Datorren astean hasiko dira entrenatzen Espainiako Lehen Mailan arituko diren lau euskal taldek, eta, horri begira, jokalari multzoa osatzen dihardute. Athleticek atzo jakinarazi zuen beste urtebeterako luzatu diola kontratua Maddi Torreri, datorren urteko ekainaren 30 arte, hain zuzen. Jokalaria pozik dago talde zuri-gorrian segituko duela eta: «Hemendik joan behar izan nuenean, arantza bat geratu zitzaidan, eta bueltatzearekin egiten nuen amets. 2023an horretarako aukera izan nuen, eta nire nahia beti izan da hemen segitzea».
Torrek 95 partida jokatu ditu Athleticen elastikoarekin, eta eskarmenturik handieneko jokalaria izango da taldean. «Sasoiz oso ondo nago, eta gogotsu taldekideekin eta entrenatzaile multzo berriarekin lanean hasteko. Ondo egin nahi ditugu gauzak, eta ederra litzateke Athleticekin Txapeldunen Ligarako sailkatzea».
Realak, berriz, Esther Laborde atzelaria fitxatu du bi denboraldirako, Madril CF taldetik. 2023tik ari zen han. Bartzelonaren harrobian hasi zen jokatzen, eta Alavesen ere egon zen utzita. «Oso zoriontsu nago hemen egotegatik; irrikaz nago Txapeldunen Ligan jokatzeko. Barrutik sentitu nahi dut Reala zer den, dagoeneko ikusi baitut berezia dela». Jokalari «lehiakorra» dela nabarmendu du. «Gustuko dut baloia izatea, eta nire onena emango dut».