Alpeetara iritsi aurretik, ordekan jardutea zegokien gaur txirrindulariei. Trantsizio etapatzat jo zitekeen, eta halakoetan, azken astean nagusiki, esprinta ez da beti ziurtaturik egoten. Gaur, ordea, azkarrenak ez zeuden ezer oparitzeko. Parisko etapa ohi baino bihurriagoa izango da aurten, eta ondorioz, bazitekeen gaurkoa izatea esprinterrentzako azken eguna. Horren jakitun, eta maillot berdearen lehian puntu erabakigarriak lortzeko asmoz, serio hartu du etapa Jonathan Milanek (Lidl). Taldeak laguntza handia eman dio larri ibili denean, etaparen erdialdeko igoeretan. Amaieran, berriz, alde izan du zortea: erorikoa izan da azken kilometroko pankartapean, errepide bustian, baina izkin egin dio Milanek.
Ez, ordea, Tim Merlierrek (Soudal). Hura zen esprinta irabazteko beste hautagai nagusia, baina ezin izan du lehiatu ere egin. Azkenean Parisen azkarrenen arteko lehiarik ez bada, lasterketa bina garaipenekin finituko dute Milanek eta Merlierrek. Italiarra Lavalen nagusitu zen aurrenekoz, zortzigarren etapan, eta gaur nahiko erraz gailendu da, amaieran Jordi Meeus (Red Bull) gerturatu zaion arren. Hirugarren Tobias Lund Andresen (Uno-X) izan da. Etapa esprintean amaitu den arren, goraipatzeko moduko lana egin dute eguneko ihesaldian sartu diren iheslariek. Abrahamsenek iraun du gehien, berriz ere indar erakustaldia eginda. Faboritoak, berriz, energia aurrezteko eran izan dira.
Izerdiaren bidetik sortzen dira ihesaldi batzuk. Kilometro askotako borroka biziaren emaitza izaten dira. Beste batzuetan, ordea, txirrindulariek ia nahigabe egiten dute alde. Hala gertatu da gaur: Abrahamsenek, Vincenzo Albanesek (Education), Quentin Pacherrek (Groupama) eta Mathieu Burgaudeauk (Total) etapa hasi eta berehala hartu dute aurrea. Aise egin dute ihes; ordea, nekez handitu dute tropelarekiko aldea. Ia begi-bistan eduki nahi izan dituzte esprinterren taldeek, eta hiru minuturen abantaila eman diete gehien jota.
Etaparen hasieran, aurreko laukotearekin bat egiten saiatu da Axel Laurence (Ineos). Ez du lortu, eta ondorioz, haren taldekideek ahalegin handia egin dute ihesaldia agudo zapuzteko, eguneko lehen mendateko maldak baliatuta. Multzo nagusiari luzatu handia eman dio Geraint Thomasek (Ineos), eta haustura izan da azkenerako. Kaltetu nagusiak esprinterrik azkarrenak izan dira: Milan eta Merlier. Tropelean itsasgarri lana egin du Quinn Simmonsek (Lidl), lasterketa are gehiago aztora ez zedin. Ihesean nahiz kontrolean, Tour ikusgarria ari da egiten txapeldun estatubatuarra.
Helmugatik 85 kilometrora, itzali egin da alarma: saldora itzuli dira Milan eta Merlier. Anartean, minutu erdiren aldea baino ez zuten lasterketa buruko laurek. Haatik, jarraipena eman diote abenturari, gauzak lasaitu egin baitira tropelean. Beranduago, Wout van Aertek (Visma) zuhaitza astintzeko ahalegina egin du; eguneko bigarren eta azken igoeran izan da, helmugatik 45 kilometrora. Grina handiz atera da tropeletik; erdibidean geratu da, ordea, eta hanka altxatu behar izan du.
Kopuruz murritza izan da gaurko ihesaldia; ez, ordea, indarrez eta borondatez. Luzaroan minutu baten abantailari eutsi diote, eta tropela oso apurka hurbildu zaie azken 30 kilometroetan. Euria hasi du, baina laukotearen garra ez da itzali. Abrahamsenek aparteko indarrez eragin die pedalei. Eta multzo nagusiaren burrunba garondoan sentitzen hasi direnean, iheskideak lehertu egin ditu txirrindulari norvegiarrak. Hamabi kilometroren faltan hasi du bakarlana, hogei segundo eskasen abantaila zuela. Indar erakustaldia egin arren, ezin izan du tropelaren legea puskatu. Helmugatik lau kilometrora harrapatu dute.
Amaierako frenesi betean, eroriko jendetsua izan da tropelean. Oso aurrean gertatu da, eta, ondorioz, soilik hamabi txirrindularik lehiatu dute esprinta. Milanek ez du aukera alferrik galdu. Merlier, berriz, zapuztuta geratu da, eta minduta Biniam Girmay (Intermarche), kolpe txarra hartu baitu lurraren kontra.
Alpeen txanda
Bihar eta etzi mendiko azken bi etapak jokatuko dituzte, biak ere Alpeetan. Maila bereziko hiru koloso agertuko dira biharko ibilbidean: Glandon (21,7 kilometro eta %5,1eko pendiza), Madeleine (19,2 kilometro eta %7,9) eta La Loze (26,4 kilometro eta %6,5). Azken horren tontorrean egongo da helmuga. Bertan gorriak eta bi ikusi zituen Pogacarrek 2023an, eta orduko arantza bihar atera lezake —beste alde batetik igoko dute—. Hurrengo etapak ere maila bereziko mendate batean izango du helmuga: La Plagnen amaituko da (19,1 kilometro eta %7,2). Aurrez, beste lau igoerari egin beharko diete aurre. Datozen bi egunetan, osotara, 10.000 metroko desnibela pilatuko dute.
Denetarik gerta liteke Tourraren azken txanpa akigarrian. Hori bai, sailkapenaren gorenean aldaketa egon dadin, mutur banatan egon beharko lukete Tadej Pogacarrek (UAE) eta Jonas Vingegaardek (Visma): erakustaldi epikoak egin beharko lituzke danimarkarrak, eta makalaldi kritikoa izan beharko luke lasterketako liderrak. 4.15en aldea defendatuko du. Florian Lipowitzek (Red Bull), berriz, bideratua du podiumeko hirugarren postua; Oscar Onleyk (Picnic) bi minutuko atzerapena irauli beharko luke Lipowitzi aurrea hartzeko. Etapa ehiztariek ere hotzak zorrotz izango dituzte, helmugara faboritoen aurretik iristeko esperantzaz.