Joan zen urteko udazkenaren hasieran jaso zuen Zumaiaren deia Xanti Zabaletak (Orio, Gipuzkoa, 1968): «Entrenatzaile bila gabiltza, eta zurekin hitz egin nahi dugu». Bildu ziren bi aldeak, eta adostu zuten adostu beharrekoa. Lehen aldia du entrenatzaile lanetan, eta ondo ari da moldatzen, «une onak eta txarrak» izan dituen arren. Gustura da neguan egin duten lanarekin, eta ilusioa zabaldu da herrian. Baina Zabaletak dioen bezala, «orain erakutsi behar da erakutsi beharrekoa».
Nolako Zumaia ikusiko dugu?
Gogotsua, ausarta eta gaztea.
Ia denek uste zutena baino hobea?
Hori besteek erantzun beharko dute.
Zer aldaketa sartu dituzu?
Arraunean egiteko era aldatu dugu, eta psikologia ere landu dugu. Izan ere, taldea burumakur aurkitu nuen lanean hasi ginenean, iazko denboraldiaren ondorio. Ilusioa sartu dugu, egoera horri buelta emateko.
Taldeari begira hasi, eta ezaugarri honek ematen du atentzioa: harrobikoak dira gehienak. Poztekoa al da hori?
Alde batetik, poztekoa da, klubarentzat oso pozgarria delako harrobiko hainbeste arraunlari edukitzea. Beste alde batetik, gainerako klubak asko indartzen dira, eta horren aurrean ikusiko dugu zertarako gai garen, zer ematen dugun.
Zein da zumaiarren helburua?
Bat atzean uztea, eta hartara, zuzenean ez jaistea.
Helburu hori lortzeko borrokan zein izango dituzue aurkari?
Uste dut Camargo izango dela aurkaria.
Nolako Liga izango da?
Ematen du Urdaibai dagoela beste guztien gainetik, baina kontuz San Juan, Astillero eta Kaikurekin.
Lehen aldiz ari zara entrenatzaile lanean, eta zergatik eman zenuen pausoa?
Probatzeko gogoa nuen, baina erronka handia da hau. Baina erronka txikiak hartzea oso erraza da, eta ni izaera lehiakorrekoa naizenez, horrek ere izango zuen eragina eskaintza honi baietz esateko orduan.
Zer moduzko esperientzia izaten ari da orain artean?
Izan ditut momentu txarrak eta momentu onak. Baina batez bestekoa ateratzeko eskatzen badidazu, ona esango dizut, aurrera segitzeko modukoa.
Zer moduzko lana egin duzue neguan?
Oso ona. Entrenamendu luzeak egin ditugu, eta jende guztiaren aurrean esan nahi dut hau: arraunlariek sekulako lana egin dute, jarrera ezin hobea azalduz. Sekulako sakrifizioa egin behar izan dute. Ea orain zer ematen duen lan horrek. Ilusioa, behintzat, zabaldu dugu, eta bide horretan segitu nahi dugu.
Xanti Zabaleta. Zumaiako entrenatzailea
«Talde gogotsua, ausarta eta gaztea izango da gurea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu