Igandean zaratatsu zegoen Donostiako kaia; biharamunean, lasai dago ingurua. Herritar batek halaxe esan dio Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlariari: «Baduzue tokirik hainbeste bandera jasotzeko?». Eta besteak erantzun: «Lasai, ondo gordeta daude». Azken urteetan banderak irabazi eta irabazi ari da Donostiako taldea, eta uda honetan ere nagusi izan da. Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu, erakustaldia emanda.
Hirugarren Kontxako Bandera irabazi duzue jarraian; azken bost urteetan lau lortu dituzue. Erraz esaten da.
Atzera begiratuta eta pentsatzen jarrita, bat lortzearekin amesten genuen, eta laugarrena lortu dugu ja. Hitz handiak dira. Oraintxe, horretaz disfrutatzen ari gara.
Lan handia dago atzean, ezta?
Bai. Bost urtean lau liga eta lau Kontxa irabazi ditugu. Badirudi urte batetik besterako kontua dela, baina nik 2015etik ezagutu dut traineruaren eboluzioa, eta, azkenean, lehenengo urte horretako arraunkadetan hasi zen lana. Aisa esaten dugu, baina lan handia dago atzean.
Ospakizunak ondo joan ziren?
Bai, gustura. Kontxa Kontxa da, eta berezia da arrapalan jendearekin ospatzea. Banderarekin Konstituzio plazara joan ginen gero, eta han ere jende pila bat zegoen. Oso kontentu eta eskertuta gaude egon den erantzunarekin.
Irabazteko gosea ez zaizue amaitzen, ezta?
Ez, ez, ez, eta espero dugu ez bukatzea. Jendea pixka bat aspertuta-edo badago guk hainbeste irabaztearekin, baina taldean esaten dugun bezala, egunero lan egiten dugu hori lortzeko. Gosez segitzen dugu, eta espero dugu beste horrenbeste biltzen jarraitzea.
Denboraldia biribildu duzue: liga irabazi zenuten, eta orain, Kontxa. Gustura zaudete sasoian egindako lanarekin?
Bai, bereziki kontentu. Batez ere neguan zalantza dezente egon ziren. Beteranoenak ere mesfidantza puntu txiki bat bagenuen, arraunlari garrantzitsuek utzi zutelako trainerua. Kanpotik ere mezu negatibo dezente jaso genituen, eta kostatu zitzaigun. Baina, beste behin, demostratu dugu talde sendo bat garela. Inoiz baino gehiago elkartu gara, eta emaitzak hor daude. Ez da izan bide erraza, eta ez dut esango hasieratik uste genuela hau guztia lortuko genuela, baina egundoko taldea osatu dugu. Kanpotik etorri direnek ulertu dute zertara etorri diren, eta horrek ere asko erraztu du lana.
«Atzera begiratuta eta pentsatzen jarrita, Kontxako Bandera bat lortzearekin amesten genuen, eta laugarrena lortu dugu ja. Hitz handiak dira»
Kontxari dagokionez, lehen igandean bideratuta utzi zenuten bandera, erakustaldia emanda. Baina bigarrengoan ere ez zineten atzean geratu. Pentsatua zenuten nola jokatu?
Argi genuen bigarren iganderako kronometroa zeroan jarri behar genuela, eta txanda irabazteko asmoz atera behar genuela. Hamar segundo abantaila polita da, baina bi olatu on dira. Ahal genituen guk hartu, baina baita besteek ere. Lehen igandeko mentalitate bera genuen: estropada puskatzen saiatzea zen asmoa, eta lortu genuen. Uste dut garairik onenean iritsi garela Kontxara.
Lehen igandean itsasoa bare zegoen, eta bestean, zakar. Hala irabazteak meritu oraindik ere handiagoa du?
Arrauna arrauna da, eta baldintza guztietara moldatu behar dugu: errekara, itsaso barera, mugitura... Taldeak kanpotik mezu negatibo asko jaso ditu, eta urte osoan asko entzun behar izan dugu, ez dakigula itsasoan ibiltzen edo estropada txarrak egiten genituela. Mundu guztia zegoen itsaso txarraren zain, eta, azkenean, itsasoa zakar egonda ere, demostratu dugu. Poz doblea izan da, kanpotik jasotako mezu horiek guztiak isilarazi ditugulako. Erakutsi dugu baldintza horietan ere balio dugula.
Ustez kalerik txarrena tokatu zitzaizuen, eta itsasoa ere mugitua zegoen. Urduritu zintuzteten horrek?
Estropada haustera atera ginen. Lehen kalea ez dute askok nahi izaten, baina txarra duen hori ere beste momentu batean ona izango da. Talde honek konfiantza izaten du Donostian kale hori tokatzen zaigunean. Lasai geunden. Entrenatzailearen hitzak entzun, horretan konfiantza izan, eta gure estropada egitera atera ginen.
Tolosaldea izan da bigarren, eta Orio hirugarren. Baina dezenteko tarteaz irabazi duzue. Aurkariak nola ikusi dituzu?
Uste nuen, akaso, gehienbat lehen igandean, parekoago ariko ginela. Baina esandakoa: Arraun Lagunak-ek oraintxe konfiantza handia du taldearengan, entrenatzaile multzoarengan... Dena ematera ateratzen gara, besteei begiratu gabe.
Funtsezkoa da zuen artean giro ona izatea?
Bai, uste dut talde honen sekretua edo altxorra horixe dela. Egundoko multzoa dugu. Hogeiko talde batean beti daude liskar txiki batzuk, baina gaitasun handia dugu gauzak behar diren moduan hitz egiteko. Asko zaintzen dugu elkar.
«Mundu guztia zegoen itsaso txarraren zain, eta, azkenean, itsasoa egonda ere, demostratu dugu. Poz doblea izan da, kanpotik jasotako mezu horiek guztiak isilarazi ditugulako»
Laugarren Kontxako Bandera du Arraun Lagunak-ek, eta lau alditan taldean izan zara zu. Baduzu bat bereziki kuttuna?
Orain arte esaten nuen aurreko urtekoa zela, baina, egia esan, aurtengoa asko gozatu dut. Atzo, bukatu bezain pronto, esan nuen gogokoena aurtengoa dela. Ez dakit oraintxe irabazi dudalako den, baina kalean egon zen giroa... Geroz eta Arraun Lagunak-eko kamiseta gehiago ikusten dira, geroz eta zale gehiago, eta goxotasun hori nabaritu dugu. Kontxa ere hori da; Kontxa jendea da, Kontxa herria da. Urtez urte nabaritzen dugu inguruan askoz jende gehiago dugula, eta horrek egiten du berezi. Horregatik esango nuke aurtengoa bereziki gozatu dudala.
