Nabari da Joseba Ezkurdia (Arbizu, Nafarroa, 1991) pozik dagoela. Izan ere, lehen helburua bete du lau eta erdikoan: final-laurdenetako ligaxkan ariko da. Aitortu duenez, «arantza» atera du hori lortuta.
Lasaitua hartu duzu final-laurdeneko ligaxkarako sailkatuta?
Lasai baino gehiago, pozik nago. Final-zortzirenetan irabazteak sari handia zuen: ligaxkan aritzea eta gutxienez beste hiru partida jokatzea. Gainera, Aitorri [Elordi] irabazi nion, eta hura pilotari handia da. Orain, ahalik eta ondoen aritu nahi dut ligaxkan.
Neurketa zaila zen: txapelketako lehena, kale edo balekoa, eta espezialista baten aurka.
Oso partida zaila zen, tentsio handikoa. Hori aski ez, eta oso zail jarri zitzaidan hasieran. Baina gai izan nintzen buelta emateko.
Elordi 8-1 jarri zen, baina eutsi egin zenion lehenbizi, eta hautsi gero.
8-1 galtzen joanda errazena partidatik ateratzea da, baina gogor eutsi nion, eta neure buruari helburu txikiak jarriz gai izan nintzen partidan berriro sartzeko. Zaila da hori egitea Aitorren aurka: min handia egiten du sakez eta sake-errematez. Pozik nago hori lortu nuelako.
Buruz gogorra izan behar da hori egiteko. Hala izan zinen?
Bai. Banekien gogor eusten banion aukera izango nuela; denbora zegoen partidari buelta emateko. 8-1etik 8-5era igaro nintzen, eta hori eginda berriro sartu nintzen bete-betean partidan. Horrek konfiantza handia eman zidan, eta gero eta hobeto aritu nintzen.
Zertan aritu zinen ondoen?
Gustura aritu nintzen ezkerrez: gantxoz eta botez. Horrez gain, gai izan nintzen sake batzuk errestatzeko; ez da gutxi, Aitorrek min handia egiten baitu sakez.
Eskuinez, ordea, gozakaitz aritu zinen.
Bizi eman nion pilotari, baina ez nuen asmatu norabidea ematen.
Sasoiko ikusi zenuen zeure burua?
Ondo ikusi nuen neure burua, hankaz eta sasoiz. Ez nion neure buruari aurreikuspen handirik jarri: aurreko astean atzelari aritu nintzen, eta aurretik lau eta erdian hiru entrenamendu egin arren, ez nuen bete-betean prestatu. Fisikoki entrenatu naiz, baina ez aurreko urteetan bezain zorrotz; ez naiz itsu-itsuan aritu, eta, horri esker, lasaiago nabil. Lasai joan nintzen frontoira, lanak ondo egitera. Ondo nengoen sasoiz eta jokoz, eta hori aprobetxatu nahi nuen. Gauza asko ditut hobetzeko, baina pozik nago: ondo nago.
«Ez naiz aurreko urteetan bezain itsu-itsuan entrenatu lau eta erdikorako, eta, horri esker, lasaiago nabil»
Partida amaieran esan zenuen «nahi baino gehiago zigortzen» duzula zeure burua.
Hala da. Nire izaera dela eta, asko eskatzen diot neure buruari; gauzak ondo egitea gustatzen zait. Horren ondorioz, batzuetan presioa sartzen diot neure buruari. Aurrekoan, ordea, lasaixeago ibili nintzen, eta mesede egin zidan.
Ez da izango prestatzaileek ez dizutelako esaten ez estutzeko horrenbeste zeure burua.
Ez, baina nahi gabe zigortzen dut neure burua: adinean gora noala, bukaeran nagoela... tontakeria asko esaten dizkiot neure buruari. Bete-betean aritu behar dut, eta orain halaxe nabil: ligaxkan nago, eta horretan dut arreta osoa.
Azkenaldian dezentetan aipatu duzu bukaeran zaudela. Zergatik diozu hori? Gertu ikusten duzulako edo beldurra-edo ematen dizulako horrek?
