Txirrindularitza

Tim Merlierrek irabazi du Tourreko hirugarren etapa

Saio motela izan da, baita arriskutsua ere: Philipsen erretiratu egin da eroriko baten ondorioz, eta Evenepoel ere lurrera joan da. Merlierrek oso bukaeran abiatu du esprinta, eta Milan azken estutuan aurreratu du. Van der Poelek lider jarraitzen du.

Tim Merlier.
Tim Merlier, garaipena ospatzen, gaur, Dunkerquen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 7a
18:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikuskizunaren antitesia omen dira Tourreko etapa lauak. Izatez, ez dute zertan hala izan. Txirrindularien esku dago hori. Bada gaur, lasterketako hirugarren etapan, oso motibo gutxi eman dute telebistari begira egoteko. Batere ikusminik piztu gabe lehiatu dira Valenciennes eta Dunkerque artean. Haizeak ez ditu urduritu, ez baitzaie saihetsetik sartu. Belarriak erorikoen erruz tentetu zaizkie bakarrik. Mantso zihoan etapa, harik eta tarteko esprintaren lehian Jasper Philipsenek (Alpecin) eroriko bortitza izan duen arte. Etxerako bidea hartu behar izan du. Galera handia da lasterketarentzat. Tim Merlierrek (Soudal) eta Jonathan Milanek (Lidl), ordea, errazago izango dute aurrerantzean esprintetan gailentzeko. Haien artean lehiatu dute gaur garaipena, eta azken gerri kolpean Merlier nagusitu da.

Philipsen ez da izan lurrera joan den txirrindulari bakarra. Amaierako esprintean ere erorialdi bat izan da, baita helmugarako hiru kilometroren faltan ere. Tartean izan da Remco Evenepoel (Soudal). Ez du denbora galerarik izan, ordurako babestutako gunean baitzegoen. Aldiz, ikusteko dago kolpeak zer kalte eragin dion. Mathieu van der Poelek (Alpecin), berriz, ez du ezbeharrik izan, eta arazorik gabe eutsi dio maillot horiari. 

Txirrindulariek oso lasai hartu dute etapa. Hainbeste, ezen ez baita ihesaldirik sortu. Utikan entretenimendua. Lo kuluxka luzea egiteko gonbita egin diete zaleei. Soilik Tim Wellens (UAE) irten da tropeletik, helmugarako 38 kilometro geratzen zirela, baina eguneko igoera bakarra buruan igaro besterik ez zuen nahi. Baimena eskatu die Soudal taldeko ziklistei, eta, puntua poltsikoratu ostean, irentsi egin du tropelak. Wellensek mendiko maillota kendu dio Tadej Pogacarri (UAE); esloveniarrak, antza denez, nahiago du ortzadar maillotarekin lehiatu.

Mantso zihoan etapa, eta are gehiago mantsotu da Philipsenen istripuaren ondoren. 60 kilometroren faltan gertatu da, tarteko esprintean: Bryan Coquardek (Cofidis) oreka galdu du, eta Philipsenek harekin egin du talka. Frantziarrak bizikleta gainean iraun du; maillot berdearen jabea, ordea, oso modu bortitzean joan da lurrera. Erorikoak erredura handia eragin dio bizkarrean, baina kolperik txarrena sorbalda aldean hartu du. Modu krudelean amaitu da lasterketa harentzat. Lehen etapa aise irabazi zuen, eta garaipen gehiago lortzeko bidean zen.  

Trostan bada ere, aurrera jarraitu du tropelak. Wellensen agerraldi labur eta kaltegabeak ez du inor urduritu. Soilik esprintaren usainak piztu ditu txirrindulariak. Azken kilometrora Lidl taldea iritsi da buruan, gero Picnicek hartu dio lekukoa, eta Milan bizi abiatu da garaipenaren bila. Ordea, azken unean aurrea hartu dio Merlierrek. Tourrean bigarren garaipena du Soudaleko esprinterrak. Hirugarren Phil Bauhaus (Bahrain) izan da.   

Muinoetan ondo moldatzen diren txirrindularien txanda izango da bihar, koska labur ugari igoko baitituzte Amiens eta Rouen artean. Ibilbideak 174 kilometro izango ditu guztira, eta bukaeran bost mendate puntuagarri gainditu beharko dituzte. Laburrak izango dira denak, baina tropela xehatzeko adinakoak. 2.000 metroko desnibela pilatuko dute; hots, sufritzeko eguna izango da esprinterrentzat. Faboritoek, berriz, zoritxarreko ezustekoak saihestu nahiko dituzte. Era berean, ezin da baztertu Pogacarrek edo Jonas Vingegaardek (Visma) agerraldiren bat egitea; hala gertatu zen igandean, antzeko ibilbidean. 

Henderson nagusi Aprican

Italiako Giroan bigarren etapa jokatu da gaur, eta bertan, sari bikoitza lortu du Anna Hendersonek (Lidl): etapa eta lidergoa bereganatu ditu. Bezperan bosgarren izan zen erlojuaren aurka, eta gaur maglia arrosa kendu dio Marlen Reusserri. Aprica mendatean egon da helmuga, eta bertara Dilyxine Miermontekin (Ceratizit) batera iritsi da Henderson. Esprintean, indartsuagoa izan da. Faboritoen multzoan Soraya Paladin (Canyon) iritsi da buruan, 26 segundo geroago. Reusser bigarren da orain sailkapen nagusian, 15 segundora, eta hirugarren Elissa Longo Borghinik jarraitzen du (UAE), 31 segundo galduta. 

Etapak 92 kilometro izan ditu, eta nahiko laua izan da Apricara iritsi diren arte. Henderson eta Miermont ez dira mendatearen zain gelditu: helmugatik 44 kilometrora egin dute eraso. Hendersonek erritmoz aldatu du igoeraren azken zatian, helmugara bakarrik iritsi nahian. Miermontek, ordea, eutsi egin dio. Esprint estua izan da bi iheslarien artean, eta Henderson nagusitu da. 2.08 geroago agertu dira helmugan Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban (Laboral Kutxa); 26. izan da bata, eta 31. bestea.

Gaurko ibilbidea alderantzikatu egingo dute bihar: maldan gora ibiliko dira hasieran, eta ibilbide laua izango dute hortik aurrera. Oso hasieran bada ere, Giroko mendaterik garaiena igoko dute: lehen mailako Tonale (8,4 kilometro eta %6,1eko pendiza). Hortaz, hautagaiek hobe dute etapa ez gutxietsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.