Sylvain Chavanelek etapa irabazi du, eta lider jarri da

Rabobank taldeak Paris-Nizako tropela lehertu du, eta Juanma Garate bigarren da nagusian

Igor Susaeta.
Donostia
2009ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Hoztuta zegoen Sylvain Chavanel (Quick Step) Orvaleko irteeran. Zazpi graduko tenperatura eta euria goian-behean. Gainera, ez zuen egun osoan atertuko. Baina helmuga zeharkatu eta gero, barrenak bero-bero zituen frantziarrak. Batetik, ahaleginarengatik; eta, bestetik, Paris-Nizako hirugarren etapa irabazi eta liderraren maillota jantzi zuelako. Biak batean. Pozik zegoen, eta poz horren erdia Rabobank taldeari zor dio. Herbehereetako taldeak lasterketa lehertu zuen Vichyko helmugara heltzeko 40 kilometro falta zirenean, haize-babesak sortu zituen, eta gutxi izan ziren jarri zuten erritmo ezin biziagori eutsi ziotenak. Alberto Contador (Astana) liderrak ez zuen lagunduko zion taldekiderik topatu, eta 1.09ra heldu zen, beste asko bezala. Izan ere, zazpi izan ziren aurrean iritsi zirenak. Tartean, Juanma Garate (Rabobank). Orain, bigarren da irundarra sailkapen nagusian.

Etapa hasi baino lehenago arbelean marraztu ziena ezin hobeto interpretatu zuten Rabobankeko txirrindulariek. Horixe esan zuen Garatek. «Ezin hobeto». Baina oso nekatuta heldu zen helmugara. Normala: azkeneko 40 kilometroak pistako jazarpen proba baten modukoak izan ziren-eta. Aurreko guztiak, berriz, espero ziren bezalakoak. 12:15ean abiatu ziren Orvaletik, eta 16. kilometrorako eguneko ihesaldia osatu zuten bost txirrindularik: Maciej Bodnar (Liquigas), Jurgen Roelandts (Silence-Lotto), Christophe Le Mevel (Francaise Des jeux), Stephane Auge (Cofidis) eta Tom Veelers (Skil-Shimano).

Pixkanaka-pixkanaka aldea handitu zuten, eta sei minutukoa ere izan zen uneren batean. Astanak zeukan tropela kontrolatzeko ardura, baina helmugarako 50 bat kilometro falta zirela, eguneko hirugarren muinoa gainditu eta gero, esprinterren taldeak ehiza antolatzen hasi ziren. Baina Rabobanek ez zien ondo antolatzeko denborarik eman. Euria ari zuen, tenperatura hotza zen, den-denak ondo babestuta zihoazen, eta Rabobankek kutsu are epikoagoa eman nahi izan zion etapari.

Tropelaren buruan jarri ziren sei txirrindulari, eta haizea lagun, tropela txiki-txiki egin zuten. Gert Steegmansek Toni Colomek (Katusha) eta Heinrich Hausslerrek eutsi zieten hasiera batean, baina Rabobankekoak ez zeukaten atzera begira geratzeko intentziorik. Azkenean Rabobankeko hiruk (Juan Antoni Flecha, Sebastian Langeveld eta Garate), Quick Stepeko bik (Kevin Seeldrayers eta Chavanel) eta Marcus Burghartek (Columbia) egin zuten aurrera.

Aurrekoak harrapatu zituzten, eta bikain lan eginda, atzekoekiko aldea handitzen joan ziren pixkanaka. Gainera, 35 txirrindulariko tropel horretan ez ziren ondoegi konpondu. Klasiko baten itxura hartu zuen lasterketak, eta Flecha klasikoetan iaioa den arren, Chavalenek aurrea hartu zion azken kolpean. 30 urte dauzka, iaz ere etapa bat irabazi zuen Paris-Nizan, eta lider izan zen egun batez. Gaur laugarren etapa jokatuko da,Vichy eta Saint Etienne artean, 173 kilometrokoa.



Sailkapenak

HIRUGARREN ETAPA

1. Sylvain Chavanel (Quick Step) 4.33.12

2. J. Antoni Flecha (Rabobank) d.b.

3. S. Langeveld (Rabobank) d.b.

4. Stephane Auge (Cofidis) d.b.

5. Kevin Seeldrayers (Quick Step) d.b.

6. Juanma Garate (Rabobank) d.b.

7. Jurgen Roelandts (Silence-Lotto) d.b.

9. Heinrich Haussler (Cervelo) 1.09ra

31. Alberto Contador (Astana) d.b.

36. Juanjo Oroz (Euskaltel) d.b.

37. Iñaki Isasi (Euskaltel) d.b.

70. G. Verdugo (Euskaltel) 2.50era

73. Markel Irizar (Euskaltel) d.b.

74. Haimar Zubeldia (Astana) d.b.

NAGUSIA

1. S. Chavanel (Quick Step) 9.29.24

2.Juanma Garate (Rabobank) 33ra

3. J. Antoni Flecha (Rabobank) 36ra

4. Kevin Seeldrayers (Quick Step) 37ra

5. J. Roelandts (Silence-Lotto) 40ra

6.Alberto Contador (Astana) 1.03ra

7. L. L.Sanchez (Caisse d'Epargne) 1.12ra

8. Stephane Auge (Cofidis) 1.14ra

17. Samuel Sanchez (Euskaltel) 1.36ra

27. Juanjo Oroz (Euskaltel) 1.51ra

35. Iñaki Isasi (Euskaltel) 1.57ra

48. Markel Irizar (Euskaltel) 3.20ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.