Bost urteren ondoren, Ipar Euskal Herriko txirrindulari bat profesional mailan lehiatzen ari da. 2021eko apirilean hutsunea utzi zuen Romain Sicard hazpandarrak, eta aurten, lekukoa hartu dio Ellande Larrondek (Sara, Lapurdi, 2006). Iaz hiru urterako kontratua sinatu zuen Caja Ruralekin, eta errepideko ziklismoan zertarako gai izan daitekeen jakin nahi du. Pistan, jadanik badaki goi mailan jardun daitekeela. Alde horretatik, eredu du Iuri Leitao taldekidea. Herrian jendea «harro eta pozik» ikusten du profesional bilakatu delako; era berean, Ipar Euskal Herrian ziklismoak indar handiagoa izatea gustatuko litzaioke.
Nola sentitu zara profesional moduan lehiatu zaren lehen lasterketetan?
Ez da izan nik nahi nuen hasiera. Gripea hartu nuen urtarril erdialdean, eta asko kosta zitzaidan osatzea. Valentziako klasikoan eta Pistako Europako Txapelketan lehiatuz abiatu nuen denboraldia, eta gorputza ez neukan behar bezala. Astebetez atseden hartzea erabaki nuen, eta ordutik indartu egin naiz. Orain, ondo nago.
Gripea harrapatu behar gorenean debuta egitear zinela. Urduritu egin zinen?
Ez: hobe da hori, denboraldi betean gaixotzea baino. Ez nintzen ondo hasi, baina ez da ezer gertatzen. Maila azkar berreskuratu dut. Egia da emaitza ona lortu nahi nuela Pistako Europako Txapelketan, eta pena eman zidan indar betean aritu ezin izateak. Dena den, banekien gripe batek ez zuela desagerraraziko daukadan gaitasuna.
Zer zentzutan nabaritu duzu zailtasunik handiena tropel profesionalean?
Lasterketetan, taldeen antolaketa zorrotzagoa da, eta ziklista bakoitzak bere tokia dauka. Horretara ohitu egin behar duzu afizionatu mailatik zatozenean. Eta abiadurari dagokionez ere, alde handia dago. Tropela ziztu bizian doa etapa lau zein menditsuetan. Erritmoa helmugatik oso urrun bizkortzen da, eta esprintak egin behar dituzu biribilgune bakoitzaren ostean.
Zer helburu izango duzu lehen denboraldi honetan? Emaitzei erreparatu beharrean, ikasteko eta egokitzeko urtea izango da?
Ez dut txoririk buruan. Badakit jauzi handia dagoela amateur mailatik profesional mailara, eta, horregatik, lehentasuna ikastea da eta sasoia fintzea. Esprintetan, adibidez, ulertu eta ikasi egin behar dut tropelean nola mugitu eta taktikoki nola jokatu. Emaitza aldetik ez dut helburu zehatzik. Hori bai, UCI puntuak lortzea gustatuko litzaidake, taldea lagundu ahal izateko.
«Lesaka eta Bera inguruan lasaiago sentitzen naiz mugaz bestalde baino, auto gidariak ohituago baitaude ziklista artean ibiltzera»
World Tourreko hainbat taldek begiz jota izan zaituzte, baina zure ibilbidea Caja Ruralen abiatzea erabaki duzu. Zergatik?
Etxetik gertu dagoen talde bat delako. Hobeto ezagutzen dut. Gainera, World Tourreko taldeek ez ninduten nahi lehen talderako, garapen talderako baizik. Gurasoekin eta nire prestatzailearekin hitz egin, eta denok ikusi genuen aukera hobea zela ProTeam mailako talde bat hautatzea. Garapen taldeetan, iruditzen zait ziklista bakoitza bere kasa dabilela, talde nagusira igo nahian. Caja Ruralen giroa bestelakoa da. Gainera, hemen erraztasun guztiak eman dizkidate ziklismoa ikasketekin bateratzeko. Ez duzu kirol emaitzekin itsutzeko presiorik. Hazteko eta ikasteko askatasuna dut talde honetan.
Gainera, pistan jarduteko baimena ere baduzu. Orain arte, diziplina horretan nabarmendu zara gehienbat.
