Azkenean bete dira Miarritzeren asmoak, eta iragan sasoian bezala, Lapurdiko taldeak Anoetan jokatuko du Heineken kopako final-laurdenetan. Tolosa izanen du arerio. Okzitaniarren eta London Waspsen arteko partidaren emaitzak baldintzatu zuen Miarritzeren etorkizuna. Partida osoan zehar, Tolosa ingelesen aitzinetik egon zen, edo berdinduta. Kasu horretan, Okzitaniako taldeak etxean jokatuko zuen final-laurdenetan, eta Miarritze etxetik kanpo. Baina partidako azken jokaldian Londresko taldeak entsegua sartu zuen, eta garaipena lortu. Horrenbestez, Miarritze Tolosaren aitzinetik sailkatu zen, eta final-laurdena etxean jokatuko du.
Iragan sasoiko finalaren errepikapena izanen da, Tolosa eta Miarritze izanen baitira nor baino nor. Finalean, Okzitaniako taldea atera zen garaile (21-19), Parisko Stade de France estadioan. Aldi honetan, baina, lapurtarrek etxean jokatuko dute, eta zaleen laguntza izanen dute mukuru beteko den Donostiako Anoetan.
Igandean egin zen final-laurdenen eta finalerdien zozketa, eta miarriztar zein okzitaniarrek partidaren inguruko lehen adierazpenak egiteko aukera izan zuten. Partida oraindik urrun dago, apirilaren 8ko asteburuan jokatuko baita, baina jadanik jostari agertu ziren Serge Blanco Miarritzeko presidentea eta Guy Noves Tolosako kirol zuzendaria. «Pena dut Tolosak azken minutuan galdu baitu etxean jokatzeko aukera. Baina kirolaren legea da. Mentalizatzen hasiak ginen final-laurdenak etxetik kanpo jokatzeko, baina azkenean Anoetan jokatzeko xantza izanen dugu. Partida latza izanen da Tolosaren aurkakoa», hasi zen Blanco. «Miarritzeren ordez beste edozeinen aurka jokatzea nahiago nuen. Haien jokoak zailtasunak ezartzen dizkigu», jarraitu zuen Novesek.
Blancok lehen suziria bota zuen, Novesi zuzenduta. «Egun batez Tolosako entrenatzailea ez baldin bada, besoak zabalik hartuko dugu Miarritzen», bota zuen. «Hori gertatzea seinale txarra izanen da Miarritzerentzat, final-laurdena irabazi dugula eta Blanco entrenatzaile berri baten bila dagoela erranen bailuke», erantzun zion bizkor Novesek.
Partida irabaziz gero, etxetik kanpo jokatuko luke Miarritzek, Leinster eta Leicesterren arteko partidaren garailearen zelaian. Beste partidei dagokienez, aipatzekoa da Perpinyak Bartzelonan jokatuko duela. Hasieran Camp Noun jokatzea zen asmoa, baina Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaileak ez du begi onez ikusi aukera, eta, hala, Montjuicen jokatuko du Perpinyak Toulonen aurka. Kanporaketa horretako irabazleak Northampton edo Ulster izanen du aurkari.
Tolosa, eta Anoetan
Miarritzek Tolosa izanen du kontrario Heineken kopako final-laurdenetan, Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu