Isaac del Toro (UAE) maglia arrosa eranzteko bidean zen astearteko etaparen ondoren. San Valentinon izandako ezina oso seinale txarra zen ziklista mexikarrarentzat. Alabaina, faboritoen mahaian kolpea eman zuen biharamunean, Bormion gailenduta. Eta garaipenerantz beste urrats bat egin du gaur, Biella eta Champoluc lotu dituen etapa malkartsuan. Lider elastikoa pega-pega eginda darama, eta aurkariek nekez kenduko diote gaurko gidoia errepikatzen bada. Izan ere, erasorik ezean, eroso izan da Del Toro. Carapazek bi erritmo aldaketa egin ditu, espero zena baino beranduago, eta ferekak baino ez dira izan UAEko taldeburu gaztearentzat. Bigarren iritsi da helmugara, Carapazekin batera, Nicolas Prodhomme (Decathlon) irabazlea baino 58 segundo geroago. Ihesean bikain aritu da txirrindulari frantziarra.
Bost mendate igo dituzte txirrindulariek Aostako haranean barrena. Giroko etaparik aldapatsuena izan da, ia 5.000 metroko desnibela baitu. Del Tororen aurkariak gogor oldartzea espero zen, mexikarra pitzatzeko intentzioz, baina azkenean, txinparta gutxi batzuk besterik ez dira piztu faboritoen artean. Carapaz ez da uste bezain grinatsu aritu, eta haren erasoei arazorik gabe eutsi die Del Torok. Helmugako gainsariei esker, bi segundo atera dizkio ekuadortarrari, eta 43ra du orain sailkapen nagusian. Haiek baino 24 segundo beranduago helmugaratu da Simon Yates (Visma), gainontzeko hautagaiekin batera, eta minututik gorako atzerapena du orain: 1.21, hain justu. Yatesek ondo daki edozer gauza gerta litekeela Finestren, baina maglia arrosari euts diezaiokeela sinetsita iritsiko da Del Toro biharko etapa erabakigarrira.
Prodhomme, berriz, irribarretsu agertuko da bihar irteeran, ihesean maisulana egin eta gero. Garaipenen arrastoan zebilen Giroa hasi zenetik, eta gaur lortu du hainbeste desiratutako saria. Bigarren garaipena du profesional gisa; hilabeteko tartean erdietsi ditu biak. Jouxen, etapako azken-aurreko mendatean jo du eraso erabakigarria, helmugatik 28 kilometrora. Hasi, berriz, Tzecore mendatean hasi da frantziarraren abentura, 30 txirrindulariko multzoan aurrera eginda. Bertan ziren Pello Bilbao (Bahrain) eta Igor Arrieta (UAE). Beranduago liderrei laguntzea zen haien egitekoa.
Hain justu, Bilbaoren laguntza baliatuz, berriz ere sailkapen nagusiaren lehian sar zitekeen Antonio Tiberi (Bahrain). Horretarako, ordea, baldintza bat bete behar zen: tropelaren erritmoa apala izatea. Bada, ez da hala gertatu, eta gehienez hiru minutuko errenta izan dute iheslariek. Saint Pantaleonen gogotik egin du tira Bilbaok, eta guztiz aletu lasterketa buruko multzoa. Alabaina, taldeburuen multzoa are gehiago hurreratu zaie, Red Bull eta Visma taldeek abiadura bizitzearen ondorioz. Oso mehetuta iritsi da tropela Saint Pantaleon gainera.
Gailurretik Arrieta, Tiberi, Nicolas Prodhomme (Decathlon) eta Carlos Verona (Lidl) igaro dira lehenbizi. Eta Joux mendatera iristerako, aurrera egin dute Arrieta ez beste hirurek. Indarra bazuen nafarrak, baina ez, ordea, askatasuna. Uztarrian ipini du UAEk Jouxen gora. Taldekidez inguratuta zegoen Del Toro, beste hautagaiak ez bezala. Giulio Pellizzari (Red Bull) izan da kontrola apurtzen saiatu den lehena, tontorretik sei kilometrora, baina haren piztualdiak ez du jarraipenik izan. Lehenago, bere kasa abiatu da Prodhomme. Tiberi eta Verona aise utzi ditu atzean. Eta erraztasun beraz erantzun dio liderrak Carapazen eraso berantiarrari. Hautagaiek elkarrekin amaitu dute mendatea.
Finestren erabakiko da
Hogei kilometrora zegoen Champoluceko helmuga, eta Prodhommek 50 segundoko abantaila zuen. Hurrengo mendatea, Antagnod, aurrekoak baino samurragoa zen. Gainera, hautagaiek su etenari eutsi diote. Pagotxa izan da Prodhommentzat. Gailurretik minutu bateko aldea zuela igaro, eta maldan behera topatu du helmuga. Del Torori ere mesede egin dio erasorik ezak. Carapaz bizi abiatu da gailurretik bi kilometrora, baina itzala bezala itsatsi zaio liderra. Hori aski ez, eta irabazi egin dio bigarren postua lortzeko esprinta. Segundo gehiago zorrora. Hori bai, minutuak galtzeko moduko mendatea da Finestre, eta bertan azterketa handia izango du bihar Del Torok. Eutsiz gero, arrosaz jantzita bukatuko du Giroa Erroman.