«Taldea gaizki dago, baina lehiakorra da»

Euroligako Top16ri begira hiru egunetan ezin dela «miraririk» egin esan du Zan Tabakek, baina saiatu «saiatuko» direlaFelix Fernandez managerrak esan du «oraingoz» ez dutela jokalaririk aldatuko

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Buesa Arena barrutik ezagutzen du dagoeneko Zan Tabakek, Baskoniako entrenatzaile berriak. Eguerdian iritsi zen Gasteizera, eta atseden apur bat hartu ostean, komunikabideen aurreko agerraldia egin zuen, alboan klubeko Felix Fernandez managerra ondoan zuela. Hain zuzen ere, Fernandezentzat izan zen lehen galdera, eta zuzena. Ea Tabak ote zen klubak nahi zuen entrenatzailea: «Bai, gure lehen aukera izan da, nahi genuen entrenatzailea, eta gure filosofiarekin bat egiten duena. Eskarmentua du jokalari gisa, handia, eta entrenatzaile gisa ere esperientzia lortzen ari da pixkanaka».

Tabak beraren txanda izan ondoren, eta erabakia azkar hartu duela esan zuen: «Trefl Sopoteko agintariek erraztasunak eman dizkidate, eta ez da erabaki zaila izan. Beti izan dut talde handi bateko entrenatzaile izateko ametsa, baina ez nuen uste hain garaiz izango nuenik», esan zuen beste ezeren aurretik. Eskarmentuaren inguruan gauza asko esan direla jakitun zen, eta eduki badaukala esan zuen, galdetu gabe: «Ia zazpi urte daramatzat aulkietan, horietatik bi entrenatzaile nagusi gisa. Bada zerbait».

Bere joko ereduaz, «defentsa funtsezkoa» omen. «Ondoren, beste gauza guztiak eraiki daitezke, baina defentsa sendorik gabe, jai dago». Taldea nola ikusten duen galdetu zioten, eta zintzoa izan zen: «Gaizki, baina lehiakorra da. Talde bikaina ikusten dut;batez ere, kanpoko lerroan. Joko antolatzaile eta pibot sorta ahulagoa da agian, baina lehengaia badago borroka egiteko». Izan ere, Tabaken konpromisoa ahalegina egitea besterik ez da, oraingoz. Euroligako Top 16aren inguruko galdera sortarekin egin zuen hausnarketa: «Aukera egon badago, baina miraririk ezin da egin hiru egunetan. Zaila izango da aldaketa Kaunasen sumatzea, taktikoki eta teknikoki gauza gutxi alda daitezkeelako hiru egunetan. Asko jota, halako mentalitate aldaketa lortuko da».

Joan Plaza gogoan

Tabak Joan Plazaren ikasle izan da, eta haren aurka ariko da etzi, Lituanian. Kataluniarrak erabiltzen duen defentsa bera erabili zalea da Tabak, baina eraso jokoa ezberdina omen. Jatorriz Balkanetako eskolakoa izan arren, ACB ligako saskibaloitik edan duela esan zuen, eta bere estiloa Espainiakoa dela gehiago, hangoa baino. Jokalariak motibatzeko hartu dituen neurriez galdetuta, ondokoa esan zuen: «Jokalaria izan naiz urte askotan, eta entrenatzaile berri bat etortzeak berez motibatzen du jokalaria, entrenatzaileak ezer eskatu gabe. Jokalariak berez lortzen du iritsi berriaren aurrean lan ona egiteko nahia».

Jokalariren batek sistemak ez zituztela ezagutzen adierazi zuela esan zioten, eta Dusko Ivanovicen aldeko hitzak izan zituen: «Ez dut halakorik sinesten. Dusko nire laguna da, eta jokalari batek halakorik esatea ezinezkoa da, aitzakia susmoa hartzen diot». Ze jokalari mota atsegin dituen galdetuta, esaldi bakarra bota zuen: «Anbizioa, garaipen gosea duten jokalariak, eta Baskonian sorta handia dagoela esango nuke».

Prentsaurreko bukaerako bi galderak managerrarentzat izan ziren berriro, balizko jokalari aldaketen inguruan galdetzeko. Jakina da entrenatzaile berriak eskaeraren bat egin dezakeela. Fernandezek nahiko garbi utzi zuen halakorik ez dela gertatuko; ez oraingoz, behintzat: «Ez dugu jokalari berririk behar. Gasteizera etortzen den jokalariak badaki hemen zer lan eredu dugun». Hori entzunda, udan, taldea osatu zenean, akatsak egin ote ziren ere bota zioten. Ez zen galdera erraza erantzuteko, baina ondo atera zen jarri zioten ataka zailetik: «Ez. Garbi dugu entrenatzailea ez dela errudun bakarra, baina emaitzek agintzen dute kirolean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.