Pogacarrek aise deuseztatu du Vismaren iraultza saiakera

Tourreko etapa nagusia jokatu da gaur, Alpeetan barrena, eta O’Connorrek ihesean bereganatu du. Visma taldea urrundik oldartu zaio Pogacarri, baina plan aldaketa nahasgarria egin du gero. Lipowitzen hirugarren postua kolokan jarri du Onleyk.

Pogacar, Vingegaard atzean uzten. PAPON BERNARD / EFE
Pogacar, Vingegaard atzean uzten, Lozen gora. PAPON BERNARD / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 24a
18:38
Entzun 00:00:0000:00:00

Maillot horiaren defentsan, egun guztiz erabakigarria zuen gaurkoa Tadej Pogacarrek (UAE). Aurtengo Tourreko etaparik gogorrenean, Jonas Vingegaarden (Visma) oldarraldia iragarria zegoen. Lau minutuko atzerapena izanagatik, danimarkarra lasterketa irabazteko asmoz zen oraindik. Horretarako, talde estrategia baliatzen saiatu da. Helmugarako 80 kilometro falta zirela hasi da Vismaren erauntsia, Madeleinen gora, eta taldeburuak hortik gutxira egin du eraso. Pogacarrentzat ez zen eszenatoki batere samurra, eta amaieran Loze zuten zain, duela bi Tour esloveniarra txiki-txiki eginda utzi zuen mendatea.

Bada, azkenerako, urrutiko intxaurrena gertatu zaio Vismari. Lozera gerturatu ahala, erabaki okerrak hartu ditu. Mantsotu egin du lasterketa, eta azken mendatean, guztiz apaldu da zirrara. Azken bi kilometroetan sartu arte itxaron du Vingegaardek hurrena oldartzeko. Indartsuagoa izan da Pogacarren kontraerasoa, eta atzean utzi du haren aurkaririk behinena. Esloveniarra bigarren izan da, Ben O’Connorren (Jayco) atzetik. Australiarrak azti jokatu du ihesaldian, eta ziztu bizian igo du Loze. Oscar Onleyk (Picnic), berriz, atzetik aurrera egin du etapan, eta menderatu egin du Florian Lipowitz (Red Bull). Podiumetik 22 segundo eskasera geratu da.

Vismak etxekalte jokatu du, eta ondorioz, erraz eutsi dio aginteari Pogacarrek. Hori bai, aurkariak dena biribil eginda ere, ez dirudi esloveniarrak pitzadurarik izango zuenik. Ezustekorik handiena etapa hasi aurretik izan du: Vismaren auto baten kontra jo du, arin. Gertaerari ez dio garrantzirik eman irteeran. Gerora ikusi denez, ez dio kalterik eragin.

Hiru mendate soilik igo dituzte, baina ez ziren edozein mendate: Glandon, Madeleine eta Loze, 170 kilometroko saioan kateaturik. Tourraren historian hamalaugarrenez, maila bereziko hiru mendate izan dira egun berean. Igotzaile petoentzat eginiko ibilbidea izan da. Hori bai, hasieran esprinter batek agerraldia egin du: Jonathan Milanek (Lidl) tarteko esprinteko puntuak batu ditu, eta Parisera iristen bada, berea izango da maillot berdea.

Glandonen bestelako itxura hartu du etapak. Harrabotsa izan da aldapan gora, eta Primoz Roglicek (Red Bull) atera du zarata gehien, helmugatik 127 kilometrora eraso eginda. Bosgarren zegoen sailkapenean, liderrarengandik ia hamabi minutura, eta podiumera hurbiltzeko asmoz egin du ihes. Harekin batera irten da Felix Gall (Decathlon), nagusiko zazpigarren sailkatua. Bi txirrindulari horiek beste 11 bidaiderekin iritsi dira Glandon gainera; bi minutuko zuloa ireki dute ihesean zihoan taldearen eta tropelaren artean. Jaitsieran, berriz, aurrea hartu dute Matteo Jorgensonek (Visma) eta Thymen Arensmanek (Ineos).

Madeleine zetorren hurrena. Eguneko mendaterik motzena zen —hemeretzi kilometro—, baina baita tenteena ere —%7,8 pendiza du batez beste—. Igotzen hasterako, bizikletatik jaitsi da Enric Mas (Movistar), belauneko minez. Carlos Rodriguezek (Ineos), berriz, ez du etapa abiatzerik ere izan, bezperako erorikoaren ondorioz. Hamargarren zegoen sailkapenean, eta hobera zihoan. Madeleinen, ezinean geratu dira seigarren eta bederatzigarren sailkatuak: Kevin Vauquelin (Arkea) eta Ben Healy (Education). Ordurako, multzo nagusian Vismaren esku zegoen aginte makila, eta sei txirrindularik zirauten ihesaldian: O’Connorrek, Roglicek, Gallek, Jorgensonek eta Einer Rubiok (Movistar).

(ID_15172418) FRANCE CYCLING
O'Connor, helmugan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Vismak oso urrundik jarri du martxan bere engranaje osoa. Sepp Kussek eman dio azken erreleboa Vingegaardi, eta danimarkarrak helmugatik 72 kilometrora piztu du sua. Erraz erantzun dio Pogacarrek, eta biek aise harrapatu dituzte iheslariak. Xake taulan hurrengo pieza mugitu du orduan Vismak: taldeari tiraka jarri du Jorgenson. Vingegaardek ez du beste saiakerarik egin Madeleinen, eta tontorrera atzeratuta iritsi dira hirugarren eta laugarren sailkatuak: 30 segundoko galera zuen Lipowitzek, eta bi minutukoa, Onleyk.

Irabazlearen trikimailua

Pogacarren akatsen bat behartu nahian, azkar jaitsi da Jorgenson. Soka ez da apurtu. Jarraian, 15 kilometroko ordeka zuten Lozera iritsi aurretik. Eta lasterketa erabat aldatu da tarte horretan. Aurkariak jan-edanean zebiltzala, eraso egin du O’Connorrek, eta erantzun egin dio Rubiok. Baita Jorgensonek ere. Hartara, artzainik gabe geratu da Vingegaarden eta Pogacarren multzoa. Lipowitzek harrapatu egin ditu, eta bakarrik abiatu da jarraian. Geroago, Onley eta Vauquelinen taldeak ere bat egin du faborito nagusiekin. Era berean, bi onenak taldekidez inguratu dira berriro.

Azken mendatera ia lau minuturen aldearekin iritsi da aurreko hirukotea, eta Lipowitzek, berriz, hiru minutuko arrakala zabaldu du. Behin Loze igotzen hasita, abantaila galtzen hasi da alemaniarra, indarrez hutsik geratzeraino. Jorgenson, ostera, faboritoen zain geratu da, eta azkenerako ezin izan du ekarpenik egin. Taktikoki kale egin du Vismak Madeleine igaro ostean. O’Connor, berriz, garaipenaren bila abiatu da 16 kilometroren faltan. Tropelean UAEk hartu du gidaritza, baina aparteko erritmorik ipini gabe. Pogacarrentzat aski izan da lidergoa defendatzea. O’Connorrek bikain eutsi dio aldeari, baita Onleyk ere bi onenen gurpilari. Laugarren izan da, eta kolpea eman dio Lipowitzi. Bihar podiumean sartzeko abagunea izango du, lau mendateko etapa jokatuko baitute Albertville eta La Plagne artean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.