NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak maiatza erdialdean onartu zuen emakume kirolariei emakumezkoen kategorian lehiatzeko test genetiko bat egitea. Neurriak zientzialari, mediku eta genetikari askoren kritika jaso du, eta kritika horiek bultzatuta agiri bat ere kaleratu dute. Horrekin bat egin du EHUko Aktiboki ikerketa taldeak. Bertako kide da Ekain Zubizarreta, eta argi du NOBek atzerapausoa eman duela hori onartuta.
Zergatik erabaki duzue ikerketa taldeko kideek agiriarekin bat egitea?
Duela bi urte jarri genuen martxan Aktiboki ikerketa taldea EHUren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Graduan, Gasteizen. Talde moduan, bestek beste, elkarlanean ari gara LGTBI kolektiboarekin. Ni neu, EHUn lanean hasi aurretik, kanpoan izan nintzen, Nanterreko Unibertsitatean, Parisen. Han egin nituen masterra eta doktoretza, eta emakumeen kategorian lehiatzeko araudiaren inguruan egin nuen. Orduan Madeleine Pape ezagutu nuen. Atleta izan zen, eta, besteak beste, Caster Semenyarekin lehiatu zen. Harreman polita egin genuen, eta artikulu bat idatzi genuen elkarrekin. Hala, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak jakinarazi zuenean emakume kirolariei test genetiko bat egingo ziela emakumeen kategorian lehiatzeko, Sports and Human Rights Network nazioarteko sareko kideek idatzi ziguten. Haiek egin zutena zera izan zen: testu bat landu, gertatzen ari zena azaldu eta horrek zer ondorio zituen argitu. Testu hori oinarri hartuta, hura egokitu eta beste bat kaleratu dugu, gure iritzia emateko. Araudia ez da ez neutrala, ez objektiboa, ezta zientifikoa ere.
Agirian zera diozue: Nazioarteko Olinpiar Batzordeak «atzerapauso olinpiko bat» eman duela test genetiko hori eginda. Zergatik?
Horrelakoak egin izan zirelako aurretik, eta 1990eko hamarkadan bertan behera geratu zirelako. Orduan argi geratu zen ez zutela beren funtzioa betetzen, eta onura baino gehiago kalte egiten zutela. Lortzen zuten bakarra zera zen: hainbat emakume kirolari diskriminatzea eta modu bidegabean kirol jardueratik kanpo uztea. Kritikak jaso zituzten alde askotatik. SRY genearen presentzia da orain test horren bidez bilatzen dutena. Gene hori topatu zuen genetikariak berak argi esan zuen gene hori edukitzeak ez duela esan nahi aktibo dagoenik, ezta zure sexu garapenean eragina izango duenik ere. Izan ere, beste hormona batzuekin batera egiten du lan. Gainera, ez dago ikerketa genetikorik gene horren presentzia ahalmen fisiko handiagorekin lotzen duena.
Zergatik hasi ziren halako praktikak ezartzen?
1960ko hamarkadan hasi ziren aplikatzen, Gerra Hotzaren testuinguruan. Sobietar Batasuneko emakumezko atletak garaipen asko ari ziren lortzen, eta askok uste zuten abantaila fisiko bat zutela, oso gihartsuak zirelako. Denok dakigu dopina hor zegoela. Gainera, emakume horiek hemengoak baino askeago ziren, eta beste baldintza batzuk zituzten entrenatzeko. Susmoak baino ez ziren, baina baliatu egin zituzten. Gizonezkoak zirela esaten zuten. Hala, lehiatzen hasi aurretik haiei probak egiten hasi ziren. Hasieran zuzenean biluzik jartzera behartzen zituzten, eta gero hasi ziren genetika kontuekin. Ordutik etengabe aldatu zituzten araudiak. 1990eko hamarkadan NOBek praktika horiek eten egin zituen. Nazioarteko Atletismo Federazioak 1992tik zeukan etenda. Baina etenda ere isilpean egiten zituzten susmoa zegoen. 2010eko hamarkadan Casper Semenyaren kontrako neurriak martxan jartzen hasi ziren, eta gauza zehatzagoak aztertzen hasi ziren: adibidez, testosterona. Gero intersex edo DSD parametroak neurtzen hasi ziren. Baina berriro ere atzera egin dute.
«Atzera egin dute test genetikoak berriro martxan jarrita. Garai batean funtzionatu ez zuten neurriak jarri dituzte martxan».
Kirolari bakar batek ere ez du jo araudi berri honen kontra. Zergatik?
Araudi hau ez. Baina aurreko hamarkadan Dutee Chandek eta Caster Semenyak auzitara eraman zituzten IAAFen araudiak. Ez da erraza. Kirolariei kostatu egiten zaie, eta ulergarria da. Alde batetik, diru asko gastatu behar da auzitara jotzeko; eta, bestetik, babesa behar duzu. Horrekin batera, hori egiteak estigmatizazioa ekar diezaioke kirolariari. Gainera, halako auziek luze jotzen dute, eta amaitzerako, agian, kirolariaren ibilbidea amaituta egongo litzateke. Gainera, prozesu gogorrak izaten dira. Auzitara jo gabe ere, kirolariak asko sufritzen du. Gogoan izan Parisko Olinpiar Jokoetan zer-nolako egoerak bizi behar izan zituen Imane Khelif boxeolariak. Araudi honek kirolari horien estigma areagotuko du, eta kirol jardueratik kanpo utziko ditu. Gainera, kontuan izan ez dela elite mailako kirolarietara mugatzen. Bestalde, herrialde batzuek araudia baliatu dezakete kirolean emakumeen parte hartzea are gehiago mugatzeko.
Orain arteko neurriek porrot egin dute, ezta?
Zalantzarik gabe. Casger Semenyak kritika gogorrak jaso zituen parte hartu zuen azken Olinpiar Jokoetan. Lynsey Sharp lehiakidea gogor mintzatu zen haren kontra. Biktima rola hartu zuen Sharpek, kontuan hartu gabe zein gogorra izan zen Semenyak bizi behar izan zuena. Halakoetan ikusten da emakumezkoen artean ere kirola lehia dela, eta aurkariari zer gertatzen zaionak ez dituela kezkatzen. Kasu batzuetan, emakumezkoek eskatu dituzte test genetiko horiek. Aurkariarekiko mesfidantza ere hor egoten da ia beti. Alde horretatik, kirola oso bortitza da.
Legelari askok ere ohartarazi dute halako araudi batek bide motza izango duela.
Hala da. Datuen babeserako zenbait herrialdetako araudiek debekatu egiten dute halako testak egitea: Australiakoak, Kanadakoak. Positibo emanez gero, nahiz eta emaitza jendeari ez jakinarazi, kirolari hori lehiatik kanpo geratuko lirateke. Beraz, jendeak emaitzaren berri izango luke nolabait, eta kirolariaren intimitate eskubidea urratu egingo litzateke.
Bi urte barru dira Olinpiar Jokoak. Zer gertatuko da?
Ikusi beharko da. NOBek martxan jarri du araudia, baina gero nazioarteko federazioen esku utzi du horren inguruko ardura. Gainera, badirudi nazioarteko federazioek herrialdeetakoei eskatuko dietela beren izenean doazen kirolariak araudia beteta doazela bermatzea. Oso egoera konplexua da. Bestalde, kirolarien aldetik mugimendua falta da, baita batasuna ere. Informazio eta ezagutza falta egon daiteke horren atzean, esan bezala zalantzak asko direlako. Mugimenduren bat egonez gero, uste dut bakarka izango dela. Hau da, kirolari batek bere kabuz egingo du. Gero giza eskubideei lotutako taldeek hura babestuko dute. Dena den, oraingo honetan bada gauza esanguratsu bat: Kirol Zientzien Medikuen Elkartea bera aurka azaldu da. Hori ez da ohikoa, ikuspegi oso itxia izaten baitu.
Hala izanda, NOBek zergatik ez du atzera egin?
Ez dakit egunen batean jakingo ote dugun NOBek zergatik hartu duen erabaki hori. Ziurrenik interes politikoren bat egon da atzean. Iruditzen zait sortu den harrabotsa ikusita orain itzaletik eraman nahiko dutela kontua.