Atletismoa

Talde lanaren garrantzia

Markel Fernandez munduko txapeldunorde izan berri da pista estaliko 4x400 metroko txandakako mistoan. Atletak ezin hobeto ezagutzen ditu modalitate horren sekretuak.

Markel Fernandez, Basque Team Fundazioak Getxon duen kirol gunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Markel Fernandez, Basque Team Fundazioak Getxon duen kirol gunean. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
2026ko apirilaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atletismoa zerbait bada, bakarkako kirola da: atletak bere kasa aritzen dira modalitate ia gehienetan. Hala ere, badago talde lana oinarri duen proba bat: txandakakoa. Modalitate horretan, lau atleta aritzen dira talde bakoitzean, eta guztiek lekukoa eskuetan eduki ondoren lehenengo iristen denak irabazten du lasterketa. Proba horrek, gainera, badu beste berezitasun bat: emakumezkoak eta gizonezkoak elkarrekin aritzen dira. Txandakako mistoa deitzen diote horri, eta, horretan, bi emakumezko eta bi gizonezko aritzen dira. 

Horretan aritzen da Markel Fernandez (Sopela, Bizkaia, 2003), bikain aritu ere, pista estaliko munduko txapeldunorde izan berri baita 4x400 metroko txandakako mistoan. Espezialista hutsa da txandakakoetan, eta eskarmentu handia du. Ezin hobeto ezagutzen ditu txandakako bakoitzaren nondik norakoak. «Txandakatze mistoan, bi gizonezko eta bi emakumezko aritzen direnez, estrategia ezberdinak daude. Distantziak fintzea ezinbestekoa da, eta horretan ari gara orain», azaldu du.

Azpimarratu duenez, txandakako probetan «funtsezkoa» da «komunikazio ona» edukitzea: «Teknikak garrantzia du, baina espero daitekeen baino gutxiago. Hemen, kideak izan aurretik lagunak gara, eta hori funtsezkoa da gerora lasterketan konfiantza edukitzeko». Fernandez bakarka ere aritzen da 400 metrokoan. Hain zuzen, horretan aritzen da gusturen: «Ni 400 metroko probako lasterkaria naiz, eta, beraz, hori da nire probarik gogokoena. Hala ere, txandakakoek ere pozak ematen dizkigute».

«Teknikak garrantzia du, baina espero daitekeen baino gutxiago. Hemen, kideak izan aurretik lagunak gara, eta hori funtsezkoa da konfiantza edukitzeko»

Markel Fernandez Atleta

Atletismo pistak ez dira beti berdinak: batzuk pista estalikoak dira, eta beste batzuk, ez. Azaldu duenez, horrek «baldintzatu» egiten die jarduna: aire zabalekoak, askotan, «eguraldiaren eta klimaren mende» daude; pista estalian, berriz, «hezetasunak eta beste hainbat faktorek» dute eragina. Fernandezek batean eta bestean entrenatzearen aldeak xehatu ditu: «Pista estaliak 200 metro ditu, eta, beraz, bi itzuli eman behar ditugu 400 metro osatzeko». Etxetik gertu halakoetan entrenatzeko zailtasunak ditu: «Bizkaian ez dago pista estalirik, eta, ondorioz, Donostiako belodromora joan behar izaten dut entrenatzera». Hori horrela izanik, han egiten dituen entrenamenduek «garrantzi handia» dutela nabarmendu du: «Badakigu Donostiara entrenatzera joaten garenean entrenamendu on bat egitera joaten garela. Gainera, eguraldiak laguntzen ez duenean horrelako gune bat edukitzea garrantzitsua da».

Txandakakoetan lehiatzen nola hasi zen ere kontatu du: «Erreleboetan bat ez da bere horretan hasten. Nik 400 metroko proba egiten nuen, eta lehiaketetan erreleboetan aritzeko hautatu ninduten». 400 metro egiteak distantzia luzea egitea eskatzen du. Hori aski ez, eta ezin zaie erreleboa eskuetatik erori. Taldekideekin komunikazio ona eduki behar dute, aldaketa egokia izan dadin. Fernandezek akats horiek saihesteko gakoak azaldu ditu: «Erreleboa besteari emateko garaian, bi fase daude: ematea eta jasotzea. Erreleboa ematera zoazenean, garrantzitsua da bost metro aurretik prest egotea, eta besoa luzatzerakoan geldirik mantentzea, besteak errazago jaso dezan». 

Txandakako mistoetan, ordena ez da librea; finkatuta dago. «Orain urte batzuk finkatu zuen Nazioarteko Atletismo Federazioak errelebo mistoen ordena. Lasterketari gizonezko batek ekiten dio; ondoren, emakumezko bati pasatu behar dio lekukoa, eta hark beste gizonezkoari ematen dio lekukoa. Azkenik, taldeko beste emakumeak amaitzen du lasterketa». Fernandez lehena irteten ohi da: «Iaz ongi aritu nintzen irteeretan, eta, orain, hori da nire ohiko lekua». 

Domina, lanaren isla

Polonian jokatu berri den Pista Estaliko Munduko Txapelketan egin du Fernandezek bere kirol ibilbideko lorpenik handiena. «Orain arte egindako lan guztiaren isla izan da. Lan asko egin ondoren lortu dugu hau. Munduko Txapelketan domina bat irabaztea gauza handia da, eta gozatu egin behar da».

Baina Fernandezek gehiago nahi du, eta aurrera begira jarria dago. «Birminghamen [Erresuma Batua] jokatuko den Europako Txapelketa daukat begiz jota. Batetik, bakarka aritu nahiko nuke, eta ahal badut, finalerako sailkatu. Txandaka, berriz, ederra litzateke Europako txapeldun izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA