Gutxitan hitz egiten du mikrofono eta kameraren aurrean Raul Lopezek (Vic, Herrialde Katalanak, 1980). Gescrapek Top16a hasi aurretik, lan hirukoitza tokatu zaio: klubaren aldizkaria, BERRIA eta beste komunikabide guztiak. Bukatutakoan, halako lasaitasun keinu bat egin dio Alex Mumbru kideari, «zer da hau» adierazi nahiko balu bezala.
Giro ona daukazue taldean. Asko lagundu al dute etxetik urrun lortutako azken bi garaipenek?
Noski. Taldean, ahalik eta garaipen kopuru handiena lortzeko ari gara lanean, eta horiek iristen direnean, ezberdina da aldartea. Bolada txarrean geundenean ere ez geunden haserre, arduratu samar baizik. Jakin bagenekien jarduna hobetzeko zorte apur bat, emaitza on pare bat falta zitzaizkigula, entrenamenduetako lana-eta ona zelako. Zaragozan eta Valladoliden ikusi da galdutako bederatzi partidetako batzuk agian ez direla merezitakoak izan.
Eskarmentu handia daukazu zuk: Girona, Madril, Utah, Mosku... Zenbateko garrantzia du garaipenek ematen duten indar berezi horrek?
Gure kasuan erabakigarria dela esango nuke. Oso talde emozionala gara, dauzkan sentimenduen arabera modu batera edo bestera jokatzen duena. Galdutako partidek min handia egiten digute, eta garaipenek, bada, kontrakoa. Demagun garaipenak direla gure arnasa, eta azken biek pasatako momentu txar guztiak alboratu dituzte. Eta bakarren batzuk egon dira.
Top16a orain astebete baino egokiago hasiko duzue, beraz?
Pentsatzekoa da baietz, baina liga kontu bat da, eta Euroliga bestea. Esan nahi dut, bolada txar batetik etorrita ere nire ustez puntu egokian hasiko genuen Europako lehiaketa, baina orain politagoa ikusten da mundua.
Zu zeu zara taldean Top16an partida gehien jokatu duena. Zer esan diezu taldekideei?
Ezer berezirik ez. Kideek badakite zer dagoen nik ezer berezirik esan gabe. Lasaitasun, zuhurtasun mezua ematen dut nik normalean, pausoz pauso joateko beharra.
Aurreko urteei erreparatuz gero, lau garaipen lortuta final-laurdenetara pasa litekeela ondoriozta daiteke.
Aurreko erantzunarekin lotuta, kalkulu eta zenbaki gehiegi aipatzen direla esango nuke, edo galdera hori oso sarri egiten duzuela kazetariok. Eta hiru garaipenekin nahikoa bada zer? Agian, bostekin kalean geratuko gara. Gogoratu zer gertatu zen lehen fasean. Goazen partidaz partida, eta aztertuko dugu kontua dagokion unean.
Etxekoak irabazi eta kanpoan garaipen bat lortuta nahikoa izan litekeela galdetu behar nizun.
Jokatu gabe helburuak finkatzea ere... Zertarako esaten da liga hasieran helburua hau edo beste da, partidarik jokatu gabe? Zergatik galdetzen da final-laurdenak jokatzeko gai izango garen, lehen partida jokatu aurretik? Ez dut oso ondo ulertzen. Ondo jokatzen baduzu, garaipenak lortu, aurrera egiteko aukera izango duzu. Ondo jokatuz gero, lan saioak ere onak dira, eta lan saioetan ondo aritzen bazara, beti iristen dira emaitza onak.
Zuen multzoko analisi labur bat egiteko modurik bai? Badirudi Montepaschi eta Real Madril koska bat gorago daudela. Horiek al dira lehen bi postuak lortzeko faboritoak?
Azter dezagun zein zaila izan den lehen ligaxka gainditzea eta beste taldeek zein bilakaera izan duten. Sienak sasoi asko daramatza Europako zortzi onenen artean, eta horrek zerbait esan nahi du. Badakite nola jokatu, nola irabazi. Real Madrili buruzkoak jakinak dira. Bartzelonaren pare dabiltza, eta argudio nahikoa da hori haien maila ona dela esateko. Guk final bat balitz bezala hartuko dugu partida bakoitza, irabaziko ez bagenu kalera joango bagina bezala.
Sasoi erdia joan da. Zer falta izan zaio taldeari Espainiako Kopatik at geratzeko? Zertan egin du kale?
Aurretik esan bezala, egindako oker batzuk oso garesti ordaindu ditugu. Oro har, erregulartasuna falta izan zaigu, zaku horretan dena sartuta: joko txarra, lesioak, konfiantza falta... Sarri hiru minutu txar jokatzen ditugu, eta dena harrikara bota. Ni neu ere udan iritsi nintzen, eta dezente kostatu zait taldeari neurria hartzea.
Bistakoa da hartu, hartu diozula, eta taldeak asko eskertu du zure laguntza.
Bata eta bestea lotzea ez da justua. Badirudi nire hobekuntzak taldearena ekarri duela, nire zenbakiak hobeak izan direlako lortu dituela garaipenak taldeak, eta ez da egia. Zaragozan, adibidez, ez nuen ondo jokatu, eta taldeak irabazi egin zuen. Aaron Jacksoni esker, batez ere.
Valladoliden, ordea, erabakigarria izan zinen.
Gehiago lagundu nuen. Arrakasta zenbakitan neurtuko bagenu, Alex Mumbruri monumentu bat egin beharko litzaioke, 26 puntu sartu zituelako.
