Kostas Vasileiadis. Gescrap Bizkaia taldeko jokalaria

«Talde handiak menderatzeko gai gara; denetarako prest gaude»

Lagun Arorena baino talde hobea duten arren, aitortu du Illunben irabaztea ez dela erraza izango. Laugarren edo zazpigarren, ezin omen dute horretan pentsatu. Datorrenari aurre egiteko daudela dio. Nekatu samar dabil, baina prest onena emateko.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
Bilbo
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Ohiko liturgiarekin bukatu da ostiral goizeko lan saioa Miribillan. Jokalariak kantxa erdian elkartu dira taldea egiteko, eta zenbait hirukoak jaurtitzen geratu dira, kantxa erditik. Mavroeidis bat saskiratzear egon da, eta adarra jo dio Vasileiadis herrikideari. Ez da bakarra izan. Janis Blums taldekideak ere «smile, Kostas, smile» oihu egin dio kantxako beste puntatik, Vasileiadis argazkilariarekin zegoela (Tesalonika, Grezia, 1984).

Nola dago taldea CAI menderatu ostean? Gainditu al duzue Valentziako kolpea, Euroligako bukaera?

6-7 hilabete egin ditugu astero hiru partida gogor jokatuz. Azken hilabetean atseden apur bat hartzeko aukera izan dugu, lehiaketa erritmoari dagokionez, baina ondo etorri zaigu, lan saioetan-eta hobetzen joateko. Gimnasioan orduak sartu ditugu, saio bikoitzak egin… Valentzian irabaztea zen asmoa laugarren izateko, baina erasoan partida txarra jokatu genuen eta kito. Egia esan, azken partidetan errepikatu den arazoa izan da. Ez gabiltza eroso-eraso jokoan, eta horri irtenbidea bilatu nahian gabiltza. Ahalik eta azkarren. Donostian baldin bada, hobeto.

Zein arazo dituzue eraso jokoan?

Hirukoetan eta saskiratze errazekin ditugu komeriak. Ez dugula asmatzen da arazoa, eta kirol honetan asmatzen ez baduzu, jai dago! Defentsan, behintzat, ondo ari gara, eta gaitzerdi. 65-66 puntutan utzi ditugu Valentzia eta CAI, eta horrek indarra eman digu.

Zure kasuan, oso nabaria da ez zaudela ondo, ez duzulako asmatzen.

Hala da, bai. Nekatu samar nabil. Azken hilabetean ordu dezente sartu ditut gimnasioan, kanporaketetan indartsu egoteko, baina partida on bat behar dut. Konfiantza apur bat irabazi, eta denboraldiko beste une batzuetako sasoi puntu ona berreskuratu.

Buelta asko ematen al dizkiozu buruari asmatzen ez duzunean?

Ez, saskibaloian jokalari guztioi gertatzen zaigulako hiruzpalau partida on egin, eta beste hainbeste hain onak ez izatea. Gauza normala da, gizakiak gara. Nire entrenatzaileak agintzen didana egiten badut, konforme bueltatzen naiz etxera. Defentsa eskatzen dit, erreboteetan laguntzea, ez bakarrik hirukoak sartzea, eta alor horietan kontent nago.

Aurkariek ere gero eta zaintza zorrotzagoak egiten dizkizute.

Niri eta taldeko jokalari gehienei. Bi blokeo on egiten baditugu, jaurtiketa ona duten jokalari asko ditugu, eta normala da aurkariek asko estutzea.

Agerikoa da defentsan hobetu egin duzula, baina oraindik baloi asko galtzen dituzu. Katsikarisek estu hartzen zaitu hutsak egiten dituzunean.

Zer erremedio! Oso ondo moldatzen naiz berarekin, eta berari esker hobetu dut, hobetu badut.

Zuen ama hizkuntzan hitz egiten al duzue elkarrekin?

Bai, bai, grezieraz.

Hiru jardunaldi falta dira. Nola bukatuko da liga erregularra?

Batek daki. Gaur seigarren gara; igande arratsaldean, agian, laugarren; hurrengo igandean zazpigarren… Ezin dugu denbora askorik galdu aurreikuspen horiekin, alferrikakoa delako. Beste taldeen emaitzek ere zerikusi zuzena izango dute. Beraz, gurea egiten saiatu, hirurak irabazi, eta gero gerokoak.

Nola ikusten duzu derbia?

Guretzat final baten parekoa da, irabazten badugu laugarren postuaren arrastoan jarraituko dugulako, eta galduz gero, ez. Lagun Arok baino talde hobea dugula pentsatzen dut, eta gure lana eginez gero, garaipena lortzeko aukera dugula.

Galtzen baduzue, akabo ia-ia laugarren postu hori lortzeko erronka, ezta?

Bai. Guk biak irabazi eta Lagun Arok eta Banca Civicak bi partidak galdu beharko lituzketelako. Pentsatu ere ez, egoera horretan.

Zein iritzi duzu Lagun Aro egiten ari den lanaren inguruan?

Oso talde ona dute, eta jokalari guztiek ondo dakite zein den euren lana. Balantza desoreka dezaketen jokalari sorta ona dute: Salgado, Panko, jaurtitzailea, Baron... Real Madrili eta Baskoniari irabazi diote, beste askoren artean, eta han irabaztea ez da sanurra izango. Defentsa ona ezinbestekoa da euren eraginkortasuna murrizteko.

Oso litekeena da Baron zaindu behar izatea. Arduratuta?

Ez, batere ez. Badakit ehunka metro egingo ditudala bere atzetik korrika, eta berak nire atzetik korrika ere bai, biok jaurtiketak egiten saiatuko garelako.

Boladaka jokatzen duzuen jokalariak zarete, eta bolada ona hartzen baduzue, kontuz.

Bai, baina bolada ona hartzea oso zaila da. Kementsu hasi nahi dut. Katsikarisek Baron zaindu beharko dudala esan dit, eta erasoan agian nekatu samar egongo naizela jaurtitzerakoan, baina ez nau arduratzen. Agindutakoa betetzea da lehentasuna: defentsa, blokeoa eta jarraipena ondo egin eta jaurtiketa irekiak bilatu. Horiek dira nire etxeko lanak.

Papamakarios herrikidea ere parean izango duzu ziurrenik.

Bai. Trebea da Manus zaintzan, ni baino trebeagoa.

Harremanik ba al duzu berarekin?

Bai, bai. Ez dugu egunero hitz egiten, baina hilabetean behin-edo bai. Greziako jokalari gutxi gaude ACB ligan, eta polita da gaudenen artean ondo moldatzea.

Aurreko sasoian ligako finala jokatu zenuten. Badakizu zaleek zer eskatzen duten. Presio hori nabaritzen al duzue zuek?

Nahi, nahi dugu. Hurrengo denboraldian Euroliga jokatzeko finala jokatu beharko dugu agian, baina finalera iristea ez da samurra. Aintzat hartu Bartzelona, Real Madril edo Baskonia menderatu behar dituzula. Real Madril edo Baskonia mendera ditzakegula uste dut. Euroligan gai garela erakutsi dugu, baina Bartzelona finala baino lehen egokitzen bazaigu...

Han eta hemen entzuten denagatik, badirudi inork ez duela zuen aurka jokatu nahi kanporaketetan, talde gaiztoa zaretelako. Ados?

Bat nator iritzi horrekin. Miribillan kanporaketetan irabaztea ez da erraza, CSKAk ere asko sufritu zuen. Etxetik urrun ere partidaren bat irabazi beharko dugu, eta hori zailagoa da.

Kontratua bukatuko zaizu txapelketa bukatzen denean. Nola dago kontua?

Orain arte albo batera utzita eduki dut kontu hori, kirol kontuetan murgiltzeko. Nire ordezkaria datorren asteartean etorriko da Bilbora, eta klubeko arduradunekin bilduko da. Nik Bilbon eta Gescrapen jarraitu nahi dut. Gustura nago eta bi aldeok akordioa lortzea nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.