Ez dago Tadej Pogacar (UAE) geldituko duenik. Hainbat taldekide ahuleziak jota izan ditu azken egunetan, baina esloveniarrak eutsi egin dio sasoiari. Eta nola eutsi, gainera. Alpe d’Huez mitikoan amaitu da Tourreko hemeretzigarren etapa, eta, han, lasterketaren historiako erakustaldirik handienetako bat egin du Pogacarrek. Faboritoek dezenteko atzerapenarekin abiatu dute azken igoera: ihesaldia hiru minutura zeukaten. Iraultzak ezinezkoa zirudien. Pogacarrentzat ez da ezinezkorik, ordea. Gailurretik hamalau kilometrora egin du eraso, eta, azkenerako, harrapatu egin ditu bi iheslaririk indartsuenak, Lenny Martinez (Bahrain) eta Richard Carapaz (Education). Ez da urduritu haiek gurpilean zituela ikusita: erritmo aldaketa bizia egin du 800 metro falta zirela, eta ginga jarri dio balentriari. Martinez izan da bigarren, eta Carapaz hirugarren.
Beste txirrindulariak baino gehiago, historia bera du aurkari Pogacarrek. Eta alde horretatik, arrasto handia utzi du gaur: beste inork baino azkarrago igo du Alpe d’Huez. Aurreko marka Marco Pantanik ezarri zuen, 1995ean: 36.50. Bada, gailurrera minutu bat eta 24 segundo azkarrago iritsi da Pogacar. Haren soinean, maillot horiak distira berezia du. Remco Evenepoelentzat (Red Bull) utopia hutsa da Pogacarri aurre egitea, baina pozik egoteko moduan da gaurko etaparekin, sailkapen nagusiko bigarren postuan sendotu baita. Seigarren izan da helmugan, 2.29ra. Isaac del Torok (UAE), berriz, eraso egin dio Paul Seixasi (Decathlon), eta lau segundo kendu dizkio ozta-ozta. Bihar erabakiko da nor igoko den podiumeko hirugarren koskara. Mendiko azken etapa izango da, eta Martinezek bosgarren postuan hasiko du; ihesaldiari esker, aurrea hartu die Mattias Skjelmoseri eta Juan Ayusori (Lidl).
Lidl jo eta ke aritu da ihesaldian, eta horrek kalte egin die taldeko bi eskalatzaileei, Skjelmoseri eta Ayusori, alegia. Onuraduna Martinez izan da. Frantziarrak tropeletik alde egin du etaparen hasieran, beste 41 txirrindularirekin batera. Kosk egin nahi zuen sailkapen nagusian, eta, bide batez, etapa irabazteko hautagai izan. Asmo bera zuen Carapazek. Faborito nagusien ezkutari batzuk ere aitzineratu dira; tartean Adam Yates (UAE), azken egunetan indarge ibilia. Ion Izagirre (Cofidis) ere ihesi ibili da.
Yates aurrean eduki arren, UAEk soka tenkatzeko ardura hartu du tropelean. Tim Wellens ezinean aritu da berriro ere, eta lana pilatu zaie Nils Politti eta Florian Veermerschi. Noyer mendatetik igaro ondoren, ihesaldiak lau minututik gorako aldea lortu du. Lidleko ziklistek gogotik egin dute tira, Pedersen tarteko helmugara eramateko asmoz. Etxekalte jokatu dute, ordea: Martinezek alde handia hartu du, Skjelmose eta Ayuso aurreratzeraino.
Alpe d’Huezen aurretik, Ornon igo dute, bigarren mailako mendatea. Ihesaldia nabarmen zatitu da han: soilik hamalau txirrindularik iraun dute buruan. Eta behin Alpe d’Huezera iritsita, Martinezek, Carapazek eta Sepp Kussek (Visma) atzean utzi dituzte iheskideak. Elkarri begira ibili dira, baita mokoka ere, garaipena eurena balitz bezala. Haatik, Pogacar jarraika zetorkien, suziria bezala. Carapazen erritmo aldaketak alferrikakoak izan dira, eta Pogacarrek amaieratik 1,7 kilometrora harrapatu du, gurpilean Martinez zeukala. Erraz garaitu ditu bai bata eta bai bestea, erritmoz aldatuta. Helmuga ez ezik, historiaren ateak ere zeharkatu ditu berriz ere.
Amaiera ezezaguna
Mendiko azken etapa jokatuko da bihar, eta helmuga Alpe d’Huezen egongo da berriz ere. Haatik, mendate ikoniko hori beste alde batetik igoko dute, Sarenneko igoera baliatuz. 2013an ere handik igaro zen Tourreko tropela, baina maldan behera. Bihar alde ezezagunetik igoko dute mendate ezaguna, eta baliteke horrek ezinegona piztea txirrindularien artean. Sarenne 12,8 kilometro da luze, eta %7,3koa du batez besteko pendiza. Helmuga 14 kilometro geroago egongo da, Alpe d’Huezen.
Etapa oso-osoa izango da gogorra, aurrez Croix Fer eta Galibier igoko baitituzte, maila berezikoak biak; baita Telegraphe ere, lehen mailakoa. 171 kilometrotan 5.450 metroko desnibela gainditu beharko dute. Pogacar lasai iritsiko da mendiko azken etapara, 7.11ra baitu Evenepoel, 9.42ra Del Toro taldekidea, eta 10.06ra Seixas.