Titulua, ilusioa eta iraupena

Gaur hasiko da Lehen Maila, 16 talderekin, eta tartean izango dira Athletic, Reala eta Lagunak, punta banako helburuekinRayoren zelaian ekingo dio Realak ligari; eta derbia izango da Lezaman: Athletic-Lagunak

Athleticeko eta Realeko jokalariak, joan den igandean, Beasainen, Loinaz futbol zelaian, Euskal Herriko Kopako finalean; txuri-urdinek irabazi zuten, 2-0. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Eraldatuz-eraldatuz, Lehen Maila ari da gorpuzten. Hiruzpalau urteko aldaketa fasean sartuta, Lehen eta Bigarren Maila sendoak osatu nahi dituzte emakumezkoen futbolean. Hemezortzi talde ziren aurreko denboraldian Lehen Mailan; hamasei dira sasoi honetan. Eta bertan segitzen dute hiru euskal taldek: Athleticek, Realak eta Lagunak-ek. Titulua buruan dutela ekingo diote ligari bizkaitarrek; koska bat gora egin nahiko lukete gipuzkoarrek; eta irautearekin nahikoa dute nafarrek. Levante-Prainsa partidarekin hasiko da liga, gaur, 17:00etan, eta ordubete geroago ekingo dio lehiari Realak, Rayo Vallecanoren zelaian, 18:00etan. Athleticek eta Lagunak-ek lehen euskal derbia jokatuko dute bihar, 11:00etan, Lezaman.

Sailkapenean mutur banatan egon beharko lukete hiru euskal taldeek. Goialdean, Athletic ageri da. «Blokea orain arteko berbera da, eta, ondorioz, helburua ere bai». Juan Luis Fuentes entrenatzaileak argitu duenez, hiru jokalari fitxatu dituzte zuri-gorriek. «Leire Landa Atletico Madriletik, Eunate Arraiza Lagunak taldetik, eta Ane Otxoa de Zuazola atezaina Aurrera Vitoriatik, lehen eta bigarren talderako, Jone Guarrotxenarekin gertatuko den moduan». Silvia Ruiz eta Sandra Garcia ere lehen taldera igo dituzte.

«Bartzelona, Rayo, Espanyol... horiek izango dira aurkari gogorrenak». Atletico Madril, Levante, Reala, Prainsa... horiek ere ez ditu ahaztu, hala ere, bizkaitarrak. «Oso zaila izango da aurreko denboraldiko puntu kopurura gerturatzea, baina goi-goian egotea da helburua, gaitasuna badaukagula uste dudalako».

Erabat bestelako egoeran dago Lagunak. «Bi talde kaskarrago aurkitzea da kontua». Alvaro Meoki entrenatzailearenak dira hitzak. Aste honetan hartu du kargua. Cesar Luengok ekin zion denboraldi-aurreari, baina laugarren astean utzi egin zuen entrenatzaile postua, «arrazoi pertsonalengatik». Meokiri deitu zion azkar Lagunak-ek. «Eta ez nuen zalantzarik izan». Taldea oraindik ez du behar bezala ezagutzen. «Arraroa da egoera. Baina entrenatzaile talde ona daukat inguruan, eta euren babesa izaten saiatuko naiz hasiera honetan».

Nafarroako hainbat taldetan aritu da Meoki entrenatzaile karguan, Izarraren maila gehienetan bereziki, eta hamalau urteko esperientzia dauka gizonezkoen futbolean. «Ikusiko dugu emakumezkoenera zer moduz egokitzen garen». Egutegia aldrebes samarra tokatu zaie egokitze lan horretarako. «Baina nahiago dut lehen partidetan aurkari gogor horien aurka jokatzea, taldea gorpuztuz joateko, eta aurkari zuzenen aurka geroxeago jokatzeko».

Aurrekonturik apalenetakoa dauka Lagunak-ek. «Baina lehiakorrak izatea da helburua, fisiko eta taktika aldetik indartsuak izatea. Etxean puntu asko lortu beharko ditugu mailari eusteko». Hutsune batzuk badituzte taldean, handiak tartean; Eunate Arraiza erdilariak utzitakoa aipagarriena. «Baina daudenei begiratu nahi diet nik, beste jokalariren bat fitxatzeko aukerari aterik itxi gabe».

Goiko eta beheko muturretatik urrun samar, berriz, Reala ageri da. Donostia aldean ere aldatu egin dute entrenatzailea, eta Unai Gazpiok hartu du taldearen ardura. Jakintzan eta Luberrin hasi, Añorgatik igaro eta Realera iritsi arte, hogei urte daramatza entrenatzaile karguan, gizonezkoen eta emakumezkoen taldeetan. Lau jokalari falta ditu Realak, Larraitz Lucas kapitaina tartean; eta hiru fitxatu ditu: Ainhoa Vicente Añorgatik, Olatz Hoyos Oiartzundik eta Naiara Beristain Athleticetik. «Aurreko denboraldiko zazpigarren postua hobetzea da helburua, taldeak konpromiso handia daukalako; oso langilea da multzoa». Hori bai, «joko ideia egonkortzea eta taldea ondo ezagutzea» da lehen helburua. «Taldeak baliabideak sobera dauzka, baina oldarkortasun pixka bat gehitu nahi diot».

Ligako zortzi onenak Kopan ariko dira maiatzaren 19tik aurrera. Joan-etorriko kanporaketak izango dira final-laurdenetan eta finalerdietan, eta partida bakarra izango du finalak, ekainaren 23an. Okerrik ezean, bertan behar lukete Athleticek eta Realak. Helburu zaila da Lagunak-entzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.