Frantziako Tourra

Tourrak zuzendu egin du Bilbao zoriontzeko txioa: Espainiako bandera kendu, eta ikurrina jarri du

Hasieran, Espainiako bandera jarri dute lasterketaren Twitterreko kontuan. Erabiltzaile askok eskertu egin dute gero ikurrina jarri izana.

Tourraren txioa, ikurrinarekin.
Edu Lartzanguren.
2023ko uztailaren 11
19:42
Entzun

Frantziako Tourrak Pello Bilbao txirrindulari gernikarra zoriondu du Twitterren, gaurko etapa irabazteagatik. Hasieran, Espainiako bandera jarri dute; luze gabe, ordea, okerra zuzendu dute, eta ikurrina jarri.

>Bilbao izan da garaile lasterketako hamargarren etapan. Eguneko ihesaldian sartu da, eta, amaieran, aurrea hartu die kideei.

Tourraren antolatzaileek puntuz osaturiko Espainiako bandera bat jarri dute Bilbaoren azken metroetako irudi animatu baten gainean. Txiolari askok gogoratu diete txirrindularia euskalduna dela.

Minutu gutxiren buruan, Tourraren antolakuntzak txioa editatu du, eta Espainiako banderaren ordez ikurrina jarri. Erabiltzaile ugarik zoriondu dituzte kontuaren kudeatzaileak.

«Horrela bai», idatzi du, esaterako, Aitor Letamendia izena erabiltzen duen txiolariak. «Hobeto horrela», idatzi du, frantsesez, @prietogorri kontua erabiltzen duenak. «Eskerrik asko eguneratzeagatik», idatzi du @burucicleta txiolariak, ingelesez, «bestea ez da geurea». @Intzako erabiltzaileak zera idatzi du: «Ongi egina, Tour. Pello euskalduna da eta euskaldun sentitzen da, beraz, bereak euskal bandera behar du izan».

Tourraren erabakiak Espainiako hainbat erabiltzaileren haserrea eragin du.

Ordu batzuk geroago ere, euskal ikurrak aukeratu ditu Tourrak. Bilbaoren garaipena nabarmentzeko irudian, ikurrinarekin irudikatu dute txirrindularia.

Tourrak hainbatetan erabili du ikurrina Twitterren, aurtengo lasterketaren hasieran, lehenengo hiru egunak Euskal Herrian jokatu zirelako osorik, eta bide bazterretan ikurrin oldea ikusi zelako, besteak beste. Lasterketa Euskal Herritik atera zenean, puntu berde, gorri eta zuriz eginiko ikurrinarekin agurtu eta zoriondu zituen euskal herritarrak.

Bilbaoren deiak ikurrina ateratzeko

Tourra abiatu aurretik, ikurrinak errepidera ateratzeko dei egin zuen Bilbao gaurko etapako irabazleak. «Munduko edozein txokotan lehian gabiltzala ere, beti topatzen dugu bide bazterrean euskaldunen bat bere ikurrina eskuan hartuta. Aurten, Tourra gure etxetik irteten da; ez galdu aukera ikurrina eskuan guri animoak ematera etortzeko», esan zuen bideo batean.

Ion Izagirre txirrindulariak ere bat egin zuen orduan Gure Esku-ren Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki ekinbidearekin, eta ikurrina erakusteko deia egin zuen Bilbaorekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.