Frantziako Tourra

Tim Wellensek irabazi du Frantziako Tourreko 15. etapa

Flandriarrak 43 kilometroren faltan jo du erasoa, eta bakarrik helmugaratu da. Victor Campenaerts izan da bigarren.

Tim Wellens, gaur, Carcasonako helmugan. MARTIN DIVISEK / EFE
Tim Wellens, gaur, Carcasonako helmugan. MARTIN DIVISEK / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 20a
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Ihesaldirako egun egokia zen gaurkoa Frantziako Tourrean, eta halaxe izan da. Pirinioak igaro berritan, Tim Wellens (UAE) nagusitu da Carcasonako helmugan, 43 kilometroren faltan erasoa jo eta bakarrik iritsita. Normalean Tadej Pogacarrentzako lanean jarduten du, baina gaur erakustaldia eman du flandriarrak.

Abagune egokia zela jakinda, dozenaka txirrindulari jo ta su aritu dira lehen metroetatik ihesaldia osatzeko lanean. Kostata osatu da lehen tropeltxoa: Campenaerts, Van Aert, Wellens, Powless, Mohoric, Groves, De Lie, Van der Poel... Atzean, ihesaldia harrapatu ez duten taldeak ibili dira tiraka. Geroago ere izan dira eraso gehiago, eta horietako batean sartu da, besteak beste, sailkapen nagusiko hamargarren sailkatua, Carlos Rodriguez.

Pas du Santen, bigarren mailako mendatean, Michael Storerrek hartu die aurrea ihesaldiko ziklistei, eta Quinn Simmonsek soilik jarraitu dio. Gero, bi horiek harrapatu egin dituzte Wellensek eta Campenaertsek. Australiarrak egin ditu ihes egiteko saiakerak, baina eraso ona Wellensena izan da azkenean, etapa bukatzeko 43 kilometro falta zirela.

Aurkaririk ez

Azken kilometroak azkarrak izan dira, beheranzkoak nagusiki, eta ibilbide horretan indartsuena izan da Wellens. Helmugan minutu eta erdi baino gehiago atera dio bigarren sailkatu den Campenaertsi, eta, haren atzetik, tropelean helmugaratu dira gainontzeko iheslariak. Julian Alaphilippek eskuratu du hirugarren postua.

Sailkapen nagusiko lehen postuetan aldaketa bakarra izan da: ihesaldiari esker, Carlos Rodriguezek aurrea hartu dio Ben Healyri, eta bederatzigarren da orain. Bihar Tourreko bigarren eta azken atseden eguna izango dute txirrindulariek, eta asteartean Alpeetara helduko dira, Mont Ventouxera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.