Esprintean amaitu da Frantziako Tourreko bederatzigarren etapa, eta Tim Merlier (Soudal) izan da azkarrena. Jonathan Milanek (Lidl) abiatu du esprinta, eta hari gurpila hartu ostean aurreratu du. Milan bera izan da bigarren, eta Arnaud De Lie hirugarren (Lotto). Alpecin esprinterrak ustekabean harrapatzen ahalegindu da Jonas Rickaertekin eta Mathieu Van der Poelekin, eta gertu izan dute loria. Helmugarako bi kilometro gelditzen zirela harrapatu dute Herbehereetako txirrindularia. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Pogacarrek maillot horiarekin jarraituko du.
Etapa abiatu eta berehala egin dute ihes Alpecineko bi txirrindulariek. Taldeko esprinterrak lasterketa utzi behar izan zuen lehen etapa irabazi ostean, lepauztaia apurtu baitzuen. Eta, hura gabe, esprinterrentzako modukoa zen etapa hankaz gora jartzen ahalegindu da taldea. Lauzpabost minuturen aldea ere izan dute une batez, baina tropelak egoera kontrolpean zuela zirudien.
Azkenerako, larri ibili dira iheslarien aldamenera iristeko. Rickaertek helmugarako sei kilometro gelditzen zirela eman du amore, indarrez hustuta, eta Van der Poelek bakarrik egin du aurrera. Garesti saldu du bere larrua, eta gogotik egin behar izan dute lan esprinterren taldeek etaparen lehian sartzeko. Azkenerako, lortu egin dute, eta Merlier izan da azkarrena esprintean.
Eguneko beste protagonistetako bat Joao Almeida izan da (UAE). Tadej Pogacarren kidea erori egin zen herenegun, eta saihets bat hautsi zuen. Atzo etapa amaitzea lortu zuen, baina gaur erretiratu egin da, tropelari ezin jarraituta. Hortaz, liderrak kide garrantzitsu bat galdu du, eta haren laguntzarik gabe aritu beharko du goi mendian. Ion Izagirre ere (Cofidis) erori egin da gaur, eta min hartu du sorbaldan. Etapa amaitzea lortu du, baina ikusteko dago hurrengo egunetan lasterketan jarraitu ahalko duen edo ez.
Suziriak prest dituzte biharko
Asteartean atseden eguna izango du tropelak, baina horren aurretik egun gogor bati egin beharko dio aurre, bihar. 4.450 metroko desnibel metatua izango du etapak; Txirrindulariek zortzi mendate igo beharko dituzte, horietatik zazpi bigarren mailakoak. Le Mont-Dore Puy de Sancyn amaituko da etapa —3,3 kilometro luze eta %8ko batez besteko pendiza—.
Almeida jokoz kanpo egonda, ikusteko dago UAEk zer estrategia erabiliko duen Pogacar liderrari laguntzeko. Hala ere, Vismak erasokor jokatu beharko du esloveniarrari min egiteko. Gaur-gaurkoz 1.17ren aldea dago Pogacarren eta Vingegaarden artean.