Caja Rural afizionatu mailako talde soila izan zen behinola, eta ordurako proiektuaren parte zen Juanma Hernandez (Olatzagutia, Nafarroa, 1965). Gero, manager lanetan hasi zen egitura profesionala abiatu zutenean. Hori horrela, inor gutxi poztuko zen hura baino gehiago Caja Rural aurtengo Frantziako Tourrean lehiatuko dela jakitean. «Itzalpean lan handia eginda» jaso dute saria, eta zukua atera nahi diote. Aurrera begira, ez du uste mugarri izango denik. «Hori baino gehiago, akuilu bat izango da, orain arteko bideari eutsi eta pixkanaka hobetzen jarraitzeko».
Caja Rural aurtengo Frantziako Tourrean lehiatuko diren 23 taldeetako bat izango da. Nola hartu duzue albistea?
Amets bat egia bihurtzea izan da guretzat. Munduko lasterketarik onena da Tourra, eta, ekinean hainbeste urtez aritu ondoren, ikaragarria da lehiatzeko aukera edukitzea. Oinak, hori bai, lurrean ditugu, eta dagoeneko buru-belarri hasi gara datorkiguna prestatzen. Tourrak eskaintzen duen erakustokia baliatzen saiatuko gara. Eta, era berean, argudioak eman nahi dizkiegu antolatzaileei, berriz ere gonbida gaitzaten.
Nola lortu du Caja Ruralek Tourreko tropelean tokia egitea?
Itzalpean lan handia eginda, eta urtez urte errepidean ondo arituta. Frantziako Tourrean izate aldera, mesede egin digu World Tourreko bi talde desagertu izanak. Baina, hala ere, oso zaila da gonbidapena lortzea, eta oso emaitza onak lortu behar dira, egutegi egokia hautatuta. Puntuen menpe gaude denok, eta, alde horretatik, oso denboraldi emankorra izan zen iazkoa. Horrez gain, goraipatu nahi dut jende askoren ahalegina dagoela Caja Ruralek jaso duen sari honen atzean. Enpresa txikietan bezala, talde honetan langile guztiek egiten dute bultza.
Albiste ofiziala jaso aurretik, susmoa bazenuten Tourraren deia jaso zenezaketela?
Segurtasunik ez dago inoiz gonbidapenekin, ez Tourrean, ez Vueltan. Zurrumurruak entzuten ziren, eta gu jakitun ginen 23 onenen artean geundela UCIren sailkapenean. Azkenean, Tourreko antolatzaileek irizpide hori erabili dute; sailkapeneko onenak gonbidatzea, alegia. Esperantza hor zegoen, baina ziurtasunik ez genuen eduki antolatzaileek deitu gintuzten arren; albistea ofizial egin baino hamar minutu lehenago jaso genuen deia.
Hiru asteko itzulietan lehiakorrak zarete, Espainiako Vueltan maiz erakutsi duzuenez. Tourra, ordea, beste dimentsio batean dago. Talde eta egitura gisa prest zaudete neurria emateko?
Bai. World Tourreko taldeek guk baino askoz ere diru gehiago dute, baina, egitura nahiz baliabide aldetik, ez dugu inbidiarik. Era berean, oso pozik gaude osatu dugun taldearekin. Baina zuhurtziaz jokatu behar dugu: UCIren sailkapenean 22 talde daude gure aurretik; beraz, alde horretatik, Tourrean lehiatuko diren taldeen artean makalena izango gara. Tourrera munduko ziklistarik onenak doaz, eta talde apalentzat oso zaila da nabarmentzea. Dena den, ez dugu beldurrik.
«World Tourreko taldeek guk baino askoz ere diru gehiago dute, baina, egitura nahiz baliabide aldetik, ez dugu inbidiarik»
Aurrez jakin izan bazenute Tourraren gonbidapena jasoko zenutela, taldearen osaketa bestelakoa izango zen?
Ez dut uste. UCIren sailkapenean 23. postuan egonda, bagenekien aurten goi mailako egutegia izango genuela, eta, horri erantzunez, taldea zentzu guztietan indartzea erabaki genuen. Beste momentu batean, agian, guretzat ez zen posible izango Fernando Gaviria edo Stefano Oldani fitxatzea. Baina aurtengo sasoiari begira, egutegi hobea eta zabalagoa izango dugunez, ahalegina egin beharra zegoen. Ziklistak bakarrik ez; masajista, mekanikari eta zuzendari gehiago behar genuen, besteak beste. Horrek guztiak, ezinbestean, aurrekontua handitzea eskatzen du.
Zer helbururekin agertuko zarete Bartzelonako irteeran? Nahikoa izango da ihesaldietan zeresan apur bat ematea?
Helburua etapa garaipenen lehian izatea da. Zaila dela? Noski. Azkenean, oso talde gutxiren artean banatu ohi dituzte etapa guztiak. Baina ez egin zalantzarik: lehiatzera joango gara Tourrera. Ez dugu oharkabean igaro nahi. Hori beti izan da horrela. Normalena esku hutsik geratzea izango litzateke, baina saiatu beharra dago.
Aurten ez duzue Vueltaren gonbidapenik jaso. Sasoi berean Tourra eta Vuelta lehiatzea oso zaila izango zen zuentzat?
Zaila ez: ezinezkoa. Errealistak izanda, gurea bezalako talde batentzat galbidea litzateke urte berean bi itzuli handitan izatea. Futbolean, adibidez, gertatu izan da: talde bat Txapeldunen Ligarako sailkatu, eta jarraian Bigarren Mailara jaistea. Bi itzuli handi izanda, hamasei ziklista bideratu beharko genituzke proba horietara, eta aintzat hartu behar da eskarmentu gutxiko txirrindulari asko dugula. Era berean, zaildu egingo litzateke egutegiko beste probetan puntuak batu ahal izatea.
Caja Rural, babesle gisa, bi aldiz izan zen Tourrean 80ko hamarkadan, baina gaur egungo egiturarentzat lehen aldia izango da. Mugarri izan daiteke?
Aurten goi mailako egutegia izango dugu iazko emaitzei esker, baina, etorkizunean, gerta liteke apur bat behera egitea. Azken finean, gu ez gaude World Tourrean, eta horrek esan nahi du beti gonbidapenen menpe gaudela. Eta gonbidapenak lortzeko, puntuak behar dira. Beraz, Tourrean lehiatzea ez da mugarri izango guretzat; hori baino gehiago, akuilu bat izango da, orain arteko bideari eutsi eta pixkanaka hobetzen jarraitzeko.
«Errealistak izanda, gurea bezalako talde batentzat galbidea litzateke urte berean bi itzuli handitan izatea»
2023ko amaieran filtratu zen txosten batek Marcos Maynar medikuarekin eta dopin auzi batekin lotu zuen Caja Rural taldea. Lotura hori gezurtatu egin zenuten zuek, eta salaketa ipini. Ez dirudi zuen irudia zikindu zenik, bi urte geroago Tourrak atea zabaldu baitizue.
Ez dugu ezkutatzeko ezer. Inongo zentzurik ez zuen zerbait leporatu nahi izan ziguten. Baina hor geratu zen gauza, akusazioak ez baitzuen inongo funtsik. Bizilagun batek min egin nahi izan zigun. Larria da. Beti egongo da joko zikina egiteko prest dagoen jendea, baina ni lasai egon naiz beti, talde honek gauzak zintzo eta garbi egiten dituelako. Nik hemen 40 urte daramatzat ia, eta inork ezin dit esan kontu arraroekin zerikusia izan dugunik.
1992an sortu zen Caja Rural, talde afizionatu moduan. Gauzak asko aldatu dira, baina eutsi egin diozue muinari?
Bai, eta hala izango da aurrerantzean ere. Gure oinarria amateur mailako taldea da. Urtez urte gazte askori ematen diogu profesional bilakatzeko aukera, eta harrobiaren aldeko filosofia ez da aldatuko. Gaur egun, junior batzuk zuzenean World Tourrera igarotzen dira, baina, nire ustez, beti egongo da tokia garapen motelagoa duten gazteentzat. Eta gure taldeak beti egingo du apustu afizionatu mailako ziklismoaren alde.