Jan Ullrich erretiratu zenetik, izar berriren baten beharrean zeuden Alemanian, eta badirudi izar horietako bat argitzen hasi dela. Tony Martinek (Highroad) nagusitasunez irabazi zuen herenegun Paris-Niza, ostiraleko erlojupekoan lortutako alde ederrari azken bi etapetan aise eutsita. Eta Frantziako Tourrari begira jarri da jada. «Zoragarria da. Oso pozik nago. Denboraldia hasteko modu bikaina da, eta konfiantza handia emango dit. Frantziako Tour ona egiteko daukadan aukerarik onena da. Prest nagoela uste dut». Andreas Kloeden (RadioShack) sailkatu da bigarren Paris-Nizan, Martinengandik 36 segundora, eta Bradley Wiggins (Sky) hirugarren, 41era. Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), berriz, bosgarren izan da, 1.13 minutura.
Euripean egin zuten herenegun azken etapa, eta Thomas Voecklerrek (Europcar) irabazi zuen, bigarrenez. Mendatean behera utzi zuen frantziarrak atzean Diego Ulissi (Lampre), ihesaldiari eutsi zion azken txirrindularia. Hamabost kilometro falta ziren artean helmugarako, eta Ulissirekiko 23 segundoko aldearekin iritsi zen helmugara. Voecklerrengandik 1.06 minutura iritsi ziren Julien El Fares (Cofidis), Samuel Sanchez eta David Lopez (Movistar). Sailkapen nagusian Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskadi) izan da lehen euskalduna, 24. postuan, 13.41 minutura.
Tirreno Adriatikoan, berriz, liderraren maillota jantzita irabazi zuen atzo Cadel Evansek (BMC) seigarren etapa, azkenaurrekoa. Eguraldiak eraginda, azken unean aldatu egin behar izan zuten ibilbidea, eta antolatzaileek bi kilometro eskaseko aldapa gogorra sartu zuten ibilbidean —%18ko aldapa bat ere bazegoen tartean—. Txirrindulariek lau itzuli eman behar izan zizkioten azken zirkuitu horri, eta azken itzuli ikusgarrian, esprintean, Evans nagusitu zen. Evans bera dago lider, eta bederatzi segundora dauka Michele Scarponi (Lampre).
Tony Martinek pausoa eman du Paris-Niza irabazita
Cadel Evansek irabazi du Tirreno Adriatikoko seigarren etapa, eta, azken etaparen faltan, lidergoa sendotu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu