San Miguel ligako taldeen artean, banderen lehian ibiltzeko egin direnak urduri antzean egongo dira. Irabazi egin behar dute. Jaitsierari ihes egin nahi diotenek ere lasaitasun gutxi izango dute. Atzeko borrokak estutu egiten du burua. San Pedro, aldiz, lasai samar dago. Bi multzo horietatik kanpo ikusten du bere burua, ez gorako, ez beherako.
Kirolean, teoria praktikaren aurretik jartzea arriskutsua izaten bada ere, Pasai San Pedrokoen inguruko aurreikuspenak dio lasai ibiltzeko moduan izango direla. Praktikatik ere badu pixka bat baieztapen horrek, denboraldi-aurreko estropadetan emaitza onak lortu dituztelako. Baita bandera bat irabazi ere, duela bi asteburu Nafarroan jokatu zen traineru estropada berezian.
Emaitza horiek lasaitasuna ematen diote. Aurrez esandako teoriak indarra hartzen du praktika nagusia eta azterketarik garrantzitsuena egiten hasi aurretik. Talde fidagarria da Gabi Larrinagarena. Orain arteko emaitzez gain, bada beste datu bat ere kontuan hartzekoa: azken hiru urteetan, taldearen oinarria ia bera da. Aldaketak izan dira urtez urte, baina ez asko. Sendotasuna ematen dio egitasmoari, eta urtez urte hobetzeko aukera. Aurten ere, kirol arloko helburuez gain, beste asmo hori ere badu: hobekuntzan beste koska bat igo nahi du San Pedrok.
Gero, ikusi egin beharko da nolako emaitzetan islatzen den hoberako bide hori. Izan ere, klubean badakite beren traineruak zer eman dezakeen, baina besteen berri zehatzik apenas duten. Ligako oilarrak zein izango diren argi dago, baina ez da denentzako lekua. Gutxi batzuk baino ez dira sartzen pribilegiatuen multzo horretan. Erdialdean eta hortik behera ibiliko direnekin dituzte zalantzak San Pedron. Zantzuak badaude, baina uretan ikusi arte, ezin ziurtasunez ezer baieztatu.
Berrikuntza gutxi ditu taldeak aurten, bi arraunlari baino ez direlako berriak: Igor Agirregomezkorta eta Urko Kortajarena. Kortajarena lehen ere ibilia da, gainera, Libia ontziaren tostetan.Traineruari dagokionez, bada berrikuntza handia. Klubak berria erosi du, Amilibia ontziginak egindakoa. Proa eta txopa berdinak dauzka, eta, adituek diotenez, Kaikuk azkenaldian erabili izan duen ontzi berria baino hobea da molde berriko hau.
Halakoetan, berriak hobea izaten du alboan, baina uretan ikusi beharko da. Taldea bezain fidagarria bada, ez da txarra izango.
Arrauna. San Miguel ligako taldeak: San Pedro
Talde fidagarria
San Pedrok emaitza onak lortu ditu denboraldi-aurrean, eta San Miguel ligan lan ona berrestea nahi duAzken hiru urteetako taldeari eutsi dio, eta aurten ere koska bat igotzeko asmoz da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu