Etorkizun handiko judoka da Ariane Toro Soler (Bilbo, 2003), baina oraina ere bada. Gaztea izanagatik, ibilbide oparoa du dagoeneko, eta onenekin ari da lehian, nor baino nor gehiago. Horren erakusgarri, hauxe: Parisko Grand Slam txapelketan zilarrezko domina lortu berri du. Finalerdietan munduko sailkapenean bigarren dagoen Mascha Ballhaus alemaniarrari irabazi zion, baina finala galdu egin zuen sailkapenaren buru den Distria Krasniqi kosovarraren kontra. Oraintxe, zazpigarren postuan dago Toro. «Apur bat amorratuta nago finalagatik, baina orokorrean gustura lehiaketan egindakoarekin. Txapelketa gogorra eta luzea izan zen».
Ez da Parisko Grand Slamean domina kolkoratzen duen lehen aldia: 2024an brontzezko domina lortu zuen. Iaz, berriz, zazpigarren geratu zen. Oraingoan, dominen lehian egotea zuen helburu, eta, ahal balitz, irabaztea: «Nire asmoa, lehiaketa guztietan bezala, ikasten eta hobetzen segitzea zen, eta, logikoki, nire lana ondo egin eta urrea irabazten saiatzea».
Gustura dagoen arren, autokritika ere egin du, eta aitortu du asko duela hobetzeko, baita irabazitako borroketan ere. Finalari erreparatu dio; aurrez jokatutako bost borroketatik, behin bakarrik zion irabazia Krasniqiri: «Konfiantzaz hasi nuen finala. Prest nengoen borroka gogor eta luze baterako, eta horretarako gogoz nengoen. Borroka hasi zenean, ondo sentitu nintzen, baina apur bat eskuinera mugitu nintzen batean, hark aprobetxatu eta lurrera bota ninduen». Aurkariak ippon bat egin zion Torori, eta hortxe amaitu zen lehia: Torok galdu egin zuen.
Hala ere, oro har, lan ona egin zuen judokak, eta gustura egoteko moduan da: «Borrokaz borroka joan nintzen. Gustura nago. Bigarren lehia Nanako Tsubone japoniarraren aurka nuen. Hilabete lehenago irabazi egin zidan, baina Parisen lortu nuen hura gainditzea. Gainera, nire lagunak joan ziren ikustera, eta nire gurasoak ere han zeuden. Oso txapelketa polita izan zen».Â
«Apur bat amorratuta nago finalagatik, baina orokorrean gustura lehiaketan egindakoagatik. Txapelketa gogorra eta luzea izan zen»
ARIANE TOROÂ Judoka
Sasoi betean dago Toro. Tokioko Grand Slamean brontzezko domina eskuratuta amaitu zuen urtea, eta Parisen zilarrezkoa lortuta ekin dio aurtengoari. «Oso ondo nago. Geroz eta hobeto sentitzen naiz, bai entrenatzen eta baita lehiatzen ere». Horiek horrela, konfiantzaz ari da. Azken urteetan, batez ere, «tatamian egoteko moduan» egin du aurrera: «Olinpiar Jokoen ostean, heldutasuna lortu dut, eta horri esker nago ia beti dominen borrokan».
Hain zuzen, 2024an lehiatu zen Toro estreinakoz Olinpiar Jokoetan, baina zapore garratza geratu zitzaion eta «triste» bukatu zuen, lehen borroka galdu egin baitzuen Sosorbaram Lkhagvasuren mongoliarraren kontra; hala, minutu gutxian, agur esan zion ametsari. «Olinpiar Jokoak bukatutakoan, nire amari esan nion domina olinpiko bat nahi nuela, baina nire helburua zela beti egotea dominen borrokan, podiumean. Horretarako, maila ona izan eta tatamian egonkortasuna lortu behar nuen. Horretan ari naiz».
Ilusioz ari da lanean, eta argi du: «Nire kirol ibilbidea hasi besterik ez da egin».
Egutegi betea
Judoak denbora asko eta lan handia exijitzen duela kontatu du Torok. «Egun guztia, goiz eta arratsalde, entrenatzen gaude». Baina maite du kirola, eta gustura aritzen da.
Pariskoa eta gero, ez du atseden hartzeko tarte handirik izango, egutegi bete-betea baitu aurretik. Besteak beste, martxoaren 6tik 8ra Austriako Grand Prix lehiaketan hartuko du parte, apirilean Europako Txapelketa jokatuko du, eta urrian Munduko Txapelketa.
Prest eta gogoz dago, eta inguruan badu babesa. Familia judozalea da Tororena. Haren gurasoak judoka ohiak dira. Amak, Yolanda Solerrek, domina olinpiko bat irabazi zuen 1996an, Atlantan. Aita, berriz, Jose Toro, haren entrenatzailea da. Amaren bideari segitu nahi dio alabak, eta halaxe esan du: «Umetatik olinpiar medaila bat lortzea da nire ametsa. Nolabait, beti ditut buruan Jokoak, baina urratsez urrats joan nahi dut, denboraldiz denboraldi, lehiaketaz lehiaketa».
Los Angelesen (AEB) jokatuko dira hurrengo Olinpiar Jokoak, 2026an. Denbora du hobetzen eta eskarmentua hartzen joateko, eta, zergatik ez, ametsa betetzeko.