Italiako Giroa hankaz gora jarri da azken asteari ekin orduko. Faboritoek gaur zuten lehen azterketa handia mendateetan barrena, eta doi-doi gainditu du Isaac del Torok (UAE). Mexikarra nahieran ibili da orain arte, bere gaztean suhar; San Valentinoko igoeran, ordea, zapuztu egin zaio maglia arrosarekin zeukan amodio harreman idilikoa. Baziren susmoak, Giroaren azken txanpan indarrik gabe geratu zitekeela iradokitzen zutenak. Azken finean, aurrenekoz ari zaio aurre egiten itzuli handi bat irabazteko erronkari. Gaur, azken igoeran, gainetik izan ditu hainbat aurkari.
Juan Ayuso (UAE) taldekidea ez da horien artean izan, jokoz kanpo geratu baita helmugatik 42 kilometrora. Primoz Roglic (Red Bull), berriz, erretiratu egin da, hamaikagarrenez erori eta gero. Giroan orain arte zer gertatu den ikusita, ezin da ezustetzat jo Roglicen agurra, ezta Ayusoren ezina ere, biek proba faborito nagusi gisa hasi zuten arren.
Astana taldeak, berriz, zerua ukitu du gaur, bi txirrindulari kokatu baititu etapako lehen bi postuetan: Christian Scaroni eta Lorenzo Fortunato. Scaroni izan da helmuga zeharkatzen lehena; Fortunatok, berriz, ia erabakita utzi du mendiko elastiko urdinaren borroka. Beste italiar batek, Giulio Pelizzarik (Red Bull) osatu du etapako podiuma. Sailkapen nagusiko podiumean, berriz, Del Toro, Simon Yates (Visma) eta Richard Carapaz (Education First) daude gaurko saio bortitzaren ondoren. Carapaz hautagaien artean indartsuena izan da, eta laugarren postutik hirugarrenera egin du jauzi. Oso bizi abiatu da azken mendatean, eta 1.36 atera dio Del Torori. Maglia arrosa 31 segundo eskasera du orain. Eta are hurbilago dago Yates, 26 segundora. Ia minutu bat harramazkatu dio hark liderrari.
Egun luze eta menditsua izan da txirrindularientzat: ia 5.000 metroko desnibela gainditu behar izan dute 203 kilometroan. Hori gutxi ez, eta ibilbidearen zatirik handiena euripean egin dute. Igoeren gogortasunari jaitsieretako arriskua gehitu zaio. Alessio Martinellik (Bardiani) eroriko larria izan du —taldeak jakinarazi du egoera egonkorrean eraman dutela ospitalera—, eta, geroago, Roglicek agur esan dio Giroari. Bederatzi itzuli handi jokatu ditu 2021az geroztik, eta horietatik bost ezin izan ditu bukatu. Carapazek eta Egan Bernalek ere (Ineos) oreka galdu dute; ekuadortarrak ez ditu ondorioak nozitu, baina kolonbiarrak, ordea, bai.
UAEren amesgaiztoa
Eguraldiak eta mendi festak ez ditu euskal ziklistak kikildu, eta hasieratik izan dira lehiarako prest: tropeletik alde egin dute Xabier Mikel Azparrenek (Q36.5), Jon Barrenetxeak (Movistar) eta Pello Bilbaok (Bahrain). Guztira 24 txirrindulariko multzo bat egonkortu da lasterketa buruan. Astanak hiru kide sartu ditu bertan, eta Scaronik eta Fortunatok iheskide guztiak azpiratu dituzte San Valentinon. Lehenago Santa Barbara igo dute txirrindulariek, eta bertan sakabanatu da ihesaldia. Bilbaok galbahe hori gainditu du, baina Azparrenek eta Barrenetxeak ez. Ayusorentzat ere gehiegizkoa izan da, eta ezin izan die jarraitu beste taldeburuei.
UAE taldearen zoritxarra ez da hor bukatu, Del Torok orain arte lidergoan erakutsitako sendotasuna guztiz pitzatu baita. Azkar erantzun dio Simon Yatesen erasoari, baina zirkinik ere ez du egin Carapaz helmugatik sei kilometrora abiatu denean. Ordurako, lasterketa buruan bakarrik ziren Scaroni eta Fortunato. Haiek baino 1.10 beranduago bukatu du etapa Carapazek, laugarren postuan. Jarraian Derek Gee iritsi da (Israel), 1.23ra. Michael Storer (Tudor), Simon Yates, Bernal eta Damiano Caruso ere (Bahrain) aurretik izan ditu Del Torok. Bihar arazo gutxiago izan beharko luke, etapa leunagoa jokatuko baita; hori bai, Tonale eta Mortirolo igoko dituzte Bormiora bidean.