Futbola

Tentsioa zelaian askatu nahi du Realak

Txuri-urdinen entrenatzaile berria zein izango den oraindik argitu gabea den honetan, Ansotegik azkenekoz zuzenduko du Reala gaur, Valentzian, Levanteren aurka. Aurkaria azken postuan dago, eta puntu bakarra lortu du azken zazpi jardunaldietan.

Mikel Oiartzabal. ANDER URIA
Mikel Oiartzabal, aste honetan, Zubietan entrenatzen. ANDER URIA
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2025eko abenduaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da giro Realean. Tentsioa agerikoa da Zubietan. Igandean klubak Sergio Francisco entrenatzailea kargutik kendu ondotik, Ion Ansotegi Reala B-ko entrenatzailea ari da talde nagusia zuzentzen, klubak beste entrenatzaile bat ekarri bitartean. Berriatuko entrenatzaileak (Bizkaia) gainditu zuen lehen azterketa, Espainiako Kopako final-hamaseirenetan Eldense kanporatuta. Emandako itxurak, baina, ez zituen ase zale txuri-urdinak. Ohiko mamuak agertu ziren berriz ere: baloiarekin argitasuna falta izan zitzaion Realari, eta, defentsan kamuts aritu zen, intentsitaterik gabe. Nolanahi ere, etxeko lanak eginda itzuli ziren txuri-urdinak Donostiara.

Zubietan nabari den tentsioa zelaian askatu nahi dute txuri-urdinek, eta gaur daukate hori egiteko aukera, Levanteren aurka, Valentzian (16:15, Movistar). Aukera aproposa dirudi, aurkaria azkena baita sailkapenean: ligan, azken zazpi partidetatik sei galdu ditu, eta bat berdindu; Kopan, berriz, Cultural Leonesak kanporatu berri du.

Urtea amaitu aurreko azken partida jokatuko du Realak, eta, sailkapenari begiratuta, Gabonetan jaitsiera postuetan egon edo ez, horrek asko baldintzatu dezake aurrera begirako motibazioa, baita begirada ere. Oso bestelakoa baita zulotik zertxobait aldentzea edo hartan bete-betean sartzea. Gaur-gaurkoz, Donostiako taldeak puntu bakarrera ditu jaitsiera postuak. Garaipenaz gain, bestelako gauza onik ere atera daiteke Eldenseren aurkako partidatik. Luka Sucicek gola sartu zuen, partida amaitzeko hamabost minutu falta zirela zelaira irtenda. Joan den denboraldian, Imanol Alguacilen aginduetara, ezinbestekoa jokalaria zen hamaikakoan: erdilari kroaziarra ondo aritu zen ordura arte Mikel Merinok betetako postuan. Harik eta otsailean belaunean min hartu zuen arte Midtjylland taldearen aurka. Sergio Francisco taldera ailegatuz geroztik, ordea, bi partidatan baino ez da atera hasieratik: Espanyolen aurka, ligan, eta Negreiraren aurka, Kopan. Bada, etorriko den entrenatzailearen lanetako bat Sucic bete-betean aritu dadin lortzea izango da.

Oiartzabal, jokatzeko prest

Halaber, aste honetako albisterik onena da Mikel Oiartzabal jokatzeko moduan egongo dela. Ikusteko dago Ansotegik gaur hasieratik zelairatuko duen edo ez. Ligako azken hiru partidetan jokatu gabe egon ostean, Realeko kapitaina deialdian sartu zen Eldenseren aurkako lehian, baina ez zuen jokatu. Hura gabe, taldeak ligan jokatutako azkeneko hiru partidak galdu ditu.

Oiartzabal jokatzeko prest dago; ez, ordea, Orri Oskarsson. Aurrelari islandiarrak taldekideekin entrenatzen hasi da aste honetan, baina oraindik ez dago sasoi betean, eta Ansotegik nahiago izan du hura ez sartu deialdian. Oskarssonek giharretako lesioa izan zuen abuztu amaieran, eta geroztik ez du jokatu. Urrian, osatzear zela, berriz ere min hartu zuen. Hori dela eta, Ansotegik tentuz jardun du.

Yangel Herrera, berriz, osatu ezinik dabil. Irailean fitxatu zuen klub txuri-urdinak, Sergio Franciscok hala eskatuta, eta, geroztik, hiru partida bakarrik jokatu ditu. Gainerakoan min hartuta egon da. Bazirudien aste honetan zela berriz entrenatzen hastekoa, baina min hartu du berriro: oraingoan eskuin soleoan ez, baizik eta ezkerrekoan. Aurreikuspenen arabera, urte hasieran egongo da berriz jokatzeko moduan. Ander Barrenetxea ere arrastaka dabil: eskuin soleoan min hartu zuen Gironaren aurka. Ansotegik ez du sartu deialdian. Aldiz, Umar Sadiq deialdian dago berriro, Eldenseren aurkakoan ondoezik egon ondotik.

Berriatukoak irabazi egin nahi du. «Ez haiek eta ez gu ez gaude ondo konfiantzaz, baina aukera ona dugu itxura ona eman eta irabazteko. Saiatu behar dut jokalariei konfiantza helarazten, gauzak egitera ausartu daitezen. Lehen Mailako aurkaria da Levante; beraz, oso lan ona egin beharko dugu irabazteko. Taldea bizirik, batua eta irabazteko gogoz ikusten dut». Argi du bere helburua: «Nire nahia da ahal dudan guztia egitea Realari dena ondo joateko, izan lehen taldean, Reala B-n edo tokatzen zaidan tokian».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.