar Gorriak Igor Rakocevic Baskoniako jokalari ohia eta Vuk Radivojevic herrikidea. Le Mans frantziarrak Khalid El-Amin, Charles Kahudi, Victor Cuthbert eta Pape Sy, eta San Petersburgoko Spartakek Strelnieks, Patric Beverley eta Vladimir Dragicevic.
Ligaxka hasterako bukatuko da, sei partida baino ez baitira jokatuko (abenduaren 12an amaituko da). Top 16ak ere lanak eginak izanen ditu otsailaren 20rako, eta martxoaren 6 eta 13 bitarte hasiko dira kanporaketak. Final- laurdenak, joan-etorriko formatuan. Hor hasiko da Gescrapen Eurokopa. Ordura arte, ez luke zailtasun handirik izan beharko.
Sortaldeko eguzkia
Ukraina, Errusia eta Turkiako talde on askok ia ezinezko egingo dute Gescrapek Eurokopa irabaztea. Donetsk, Galatasaray, Lokomotiv Kuban, Unics Kazan eta Valentzia ditu gainetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu