Laboral Kutxa taldeko txirrindularia

Usoa Ostolaza: «Talde onenen antza hartzen ari gara»

Ardenetako klasikoetan gozatua hartu zuen Ostolazak, baina gaixotu ere egin zen, eta ezingo da lehiatu Espainiako Vueltan. Pozarren dago, ordea, Laboral Kutxak Frantziako Tourraren gonbidapena jaso duelako. Taldearen «garapen azkarra» goraipatu du.

Usoa Ostolaza Fleche Wallonnen. SPRINT CYCLING
Usoa Ostolaza Fleche Wallonnen. SPRINT CYCLING
enaut agirrebengoa
2024ko apirilaren 27a
05:05
Entzun

Aurreko astean nekatu handia hartu zuen Usoa Ostolazak (Zarautz, Gipuzkoa, 1998) Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan. Ohi baino gogorragoak izan dira aurten, eguraldi txarraren ondorioz. Gaixo bukatu zuen Ostolazak, eta egunotan ezin izan dio buelta eman. Halabeharrez, kale egingo du Vueltan, Ane Santestebanek bezala. Laboral Kutxari zapuztu egin zaio sailkapen nagusian zeresana emateko helburua. Halere, «pozez txoratzen» daude taldean. Ez da gutxiagorako, aurten Tourrean ibiliko direla jakin berri baitute.

Asteazkenean jakin zen: Laboral Kutxak debuta egingo du aurten Frantziako Tourrean. Nola jaso duzue albistea?

Oso hunkituta gaude denok. Esperantza txiki bat bageneukan gonbidapena lortzeko, baina Girokoa errazago ikusten genuen. Asteazkenean atera zen albistea, eta pozez txoratzen gaude taldean. Gu Frantziako Tourrean: urte hasieran esan izan baligute… Gure ondoan daukagu Joane Somarriba, Tourra hiru aldiz irabazi duena. Horrek guztiak oso esanahi berezia du taldearentzat. Laboral Kutxaren maillota lehen aldiz Tourrean ikustea, Joaneren aholkuak jasota… hori izugarria da. Orain, ahalik eta mailarik onena eman nahi dugu Tourraren aurretik dauden lasterketa guztietan. Tourrak konfiantza handia jarri du gugan, eta orain gure gaitasuna eta gogoa erakutsi behar dugu.  

Vueltan ariko zarete igandetik aurrera. Joan zen astean, berriz, aurrenekoz aritu zineten Ardenetako klasikoetan. Zer iruditu zitzaizuen?

Guretzat oso garrantzitsua izan da lehen aldiz lasterketa hauetan parte hartzea. Gainera, irudi ona eman dugu. Gogorra izan zen astea, oso eguraldi txarra egin baitzuen. Fleche Wallonnen, hotzaz gainera, euria eta elurra izan genuen. Izoztuta gelditu ginen; bidoia zabaltzeko ere komeriak izan nituen. Hala ere, hamargarren postua lortu genuen Anerekin [Santesteban]. Sekulako poza hartu genuen postu horien borrokan ibili gaitezkeela ikusita. Apalago aritu ginen Lieja-Bastogne-Liejan; batzuk gaixo samar geunden. Orokorrean, esperientzia itzela izan zen. Nik neuk amets bat bete nuen.

Hazten ari zarete, eta funtsezkoa da zuentzat goi mailako lasterketetan aritzea. Halakoetan ikasten da gehien, ezta?

Taldeak helburu garbia dauka 2026ra begira: World Tourrera igotzea. Horretarako, puntuak behar dira, eta, era berean, proba onenetan esperientzia pilatzea. Lasterketa horietan aritzea da hazteko modurik eraginkorrena: aurkarien aldean zer gabezia dugun ikusi, eta akatsetatik ikasten dugu. Gorenera igotzeko, talde indartsuenei begiratu behar diegu, eta gauzak nola egiten dituzten ikusi. Eta, horretarako, haiekin batera lehiatzea da onena. Aukera ugari izango dugu aurten.

Gabeziak aipatu dituzu. Zertan duzue hobetzeko tartea?

Kontuan hartu behar da nondik gatozen. Gure taldea nahiko berria da, eta urtez urte jauzi handiak egiten ari da. Lehen egiten genituen hutsak jada ez ditugu egiten. Orain, xehetasunei begiratzen diegu. Adibidez, ondo kokatuta iritsi eta emaitza ona lortzeko, oso garrantzitsua da mendate nagusien aurretik egiten den lana. Lehen, ez genuen egiten lan hori. Baina garapen oso azkarra izan dugu. Talde onenen antza hartzen ari gara. Oinarria ondo menperatzen dugu; orain, huts txikiak egiten ditugu bakarrik. Halere, garrantzi handia ematen diegu. Etengabe hobetu nahi dugu.

«Motibazioa dakar puntu bila ibiltzeak, baina estresa ere bai. Lasterketa egun asko daude, eta gehienak txarrak dira, eta batzuk onak. Jakin behar da presioa kudeatzen»

Vuelta duzue orain, eta maiatzaren 10etik 12ra Euskal Herriko Itzulian ariko zarete. Ikasteaz gain, zer helburu izango duzue?

Bide onean goaz, eta motibatuta iritsiko gara. Egutegiko faserik garrantzitsuenetako bat da, eta oso gogotsu gaude. Aste honetan, gorputza bere onera ekartzea izan da helburua, aurreko asteko esfortzuen eta hotzaren ondoren. Niretzat, ez da posible izan: nahiko gaizki pasatu ditut egun hauek, gaixo, eta Vuelta ez dut egingo azkenean. Orokorrean, sasoiko ikusten dut taldea, eta postu onak eta puntuak lortzen saiatuko gara datozen lasterketa hauetan. Vuelta zortzi egun dira, eta erakusleiho polita izan daiteke guretzat.

Puntu bila zabiltzate, hori baita World Tourrera igotzeko bide bakarra. Bilaketa horrek estresa dakar?

Bai. Txirrindularitza, gaur egun, UCI puntuen menpe dago. Alde batetik, pizgarria da txirrindulariontzat, ahalik eta posturik onena lortu nahi baitugu denok. Talde onenek badakite elitean arazorik gabe mantenduko direla. Puntuekin ez dira itsutzen. Gu, ordea, igo nahian gabiltza, eta puntuen premia handia daukagu. Gainera, proba nagusietako gonbidapenak ere puntuen arabera ematen dira. Motibazioa hor dago, baina estresa ere bai. Lasterketa egun asko daude, eta gehienak txarrak dira, eta batzuk onak. Jakin behar da aurrera egiten eta presioa kudeatzen. 

Zu triatloitik iritsi zinen txirrindularitzara. Laboral Kutxak 2021ean deitu zintuen, eta, 2022 amaieran, arreta osoa ziklismoan jartzea erabaki zenuen. Apustuaz ez zara damutzen, ezta?

Hori da. Asko gustatzen zaidan kirol bat da triatloia, eta sekulako esperientziak bizi izan ditut. Baina lesio bat izan nuen ezkerreko sorbaldan, eta, osatu bitartean, txirrindularitza lasterketetan lehiatzen hasi nintzen. Laboral Kutxaren deia jaso nuen, eta baiezkoa eman nien, gertukoen gomendioz. Bi kirolak uztartzea zen nire ideia, baina, azkenean, ziklismoari heldu diot. Ez naiz inolaz ere damutzen. Nesken txirrindularitza gero eta profesionalagoa da, eta sekulakoa da prozesu horren parte izatea; etxeko taldean lehiatuz, gainera. Orain da garaia ziklismoaz gozatzeko. Triatloia hor egongo da, txirrindularitza uzten dudanerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.