TASek argitu nahi du eskumena ote duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasunari buruz erabakitzeko

Abuztuaren 29rako deitu ditu aldeak biltzera, eta haiei entzun ostean hartuko du erabakia. Eskumenik ez duela ebazten badu, baliteke auzia hor geratzea; bestela, agian urtea amaitu baino lehen izango da epaia.

Euskal selekzioko puntistak Nazioen Ligako podiumaren gorenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko puntistak Nazioen Ligako podiumaren gorenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko uztailaren 17a
15:11
Entzun 00:00:0000:00:00

TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak bilerara deitu ditu Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, Nazioartekoa, Espainiakoa eta Kubakoa, abuztuaren 29rako. Espainiako eta Kubako Federazioek inpugnatu egin zuten Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioartekoan sartzeko modua eman zuen bilera, eta TASek argitu nahi du eskumenik ba ote duen horri buruz erabakitzeko. Bilera iazko abenduaren 28an egin zen, eta epaitegi horretan bertan egin zuten inpugnazioa, aurtengo urtarrilaren 16an. Zera apelatu zuten: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren onarpena bera.

Eskumenik ez duela ebazten badu, auzia bere horretan geratuko da. Izan ere, Espainiako eta Kubako Federazioei agortu zaie beste epaitegi batzuetara jotzeko epea. Kontrakoa uste badu, berriz, inpugnazioa aztertu, eta litekeena da urtea amaitu aurretik izatea epaia.

Zesta Puntako Nazioen Liga izan zen euskal selekzioa ofizialki lehiatu zen nazioarteko lehen txapelketa, ekainean, eta horren ostean Josemari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, hauxe adierazi zuen auzibideaz BERRIAri emandako elkarrizketa batean: «TASek zera ikusi du, Espainiako Federazioak, gure eskubideen aurkako salaketa jarri arren, onartu egin duela guk antolatutako txapelketa batean parte hartzea. Javier Conde Espainiako Federazioko presidenteak berak sinatu zuen agiri bat txapelketako baldintza guztiak onartzen zituela esanez. Horrez gain, txapelketa aurretik egindako beste bilera baten akta ere sinatu zuten. Gu itxaropentsu gaude».

Mitxelenak beti defendatu du gauzak ondo egin zirela: «Gure ustez, gauzak ondo egin ziren bilera hartan. Espainiako eta Kubako federazioek ez zuten bozkatu ahal izan, zigortuta zeudelako. Gainera, guk ez genuen bilera hartan parte hartu. Gauza bakarra egin genuen: Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko kide izateko eskaria. Beraz, ez dugu uste TASek horren aurka ezer esan dezakeenik, gure eskubidea baita eskaria egitea». Espainiako Kirol Legeak dioena betetzea eskatzen du. «Bertan jasotzen diren baldintzak bete egiten ditugu. Espainiako Kirol Kontseilu Nagusiak hala berretsi digu. Guk zera eskatzen dugu, lege hori betetzea eta errespetatzea. Espainiako Kongresuak onartu duen lege bat da, eta besteak bezala bete egin behar da».

Bien bitartean, euskal selekzioa hurrengo txapelketak prestatzen ari da. Aurtengo beste txapelketa nagusietako bat 36 metroko Nazioen Liga izango da; azaroaren 23tik 30era jokatuko da, Bilbon. Eskuz, palaz eta zesta-puntan arituko dira, eta hautatzaileek jada egin dute lehenbiziko deialdia. Bertan dira, besteak beste, Olatz Arrizabalaga, Amaia Aldai, Enara Gaminde, Miren Arrillaga, Esteban Gaubeka, Xabier Ibargarai, Ibai Perez, Asier del Rio, Iker Gordon, Aritz Erkiaga, Unai Lekerika, Julen del Rio, Maia Goikoetxea, Helena Barrenetxea, Elaia Gojenola eta Eneritz Lizardi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.