Beldurra ez dit ematen; bizitzak zikloak ditu, eta nik badakit lehen baino gertuago dudala erretiroa. Orain, boladan dago esatea 34 urte izanda beteranoak garela eta zahartuta gaudela; denetarik entzun behar izaten dugu. Baina nik ongi ikusten dut neure burua: goikoekin lehiatzen nabil, eta aurten txapel bat irabazi dut. Ezin naiz kexatu. Saiatuko naiz gerra ematen eta ahalik eta gehien disfrutatzen.
Hamahirugarren aldiz ari zara lau eta erdikoan, eta hamaikagarren aldiz ariko zara ligaxkan. Horrek argi erakusten du zein erregular aritu zaren.
Oso ibilbide ona egiten ari naiz profesionaletan. Debutatu nuenean inondik inora ez nuen espero horrelako ibilbide bat egingo nuenik. Lan handia egin dut borroka honetan eusteko. Oso pozik egoteko moduko emaitzak lortu ditut.
Iaz, kanpoan geratu zinen final-zortzirenetan; duela bi urte, berriz, txapelduna zinenez, ligaxkan aritu zinen zuzenean, baina ez zinen sailkatu finalerdietarako. Arantza zenuen?
Bai, arantza nuen. Iaz oso-oso gaizki jokatu nuen Artolaren aurka. Duela bi urte, berriz, ez nuen nire maila eman Jakaren aurka ligaxkako azken partidan. Aurten, txapelketa ona egin nahi nuen, eta nire mailarekin gustura geratu. Orain hiru partida zail jokatuko ditut, ea helburu horiek lortzen ditudan. Partidaz partida joan nahi dut: lehenbizi, ondo iritsi nahi dut ostiraleko partidara, sasoiz eta eskuz. Partida ona jokatzeko ilusioa eta esperantza dut.
Iker Larrazabalen aurka jokatuko duzu, Azkoitian (21:15, ETB1). Zer itxura hartzen diozu?
Gogorra eta zaila izango dela uste dut. Gaztea da Iker, eta sekulako abiadura ematen dio pilotari, goitik, gantxoz eta boleaz; gaur egungo pilotarien artean hark ematen dio abiadura handien pilotari.
Zertan aritu behar duzu ondo?
Defentsan. Ondo defenditu beharko dut, partidari eutsi, eta, nahiz eta pilota zailak izan, saiatu behar dut hura mugitzen, eta hanketara jokatzen, eroso egon ez dadin eta nagusi izan ez dadin.
Udan egindako lana eta lau eta erdikoan egindakoa hartu izan ohi du kontuan enpresak binakakorako. Horri begira zaude?
Ez dut batere pentsatu binakakoan. Sanmateoetan saiatu nintzen lan ona egiten [Jokin Altunarekin aritu zen, atzelari], eta, orain, lau eta erdiko ona egin nahi dut. Gero, gerokoak. Ni lasai nago; ea enpresak zer erabakitzen duen.
«Ni naiz egungo aurrelari txapelduna binakakoan, eta gustatuko litzaidake aurrelari gisa defenditzea txapela»
Beñat Rezusta eta zu zarete egungo txapeldunak. Ustez, tokia ziurtatua duzu. Ala ez?
Ez dago sekula jakiterik. Espero dut jokatzea; horretarako egiten dugu lana. Baina ikusiko da.
Aukeran, aurrelari gisa?
Bai. Ni naiz egungo aurrelari txapelduna, eta gustatuko litzaidake aurrelari gisa defenditzea txapela.
Zer da zuretzat atzelari aritzea: erronka ala zama?
Bietatik. Sanmateoetan atzelari ariko nintzela esan zidatenean, beldurra eta urduritasuna sentitu nuen. Baina, aldi berean, banuen gogoa eta ilusioa Jokinekin lan ona egiteko.
Zertan sufritzen duzu gehien atzelari zabiltzanean?
Distantziak hartzen. Sanmateoetan kosta egin zitzaidan eskuinez pilotari atzetik aurrera ondo jotzea. Saiatu nintzen erritmoa jartzen eta boleaz defenditzen. Aurrean eta atzean jokatzea erabat ezberdina da.