Txirrindularitza

Tadej Pogacar: nahi duena, nahi duen erara

Bost Tour irabazi dituztenen sailean sartu da Pogacar. Nahieran aritu da oraingoan ere; seigarren egunerako, garaipena bideratua zuen jada. Bost etapa zakuratu ditu, eta horren nagusi izan da, hirugarren izaten lagundu baitio Del Toro taldekideari.

Tadej Pogacar, bosgarren aldiz Tourra irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Tadej Pogacar, bosgarren aldiz Tourra irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 27a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko podiumean horiz jantzi zen berriro Tadej Pogacar (Klanec, Eslovenia, 1998). Amaiera hori erraz iragar zitekeen Frantziako Tourra hasi aurretik, behin eta berriz gertatu baita azken urteetan. Esloveniarra 2020an gailendu zen aurrenekoz txirrindularitza lasterketarik ezagunenean, eta txapeldun handienen pare jarri da dagoeneko. Bost Tour irabazi ditu, Jacques Anquetilek, Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek eta Miguel Indurainek bezainbat. Pogacarren markak berezitasun bat du: 27 urterekin lortu du bosgarren garaipena, hots, hura da kopuru horretara gazteenik iritsi dena. Azken urteetan ez du aurkaririk eduki, eta, oraingoan, are nagusitasun handiagoa erakutsi du.  

Garaipenerako lehiari dagokionez, aurtengo Tourrak astebete eskas iraun du. Izan ere, seigarren etapan kolpe ia erabakigarria eman zuen Pogacarrek. Abaila bizian abiatu zen Tourmaleten, eta aldea oso nabarmen handitu zuen Gavarniera bidean. Hortik aurrera, beti eraman du soinean liderraren elastikoa. Aurrez ere horiz jantzi zen, hirugarren etapa irabazi ondoren, baina lidergoa ihesaldikoen esku utzi zuen biharamunean. Halere, aginte makilari tinko eutsi dio Pirinioetako etapa nagusian gailendu zenetik. Guztira hamasei egunez jantzi du maillot horia, eta, jokatu dituen Tour guztiak aintzat harturik, 71 egun egin ditu jada elastiko preziatu hori jantzita. Alde horretatik, aurrea hartu die Chris Froomeri eta Induraini —59 aldiz jantzi zen horiz Froome, eta 60 aldiz Indurain—, eta hurbildu egin zaio Hinaulti —75 egun egin zituen lider gisa—. Urrun samar du oraindik Merckxen marka, 96 egunekoa.

Gavarnien bukatu zen etapan, 2.38 atera zion Jonas Vingegaardi (Visma), etapako bigarren sailkatuari. Daniarra da Tourrean Pogacar azpiratu duen txirrindulari bakarra, baina, azken urteetan, asko handitu da bien arteko aldea. Hori nahikoa ez, eta Vingegaardek etxerako bidea hartu behar izan zuen hamabosgarren etapan, eroriko baten ondorioz. Gauaren erdian ustekabeko dopin analisia izan eta biharamunean erori zen Vingegaard. Pogacar ere gaueko ordu txikietan iratzarri zuten, eta nahiko epel jokatu zuen Plateau de Solaisonen amaitu zen etapan. Hala, Remco Evenepoelek (Soudal) aurrea hartu zion. Vingegaard falta zenez gero, flandriarra izan da Pogacarri gehien hurbildu zaion aurkaria. Dena den, mundu bat egon da bien artean. Agerian geratu zen hori Alpe d’Huezen, hemeretzigarren etapan: 2.29ren aldea atera zion Evenepoeli. Flandriarrak 6.26ko atzerapena pilatu du amaieran.

Garaipen hura artelan hutsa izan zen. Iheslariek hiru minutu baino gehiagoren aldea zuten Alpe d’Huezeko lehen aldapetan, baina, helmugara iristerako, Pogacarrek denak aurreratu zituen. Txirrindulari batek ez zuen inoiz horren azkar igoa Alpe d’Huez, eta, aurrez, esloveniarrak Tourmaleteko marka ere hautsi zuen. Bi etapa gogoangarri horietaz gain, beste hiru irabazi ditu, Les Anglesen bat, Le Lioranen beste bat eta Le Marksteinen beste bat. Horiek horrela, Tourrean 26 etapa garaipen lortu ditu dagoeneko. Hinault laster harrapatzeko moduan da, bi garaipenera baitu; eta azken hiru urteetako batzebestekoari eusten badio —bost garaipen Tour bakoitzeko—, 2028an Eddy Merckx eta Mark aurreratzeko moduan egongo da —34 etapa irabazi zituen Merckxek, eta 35 Cavendishek—.

Buruzagi eskuzabala

Kontuan hartuta zenbat etapa irabazi dituen eta aurkariei zenbateko aldea atera dien, argi dago Pogacar oso nagusi izan dela aurtengo Tourrean. Adierazgarria izan da, halaber, Isaac del Toro (UAE) taldekidearekin izan duen jokabidea. Dena guztiz kontrolpean zuenez, mexikar gaztearen zerbitzura ipini da. Lehenik, etapa garaipena oparitu zion Bartzelonan, eta hortik aurrera, bere esku zegoen guztia egin du Del Torok podiumean finitu zezan jokatu duen lehen Tourra. Hala gertatu da, Pogacarren nahiak ia beti betetzen baitira. Ikusteko dago Tourreko txapeldunaren lekukoa noiz askatzen duen, baina gustura utziko luke Del Tororen esku.

Datorren urtean, seigarren garaipenaren bila jokatuko du Tourra. Lortzen badu, bakarrik geratuko da gailurrean, Anquetil, Merckx, Hinault eta Indurain atzean utzita. Oraingoz, haien parera iritsi da. Baina ñabardura bat egin daiteke: Merckxekin batera, Pogacar da bost Tour irabazteko saialdi gutxien behar izan duena —zazpi, denera—, eta flandriarrak ez bezala, podiuma zapaldu du jokatu dituen Tour guztietan. Datorren urtean ere hiru onenetako bat baldin bada, berdindu egingo du Raymond Poulidorren marka —zortzi aldiz igo zen hura podiumera, baina ez zen sekula gailendu—.

Dena den, Pogacarren ahala ez da soilik Tourreko kontua. Egun bakarreko probetan ere maisua da, eta, horren erakusgarri, azken bi Tourrak munduko txapeldun gisa irabazi ditu. Merckxek eta Alfredo Bindak bi Giro irabazi zituzten munduko txapeldun gisa, baina Tourrean ez da sekula egon bi urtez ortzadar elastikoarekin nagusitu denik. Sasoi honetako emaitzei erreparatuta, Tourraz gain Milan-Sanremo, Flandriako Tourra eta Lieja-Bastogne-Lieja irabazi ditu; historia osoan Merckx izan da urte berean lau proba horiek bereganatu dituen bakarra. Pogacar urre koloreko ubera uzten ari da, eta hain justu, Olinpiar Jokoak irabazi nahiko lituzke ziklismoa utzi aurretik. Paris-Roubaix eta Espainiako Vuelta ere ez dira ageri haren garaipen zerrendan. Oraingoz. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA