Kanporaketak jokatu dira gaur Portugaleten, eta albiste ona ekarri die Tolosaldea taldeko arraunlariei. Sasoi bikaina egin ostean etorri da saria: Patxi Francesen neskak Euskotren Ligan arituko dira datorren urtean.
Ia lau segundo atera dizkio Tolosaldeak Hondarribiari. Azken horiek maila galdu dute, lau urtez nagusien artean aritu ostean. Izan ere postu bakara zegoen jokoan gaurko saioan, eta Bermeoko kanporaketan ez ziren fin ibili Ama Gudalupekoa ontziko arraunlariak. Aiora Sorozabal patroiaren agindupean aritu dira, Uxune Urkia, Janire Izagirre, Itxaso Aranburu, Mireia Vicente, Eider Barba, Irati Hernandez, Arene Portularrume, Irati Lizeaga, Ane Egues, Malen Oiarzabal, Naroa Leonet, Naroa Becerril, Uxue Zuriarrain, Myriam Aizpurua, Itsaso Aizpurua, Itziar Rezola Ane Zelaia eta Maddi Urdapilleta.
Pozik zegoen Sorozabal sailkapenaren ostean, edonola ere, liga nagusian «maila handia» dagoela ohartarazi du. «Ikusiko dugu sasoi aurrean non egon gaitezkeen».
Ez da izan gaurko kanporaketetan erabaki den igoera bakarra. Getariak Eusko Label Ligarako txartela lortu du, gaurko saioan irabazita.
Horrekin batera, Kaikuk lortu du maila nagusira itzultzea urtebeteren ostean.