Tituluen ezkutuko irabazlea

Adrian Newey da Red Bull taldearen arduradun nagusia. 25 urte daramatza 1 Formula iraultzen, eta erreferente da oraindik. Haren buruargitasuna dago Sebastian Vettelen tituluen atzean.

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko azaroaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez gara ari bakarrik Sebastian Vettelen aurka. Adrian Neweyren aurka ere ari gara». Fernando Alonsorenak dira hitz horiek, Indiako Sari Nagusiko sailkatze saioa amaitu berritan. Gidariak dira gehienetan ohorea lortzen dutenak, eta ahaztu egiten da autoarekin elkarlanean egiten dituela lorpen guztiak. Azken bi hamarkadetako auto garaileen atzean izen bat nabarmendu behar da: Adrian Neweyrena.

Aeronautika eta Astronautika ikasketak egin zituen Southamptongo Unibertsitatean (Ingalaterra), eta lortutako emaitzengatik sari ugari lortu. Haren itxura eta izaera lasaiak izaera biziko beste Newey bat ezkutatzen zuen, ordea. Eskola garaian kontzertu baterako prestaketako soinu probak saboteatu zituen, eta beirate koloretsu bat ere hautsi zuen. Eskolatik botatzear egon ziren horregatik, baina ikasgaietan bezala, gainerakoan ere azkar ikasten zuen mutikoa zen, huts bera bi aldiz egiten ez zuenetakoa.

Ikasketak bukatu eta berehala hasi zen auto lasterketen munduan, pistako ingeniari. Bere lehen lasterketan ez zuen zorte onik izan, gidaria erregairik gabe geratu baitzen lasterketa amaitu aurretik. Neweyk ondoren argitu zuen erregai ihes bat izan zela autoan, baina hurrengo lasterketarako taldetik bota zuten, gidariak beste ingeniari bat eskatu zuelako. Hortik aurrera, bere lana pistatik urrundu eta diseinu bulegora bideratu zuen. Lehen autoarekin arrakasta lortu zuen, 1982an March GTP auto garailea sortuta. Ausart jokatuz, AEBetara egin zuen jauzi, March taldearen IndyCar proiektuaren gidaritza hartuta. Autoak 1984an egin zuen debuta, eta zazpi lasterketa irabazi zituen, tartean Indy500 entzutetsua. Hurrengo bi urteetan, auto horrek irabazi zuen txapelketa, haietako batean Bobby Rahal gidari zela. Bien arteko harreman ona eraiki zen garai hartan, ondoren 1 Formulan eragina izango zuena.

Europara eta 1 Formulara itzuli zen ondoren, FORCE taldearekin saio antzu baten ostean Marchek fitxatu baitzuen berriro. Aerodinamikari eman zion garrantzia, ordura arte inork ez bezala. Zentzurik gabe kaleratu zuten 1990an, eta Williamseko Patrick Headek ziztu bizian fitxatu zuen, haren balioaren jakitun. Orduantxe hasi zen Williamsen urrezko garaia. Hurrengo urteetan marraztu zituen autoek bost autogile titulu eta lau gidari titulu lortu zituzten. Erronka berriak bilatu nahian, McLarenera joan zen, 1997an. Hurrengo urtean ikusi zuen pista haientzat egin zuen lehen autoak, eta bi gauza gertatu ziren batera: McLarenek nagusitasunez lortu zuela titulua eta Williams lehen postuetatik desagertu zela.

Diseinua mugara eramateko grina horrek beti ez dio lagundu. Izan ere, McLarenen bi arazo serio gertatu ziren. Batetik, MP4-18 auto ederra bezain ahula zen, eta inoiz ez zuen lasterketetan parte hartu. Bestetik, 2005eko MP4-20 autoa azkarra bezain hauskorra zen, eta Kimi Raikkonenekin askotan irabazi bazuen ere, gehiegitan egin zuen huts. McLarenen zelarik, Rahal zen Jaguarko zuzendari, eta haiengana joan zedin proposatu zion. Neweyk eskaintza onartu eta kontratua sinatu zuen, baina Ron Dennis McLareneko buruak esku hartu zuen, eta oraindik ezagun ez diren metodoekin, iritziz aldarazi zuen. Hala ere, 2006. urterako Red Bullek hamar milioi dolarreko kontratua eskaini zion —7,8 milioi euro inguru—, eta Dennisek ezin izan zuen ezer egin.

Haren eragina ez zen hasieratik ikusi. McLarenen gertatu bezala, Red Bull autoa azkarra bezain hauskorra zen. Horregatik, Geoff Willis jarri zuten haren alboan, hain zuzen autoen sendotasunean maisu zelako. Ondo ulertu zuten elkar, eta urte batzuk geroago etorri zen taldearen lehen garaipena, Sebastian Vettelek 2009ko Txinako Sari Nagusi euritsuan lorturikoa.

Araudi aldaketa bakoitza Neweyrentzat erakustaldia emateko aukera izan da, arlo berriak ikertzeko aukera eman baitio. Difusore puztuak debekatu zituztenean, ihestutu puztuen teknika perfekzionatu zuen inork ez bezala. Azken bi tituluak nagusitasun horretan oinarritu dira. Aurten hori ere debekatu zutenez, galdutakoa nola berreskuratu izan da teknikari guztien lana. McLaren eta Sauberrek zituzten ideiak ikusi, aztertu eta haien bertsio hobetua jarri du Red Bullen. Emaitza, berriro, titulua izan daiteke. Newey ez da munduko txapeldun, baina bere auto eta haien gidariak kontuan izanda, historiako onena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.