Ez duzu sobera atsegin loreak entzutea, ezta?
Ez, nik saskibaloia talde kirol gisa ulertzen dudalako. Nik ondo jokatzen baldin badut, nire taldekide batek edo gehiagok ondo jokatu dutelako da. Nik ez dut hiruko bat sartzen talentua dudalako, edo baloi bat berreskuratu iaioa naizelako defentsan, taldekideek nik hiruko ona jaurtitzeko edo baloi hori berenganatzeko lan bikaina egin dutelako. Partida bat jokalari batek irabaz dezakeela esatea handiustez jokatzea da.
Hirira, taldera moldatzea espero baino nekezagoa egin zaizula esan duzu lehenago. Zergatik?
Arraroa da; ez dakit zergatik, taldean ezagun asko baititut. Eman zizkidaten erreferentziak bikainak ziren; joan den ligako finala ere gertutik bizi izan nuen... Bizi legea izango da!
Orain bi urteko udan ere zure izena bolo-bolo ibili zen prentsan, baina espero zena baino urtebete geroago etorri zinen.
Ez dakit zer esan zuen prentsak 2010eko udan, baina joan den udan etorriko nintzela uda baino lehenago nekien, bai.
Zergatik Bilbo?
Alex Mumbruren lagun ona naiz, eta hark emandako datuekin ez nuen zalantza asko izan. Moskun bi urteko zikloa osatu nuen, eta aldatzeko gogoa neukan. Kirol arloari dagokionez, normal hazi den talde bat da Gescrap, pausoz pauso baina etenik gabe. Urtero, pausotxo bat. Ezagutu ditut perretxikoen moduan hazi diren klubak, egun batetik bestera, eta ez neukan batere gogorik tamaina horretako esperientziarik berriro errepikatzeko.
Urte erdi egin duzu dagoeneko Bilbon; zer moduzko hiria da?
Erosoa. Henao kale bueltan ibiltzea gustatzen zait, eta, Getxon nagoenean, portu zaharrean pasieran ibiltzea. Han badaude jatetxe on batzuk, eta ez dut gehiago behar. Bai, liburu on bat, lasai-lasai irakurtzeko, eta erlojuari ez begiratzeko.
Egin berri dizuten galdera batean musikaririk gustukoena esateko eskatu dizute, eta Quique Gonzalez esan duzu, baina euskal musika ere gustuko duzula uste dut.
[Isiltasuna]. Pentsatzen dut euskal musika talde batzuen kontzertuetara joan garelako galdetzen duzula. Bide Ertzean taldea gustuko dut, melodia ederrak dituzte. Kontzertu baten bukaeran taldeko kideekin egon ginen solasean, eta harrituta geratu nintzen 36ko gerran euren aitonarekin gertatutakoa azaldu zigutenean, sortu zuten abestia eta beste. Berezia da, baina ulertzen ez dudan musika entzuteak asko lasaitzen nau. Katalanez ez dakizuenontzat Manel taldea entzutea bezala da. Polita.
Gaztetan ere Euskal Herriko musika ere entzun zenuela uste dut.
Bai, hala da. Vicekoa naiz, Bartzelonako herri batekoa, eta gaztea nintzenean han Kortatu eta Negu Gorriak taldeen musika jartzen zuten tabernetan. Moda euskal musika entzutea zen, eta ni bete-betean harrapatu ninduen. Herri berezia da Vic, eta garai hartako oroitzapen goxoak ditut.
Gaztetan utzi zenuen Vic, eta mundu erdian barrena ibili zara zure talentauri esker. Real Madril, Utah Jazz, berriro Real Madril, Khimki Moskun... Kirol ibilbide oparo horri begiratu, eta zer ikusten duzu?
Ez zait askorik gustatzen iraganera begiratzea. Gauza on asko pasa zaizkit, baina kolpe latzak ere jasotakoa banaiz, lesioengatik, eta nahiago dut baikor izan eta etorkizunera begiratu, iraganean pasatakoak gogoratzea baino.
Urte asko pasa dira, baina bere garaian John Stockton handia ordezkatzeko fitxatu zintuen Utah Jazz taldeak. Zerbait ona izango zenuen, ezta?
Stockton ordezkatzeko fitxatu nindutela esatea asko esatea da. Aukera gertatu zen, gaztea nintzen, arrakasta gosearekin, eta hara joan nintzen. Ni jokalari ona izatearen meritua jende askok dauka, ez nire talentuak bakarrik. Erakutsi zidatenek, buruz indartsu izan behar nuela esan zidatenek...
Noraino iritsiko zinen fisikoki hainbeste arazo izan ez bazenitu?
Ez diot galdera hori egiten neure buruari, majo sufritutakoa bainaiz. Bestela ikusten dut bizitza. Non nagoen, nola, zergatik... Erretiroa hartzen dudanean edukiko dut astia atzera begiratu eta nahi adina hausnartzeko.
Raul Lopez. Gescrap Bizkaiako jokalaria
«Talde lana da saskibaloia; ondo jokatzen badut, lagunak ere ondo jokatu duelako da»
Apala da izaeraz, eta loreak ez ditu gustuko. Top16az dio pausoz pauso joan behar dela, orain kalkuluak egitea «alferrikakoa» baita. Txoko polita bilatu du Bilbon, eta eroso dago; «funtsezkoa, lan ona egiteko». Eskatzeko aukera eman, eta erregulartasuna eskatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu