ACB ligako antolakuntzak hamar minutuko tartea eman die Espainiako Superkopa jarraituko duten kazetariei Buesa Arenan Baskoniako jokalarien jarduna ikusteko. Egunerokoan, Dusko Ivanovicekin, zaila da hori, eta hamar minutu nahikoa izan dira taldeko giroa ona dela jabetzeko. Marcelinho Huertasek (Sao Paulo, Brasil, 1983) Valentziako Rafa Martinez jokalaria agurtu du BERRIAko kazetariaren galderak erantzun baino lehenago.
Espainiako Superkopa beti iristen da garaizegi. Jokalariek astebete ere ez duzue egin elkarrekin, eta hori oso denbora gutxi da.
Bai, oso denbora gutxi da, baina horrek ez dauka bueltarik. Munduko Txapelketa bi aste atzera bukatu zen, eta ezinezkoa zen lanean elkarrekin lehenago hastea. Ez da izan beste aukerarik.
Zuretzat lehenago bukatu zen Munduko Txapelketa. Zer moduz ekin diozu denboraldiari?
Ondo, iaz baina hobeto. Niretzat bigarren urtea da hemen Gasteizen, talde barruko kontuak ezagutzen ditut, Duskoren sistemak ere bai [Dusko Ivanovic Baskoniako entrenatzailea], eta buelta erosoagoa izan da.
Asteartean jokatu zuen taldeak azken lagunartekoa, Kanaria Handiaren aurka, eta taldea ez zen guztiz ondo aritu.
Baina hori normala da. Saskibaloian ez dago miraririk, eta taldea osatzen ari denean ezinezkoa da ondo jokatzea. Taldea goitik behera aldatu da joan den sasoitik oraingora, eta hori barneratzeko denbora behar da. Splitter Europako pibot onena zen, eta gure ikurra; baina Tiago joan zen, eta taldeak beste erreferentziaren bat bilatu beharko du.
Stanko Baracek partida txukunak jokatu ditu. Nahikoa izango al da?
Stankok talentu handia dauka, baina ezin diogu Splitterrek egiten zuena errepikatzea eskatu, beste tankera bateko jokalaria delako. Bera da taldean dagoen pibot peto bakarra, eta bera kantxan ez dagoenean edo ondo jokatzen ez dugunean, asko sufritzendugu.
Eta zer egin gabezia hori estaltzeko?
Baskoniak bere ikur nagusia galdu du, baina trukean beste jokalari on asko irabazi ditu. Denok badakizue talde honek urtero berritu eta goi-goianmantentzeko gaitasun ikaragarria erakutsi duela, eta egoera horrek ez du zertan aldatuSplitter joan delako. Trukean hegaleko garai asko eta onak ditugula esango nuke, pibot petoak izan gabe kanpotik barrura azkartasun handiarekin jokatzen dutenak, eta baliabide horri etekina ateratzen saiatu beharko dugu.
Nemanja Bjelicari buruz ari zara, ezta?
Ez berari buruz bakarrik. Bjelicak egun batzuk bakarrik daramatza hemen, baina bikain jokatzen duela jabetu gara taldekide guztiak. Teletovic ere hor dago. Taldeko kapitaina da, eta oso motibatua ikusten dut. Haislip ere oso indartsua da. Talde polita ikusten dut.
Aldaketak aldaketa, ilusioa sumatzen da zaleengan. Osatu duzuen taldeak baikortasuna eragin du. Ados?
Jokalariok, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideek zabaldudituzten mezuak hori lortzeko egin dira. Zuk zerrenda batean Logan, Oleson, Teletovic, Bjelica, Haislip eta beste batzuk jartzen badituzu, zaila da zaleak talde hori txarra dela pentsatzea.
Joan den denboraldian ez zenuen Superkopa jokatu, min hartuta zinelako. Motibazio berezia horregatik?
Hemen motibazioa lortzea ez da zaila. Unea egoki-egokia ez dela esan dugu, baina titulu bat dago jokoan, eta horrek beti pizten du grina. Gainera, talde onenen aurka jokatzen duzu, eta denok nahi dugu ondo jokatu horrelako partidetan. Superkopa distira gutxien daukan titulua da, agian, eta Kopa ez jasotzea ez da hain larria.
Taldea bere puntu onenetik urrun dagoela-eta aitzakia itxura dauka baieztapen horrek...
Ez, ez, ezta gutxiago ere. Gu berde gaudela egia da, baina beste taldeak ere bai, eta gu Kopa altxatzen saiatuko gara, inork ez dezala zalantzarik eduki.
Atzo Josean Kerejeta presidenteak BERRIAri adierazi zion lehen hilabetean etxekoek ahalegin berezia egin beharko dutela, etorri berriak moldatu arte. Ados al zaude?
Bai, baina normala da hori esatea. Logan, Bjelica, Haislip eta beste ez dira herrenak, baina hasi eta berehala ez gara haiei kontuak eskatzen hasiko, ez?Ez dakit nork irabaziko duen Superkopa, baina gertatzen dena gertatzen dela ere, zer hobetu asko izango dugu, eta pazientzia apur bat eskatuko nizueke denei. Etxekoek erantzukizuna hartzeko beharrari buruz, eskatu gabe ere egiteko prest gaudela badaki presidenteak, eta talde lanean hilabete pasa daramatenek ere badakite beren lana zein den eta agian iritsi berri garenok baino lan gehixeago egin beharko dutela.
Nola ikusten duzu zeure burua?
Ondo nago. Munduko Txapelketan pilatutako nekea ez zensekulakoa izan, eta buruz ere nahiko fresko nagoela esan nezake.
Sinestea ere kosta egiten da, baina taldeko jokalari guztiak osasuntsu zaudete, jokatzeko moduan.
Agian joan den denboraldian jasan genuen lesio izurritearen ordaina izango da. Ez dut gogoratu ere egin nahi, baina zenbait unetan zazpi edo zortzi jokalarirekin jokatu behar izan zuen taldeak. Denak edo ia denak osatuta egon ginenean maila bikaina eman genuen.
Zuk zeuk jasan zenuen zigor handienetako bat. Ez ote da errepikatuko?
Batek daki. Kirol honetan muturrekoa da arriskua, baina ez gara gaizki hasi, eta ez da seinale txarra.
Asko sumatuko al duzu Tiago taldekide eta lagunaren falta?
Bai, jakina. Ederki moldatzen gara, baina bakoitzak bere bidea jarraitu behar du. Modu batera edo bestera izango dugu elkarren berri.
Nori emango dizkiozu aurrerantzean Splitterri ematen zenizkion asistentzia horiek?
Asistentziak saskiratzeko erraztasuna duen edonori. Stankori, agian, mutil ona da eta.
Marcelinho Huertas. Caja Laboral Baskoniako jokalaria
«Taldeko ikurra galdu dugu, baina trukean jokalari on asko irabazi»
Baskoniako jokalari onenetakoa izan zen joan den sasoian, eta taldea bizkar gain hartzeko erantzukizuna hartu beharko du, taldekideak moldatu arte. Tiago Splitterren kide eta lagun minak dio taldeak haren hutsunea ez duela sobera nabarituko. Taldea berde dagoela onartu du. «Baina besteak ere bai, eta Superkopa irabaz dezakegu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu