Bera Berako jokalaria

Mariane Fernandes: «Kopa irabazteko eskatu diet taldekideei: hori litzateke agurrik onena»

Espainiako Kopa jokatuko dute gaurtik igandera Donostian. Bera Bera Guardesen aurka ariko da gaur, final-laurdenetan. Baikor da Mariane Fernandes. «Sasoirik onenean gaude».

Mariane Fernandes. OSCAR ARAUJO
Mariane Fernandes. OSCAR ARAUJO
Julen Etxeberria.
2024ko maiatzaren 10a
05:10
Entzun

Asteazkena da, eta atseden eguna dute Bera Berako jokalariek. Hala ere, gimnasiora joan da Mariane Fernandes (Niteroi, Brasil, 1996). «Prest egon nahi dut Koparako». 

Gaur hasiko duzue Espainiako Kopa, etxean. Gogotsu zaudete?

Oso. Sekulako gogoa eta ilusioa dugu. Denboraldiko sasoirik onenean gaude, eta horrek konfiantza handia ematen digu. Gainera, oso pozgarria da etxean aritzea. Duela bi urte etxean jokatutako ekitaldiak utzi zigun aho zapore txarra gozatu nahi dugu. Uste dut oso Kopa polita izango dela.  

Ez duzue ahaztu duela bi urte gertatu zena: Guardesen aurka galdu zenuten finalerdietan.

Oraindik gogoratzen gara, bai. Iaz Kopa irabazi genuen, baina guk etxean irabazi nahi dugu, gure gertukoekin eta zaleekin; askoz politagoa da.

Duela 25 urte ez du irabazi Kopa txapelketa antolatu duen klubak.

Ea guk hausten dugun maldizioa! Bete-betean saiatuko gara.

Etxean jokatzeak dena du ona? Edo badu ezer txarrik?

Askoz gehiago du onetik txarretik baino. Presio handiagoa dago, baina ez gure artean, zaleen artean baizik. Ez dago etxean jokatzea baino ezer hobeagorik.

«Sekulakoa da 3.000 ikusleren aurrean jokatzea. Denak ez dira gure aldekoak, baina gehienak, bai. Ez dago horrela jokatzea baino ezer ederragorik»

Are gehiago pabiloian zale asko badaude. Duela bi urte, 3.000 pasatxo egon ziren Illunben, eta, aurten, beste horrenbeste egongo dira.

Sekulakoa da 3.000 ikusleren aurrean jokatzea. Denak ez dira gure aldekoak, baina gehienak, bai. Ez dago horrela jokatzea baino ezer ederragorik.

Zein da helburua? Kopa irabaztea?

Bai. Auskalo irabaziko dugun, baina guk beti jokatzen dugu irabazteko.

Guardesen aurka jokatuko duzue gaur, final-laurdenetan. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Zaila. Kopan ez dago partida samurrik. Ligan, irabazi egin genion hemen; han, ordea, galdu egin genuen. Edozer gerta daiteke.

Entrenatzailea aldatu du aste honetan. Zer egin diezaioke: mesede ala kalte?

Ez da gure arazoa. Guk gureari erreparatu behar diogu.

Zer egin behar duzue ondo?

Defenditu. Ondo defenditzea izango da gakoa partida guztietan. Sendo eta indartsu hasten bagara, asko zailduko diogu lana aurkariei.

«Denboraldiko sasoirik onenean» zaudetela diozu. Zergatik uste duzu hori?

Konfiantza handiarekin ari garelako. Nik bakarrik ez, taldekide guztiok uste dugu sasoirik onenean gaudela. Atzean utzi ditugu une txarrak. Orain, gozatu egin behar dugu, gure zaleekin eta gure sasoiarekin. Ondo jokatuta irabazi berri diogu Malagari ligako finalerdietako joanekoan. Nire ustez, merezi genuen alde handiagoz irabaztea.

«Nahasketa dut barruan: tristura eta poza dut. Baina ez da agur bat, gero arte bat baizik»

Zertan hobetu duzue?

Batez ere, defentsan. Talde honen indargune nagusia beti izan da defentsa, eta, azkenaldian, askoz hobeto ari gara. Hori izan da hobekuntzaren gakoa, baita pasatu ditugula pasatu beharreko une txarrak ere. 

Zeintzuk izan dira une txarrak?

Batetik, huts egin genuen irabazi beharreko zenbait partidatan. Bestetik, garai batean asko hitz egin zen jokalarion etorkizunaren inguruan: zeintzuk geratuko ziren, eta zeintzuk joan. Baina iragana da hori. Pasatu beharreko une txar horiek pasatu ditugu. Orain, gauza onak bakarrik etorriko dira.

Sasoi hasieran, Iberiar Superkopa irabazi zenuten; orain, Kopa jokatuko duzue; eta, gero, ligako finalerdietako itzulikoa. Helburuak betetzen ari zarete?

Ligan, nahiago genuen lehenak izan, Europan aritzea ziurtatuta izateko. Bestelakoan, helburuak betetzen ari gara.    

Taldea utziko dutenetako bat zara zu. Nolatan?

Gaizki pasatu dut. Hitz egiten hasi, eta negarrez hasten naiz. Bost urte egin ditut taldean, eta banuen gogoa beste herrialde eta liga bat ezagutzeko. Gainera, klubak ez zuen nirekin kontatzen datorren denboraldirako. Izugarrizko pena ematen dit lagunak, taldekideak eta hiria utzi behar izateak; izugarri gustura egon naiz hemen; nire etxea izan da. Baina, aldi berean, oso pozik nago egingo dudan aldaketagatik: Polonian ariko naiz, Zaglebie Lubin taldean, eta Txapeldunen Liga jokatuko dut. Gainera, taldekide bat izango dut ondoan: Malena [Cavo]. Baita herrikide bat ere. Ez naiz bakarrik egongo. Hala ere, gogorrak izaten ari dira azken aste hauek: guztiaz agurtzen ari naiz.

Gero eta gertuago dago agurra?

Bai, eta nahi baino lehenago iritsiko da; nahiago nuke egunak mantsoago joatea, gehiago gozatzeko; izugarri gozatzen ari naiz, ez bakarrik pistan, baita pistatik kanpo ere, taldekideekin eta lagunekin. Nahasketa dut barruan: tristura eta poza dut. Baina ez da agur bat, gero arte bat baizik.

Bueltatuko zara?

Oxala! Hori presidentearekin hitz egin behar da. Gustatuko litzaidake itzultzea, ondo agurtzea eta denbora pixka bat pasatzea.

Geratzen zaizuen guztia irabaztea litzateke agurrik onena? Lehenbizi, Kopa, eta, gero, liga.

Nahiko nuke! Mesedez Kopa irabazteko eskatu diet taldekideei. Nire azken Kopa, etxean, lagunen aurrean... hori litzateke agurrik onena.

Espainiako Kopa Donostian (Eskubaloia)
 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.