Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 5. etaparen kronika

Tantaka erori da birusa

Mikel Landak irabazi du bosgarren etapa, eguneko ihesaldian sartu eta Aiako aldapan erasoa jota.Gaur bukatuko da itzulia, 18,3 kilometroko erlojupekoarekin

Tantaka erori da birusa.
unai zubeldia
Aia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
«Gaizki». Hitz bakarrean. Arrunta zen galdera: «Zer moduz hasi da denboraldia, Mikel?». Ahotsak eman zuen epaia, telefonoaren beste aldean. Entzun ere ez zen egiten ia-ia hilabete atzera. «Zitomegalobirus batek erasan ninduen azaroan, eta bizpahiru hilabete galdu ditut», aitortu zion BERRIAri. Txirrindulari batentzat ez dago bizikleta gainean sufritu ezina baino gaitz larriagorik. Atzo ere, Aiako helmugan, ia entzun ere ez zen egiten Mikel Landaren ahotsa (Astana). Bustita zeuzkan ahots hariak. «Neguan nola ibili nintzen jakinda, are bereziagoa izan da garaipena». World Tourreko lehenengoa. Astana kinka larrian dagoenean lortu duena.

«Jende asko daukat gogoan momentu honetan». Arabarra larri ibili zen eskaintzak egiteko garaian. «Baina familiari eta lagun askori eskaini nahi diet hau». Familiari, lagunei... eta birusari. Aiako aldapan gora ezinean geratu zen birus malapartatuari. Begietara begiratu eta ezetz esan zion neguan, ahulduko zuela, bai, baina ez zuela mendean hartuko. «Eta hilabete barru lehian hastea espero dut». Martxoaren 7an BERRIAri esandakoa da hori. Negar malkotan, berekin nahikoa denbora igaro duela esan zion atzo murgiarrak birusari.

Hasi eta bukatu, zoragarria izan zen eguna. Etapa garaipena jokoan batetik, eta itzulia bestetik. Landa aurrean, eta Simon Yates (Orica), Sergio Luis Henao (Sky) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) atzean. Borroka nagusiak izan ziren horiek, irabazle nagusietako lau, Landaren iheskideen eta Nairo Quintanaren (Movistar) kaltetan. Baina izan ziren borroka txikiagoak ere.

Caja Ruralena, esaterako. «Ezinbestean». Amets Txurrukak (Caja Rural) bi aukera horiek jarri zituen mahai gainean Eibarren, etapa hasteko minutu gutxi falta zirela, eta, noski, baiezkoa izan zen emaitza. Etapa hastearekin batera, erasoka hasi ziren Caja Ruraleko bi txirrindulari oldarkorrenak, eta 31 laguneko ihesaldian sartu ziren Omar Fraile eta Txurruka bera. Tartean ziren Igor Anton (Movistar) eta Landa bera ere. Itziar gainerako bidean, minutu eta erdiko aldea hartuta zeukan ihesaldiak, eta lau minututik gora ere eraman zuten abantaila kilometro gutxi geroago.

Sky atzean lanean, eta Fraile, pixkanaka, mendiko maillota ziurtatuz. Valerio Agnolik eta Rein Taaramaek (Astana) gogotik lan egin zuten aurrean, Landaren mesedetan, eta ihesaldia hiru minuturen aldearekin iritsi zen Andazarrate gainera. Kilometro gutxi lehenago hartu zuen Katuxak ardura tropel buruan, Skyrekin lehia estuan. Aiatik Oriora jaitsita, lehia ikusgarria izan zen Astana, Movistar, Katuxa eta Skyren artean.

Kwiatkowskiren saialdia

Eta ez alferrik, %20tik gorako batez besteko aldapak zeuzkatelako zain. Aldapa tentetu berritan, Taaramae mugitu zen aurrean, bizikleta gaineko oreka joko zailean. Tim Weellems (Lotto), Tony Martin (Etixx), Landa... Espero bezala, Aiarako lehen igoeran erabat sakabanatu zen taldetxoa. Eta ezuste handia izan zen atzean, urrutitik mugitu zelako Michal Kwiatkowski (Etixx). Lotura lanak eginez, David De la Cruzek eman zion lehen bultzada, eta Tony Martinek bigarrena. Tentsio handia sortu zuen mugimendu horrek atzean.

Bost txirrindulari aurrean, Kwiatkowski eta Tony Martin tartean, eta Movistar buruan zela tropela Etixxekoei minutu erdiko aldea jan nahian. Horrela iritsi ziren azken zortzi kilometroetara, Errota jatetxerako bidean, baina Movistarrek hainbestean baretu zuen egoera, azken zati beldurgarrirako Etixxen saialdia ia ezerezean utzita. Quintanak huts egin zuen, ordea, gero.

Ordurako, Landaren mugimenduarekin Gallopin jokoz kanpo geratuta, etapa garaipena lantzen hasita zegoen Astana aurrean, eta neguko amorru guztiak bide bazterrean uztea erabaki zuen azken aldapa tentean. Atzean, berriz, Yates mugitu zen lehenengo, eta Henao eta Rodriguez gero. Hortxe ito zen Quintana. Erantzun ezinik, hamabi segundo galdu zituen helmugan.

Taldekideen babesik gabe, bakar lanean bukatuko da gaur Euskal Herriko Itzulia, Aian hasi eta amaituko den 18,3 kilometroko erlojupeko zailarekin. Eta dotorea izan daiteke saioa, erabat estu dagoelako sailkapen nagusia. Denbora berean daude Henao eta Rodriguez, zazpi segundora dago Simon Yates, hamabira Quintana, 22ra Michele Scarponi (Astana) eta Simon Spilak (Katuxa), eta 28ra Ilnur Zakarin (Katuxa) eta Ion Izagirre (Movistar). Atzoko etapako azken 18,3 kilometroak egin beharko dituzte gaurko erlojupekoan. Timo Roosen (Lotto-Jumbo) izango da abiatzen lehenengoa, 14:30ean, eta Henao azkena, 16:44an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.