Sua ez da itzali

Marcelo Bielsak ziurtatu du Athleticen jarraituko duela baina «aldatu» egingo dela zuzendaritzarekin duen harremanaLezamako entrenamendura azaldu da, denboraldi-aurrea hasi zenetik lehenengoz

Marcelo Bielsa, pentsakor, atzo, Lezaman, Athletic bertatik ikusi duen lehen saioan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Marcelo Bielsak biziberritu egin du Athleticen zuzendaritzarekin duen ika-mika. Entrenatzailea Lezamako entrenamendura azaldu zen atzo, denboraldi-aurrea hasi zenetik lehenengoz. Bazirudien Lezamako lanen inguruan sortutako eztabaida lasaitzeko bidean zela, baina suak bizirik jarraitzen duela erakutsi zuen argentinarrak. Facebook sare sozialean idatzitako ohar batean, zuzendaritzarekin duen harremana «aldatu» egingo dela iragarri zuen. Entrenatzailea ez dago ados Athleticeko buruek iragan ostiraleko prentsa oharrean esandakoarekin.

Bielsak ez du ulertu taldeak eztabaidan hartutako jarrera. «Biok helburu bera badugu, zergatik dugu aurkako ikuspegia lanen inguruan?», galdetu du entrenatzaileak. Gainera, azaldu du lanen inguruan duen iritzia ez dela subjektiboa, esandako «guztia» froga dezakeelako. Taldeak lanen erantzukizuna bere gain hartu zuen, eta ziurtatu lanak egin dituen enpresa zuzen aritu dela. «Orduan, zergatik ez daude bukatuta erabaki bezala, eta garaiz?», kexatu da teknikaria sare sozialean.

Bielsak jakinarazi du taldearen prentsa oharra zuzendaritzarekin aztertu zuela, eta bere hasierako jarrera defendatu: «Onar dezaket taldeak niri autoritatea kentzea, baina ez esan nuena egia ez dela adieraztea». Dena den, taldearekin duen kontratua beteko duela ziurtatu du berriro. Baina gauzak ez dira iragan sasoian bezala izango: «Gure arteko harremana aldatu egingo da».

Entrenamendua ikuskatzen

Lezamako lanen inguruan sortu zen eztabaidaren ondoren, argentinarrak Athleticen segituko ote zuen zalantzan egon zen ostiralean. Zuzendaritzak bilera egin zuen arratsaldean, eta Bielsa postuan mantentzea erabaki zuen. Taldearen entrenamendura azalduta, egoera bere onera itzultzeko bidean zela zirudien. Alabaina, ez zuen hark zuzendu taldearen entrenamendua. Orain arte bezala, Luis Bonini prestatzaile fisikoaren aginduetara aritu ziren jokalariak. Bielsak, ordea, entrenamendua ikuskatu eta jokalari batzuekin solasaldi laburrak izan zituen, baita bere laguntzaileekin ere.

Jokalariak, berriz, arazoa laster konpontzeko gogoz azaldu dira. Oscar de Marcosek adierazi zuen eztabaida ez dela euren kontua, baina onartu zuen horrelako egoerek ez dietela mesederik egiten: «Hobeto datorkigu normaltasuna». Gainera, ziurtatu zuen Bielsa «beti bezala» ikusten duela, eta iaz antzera hasi zirela gogorarazi zuen, prestatzaile fisikoak zuzendu baitzituen denboraldi-aurreko lehen saioak. Iker Munianek, berriz, «lasaitasuna itzultzea» espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.