Hala da. Adibidez, 2024an zilarrezko domina lortu nuen junior mailako Munduko Txapelketan, taldekako jazarpenean. Itzela izan zen. Hala ere, esan behar da errazagoa dela pistan distira egitea errepidean baino, lehiakide gutxiago baitaude. Niri bi diziplinak gustatzen zaizkit, bietan adrenalina handia sentitzen baita. Garbi dut, ordea, noizbait bien artean aukeratu behar badut errepidea aukeratuko dudala.
Ez errepidean, ez pistan: mendian hasi zinen pedalei eragiten, duela bost urte eskas. Lehenago, eskubaloian aritu zinen.
Pandemiaren ondorioz, asko zaildu zen eskubaloian jokatu ahal izatea. Hori horrela, mendiko bizikletan ibiltzen hasi ginen lagun bat eta biok. Lehiatzea baino gehiago, naturan abenturak izatea zen gure asmoa. Ordea, lasterketa batzuetan lehiatzea proposatu ziguten, etxetik gertu, eta, lortutako emaitzei esker, mendiko bizikletarekin Frantziako Kopako probetan aritzeko aukera lortu nuen. Pixkanaka, prestakuntza geroz eta serioago hartu nuen. Horrekin batera, 2023ko erdialdean errepidera pasatu nintzen. Pista ere gustatu egin zitzaidan, eta bietan egin nuen aurrera.
«Nire ametsik handiena puntako klasikoren bat irabaztea izango litzateke: Paris-Roubaix edo Flandriako Tourra, esaterako»
Zuri esker, Ipar Euskal Herriak txirrindulari bat izango du tropel profesionalean. 2021ean Romain Sicardek utzitako hutsunea beteko duzu. Garrantzitsua da hori zuretzat?
Garrantzitsua da bai niretzat, eta baita inguruko jendearentzat ere. Herriko jendeak ziklismoaz hitz egiten dit bakarrik. Harro eta pozik ikusten ditut. Egia esan, pena da Ipar Euskal Herriko ziklista profesional bakarra egotea. Nire taldekideek profesional artean entrenatzeko aukera dute, baina hori ezinezkoa da niretzat. Hegoaldean ziklismoak zaletasun handia du, eta oso garatuta dago. Hemen, ordea, oso bestelakoa da egoera. Taldeak, lasterketak... Hemen ez dago ia ezer. Horrez gain, Lesaka eta Bera inguruan lasaiago sentitzen naiz mugaz bestalde baino, auto gidariak ohituago baitaude ziklista artean ibiltzera. Ez dituzu gogaitzen.
Txirrindulari bat gorenean aritzeak ziklismoa ikusarazten lagun dezake?
Noski. Nire prestatzaileak Baiona ondoko klub batekin egiten du lan, eta gazte mailako txirrindulariek eredu gisa naukate. Egiten dudan guztiari erreparatzen diote. Polita da jendea inspiratzen dudala jakitea. Uste dut pixkanaka txirrindularitza garatzen ari dela, eta, alde horretatik, oso garrantzitsua litzateke egitura sendoa duen talderen bat agertzea. Gazte mailako taldeak izatea ez da aski; bestela, ziklistek ez dute garbi ikusten gerora zer egin dezaketen.
Eta zuk zer egin nahiko zenuke gerora?
Lehenik eta behin, profesionaletan nolako ziklista izan naitekeen jakin nahi dut. Ez naiz esprinter petoa izango, baina multzo txikietan azkarra naiz, eta hor ondo moldatu ninteke. Horrez gain, erlojupekoetan ere zeresana eman dezaket, pistako lanari esker. Igoeretan, ordea, hobetu beharra daukat. Ametsik handiena puntako klasikoren bat irabaztea izango litzateke: Paris-Roubaix edo Flandriako Tourra, esaterako. Frantziako Tourrean lehiatzea ere sekulakoa izango litzateke, eta taldeak aurten beteko du amets hori. Niretzat, ordea, goizegi da oraindik. Pistan, berriz, Los Angelesko Olinpiar Jokoak dauzkat begiz jota.