Athleticek Racingen bisita izango du gaur lehen itzuliari amaiera emateko. Gehienetan ikusmina sortzen duen neurketa izaten da. Bizkaitarrek eta espainiarrek harreman handia dute eguneroko bizitzan. Euskaldun askok aukeratzen du Kantabria atseden hartzeko. Kantabriar askok, berriz, Bilbo eta inguruen aldeko apustua egiten du ikasteko eta negozioak egiteko. Horregatik, zale askoren interesa sortzen du bi taldeen arteko neurketak. Derbi hitza behin baino gehiagotan erabili da neurketa horren inguruan jardun direnean. Dena dela, askotxo esatea litzateke hori.
Elkarren aurka aritu diren beste neurketa batzuetan baino zeresan gutxiago eman du asteak. Athleticen inguruan bai, behintzat. Badirudi futbolaz nahikoa egin zela berba Bartzelonaren kontra jokatutako Espainiako Kopako partidan. Ordutik, bestelako kontuak izan dira nagusi talde zuri-gorriaren inguruan. Asteon, esaterako, Urko Vera fitxatzeko interesa eta Fernando Garcia Makua presidenteak hauteskundeak aurreratzeko duen ustezko asmoa izan dira gai nagusiak. Vera erasoko jokoa indartzeko fitxatu gura du Athleticek. Lemoan ari den jokalaria lege zaharreko erdiko aurrelaria da: garaia eta buruz min egiten duen horietakoa. Llorenteri atseden emateko aproposa izan daitekeela uste dute teknikariek. Bistan da Caparrosek arrantzan jarraitzen duela Bigarren B Mailan.
Bestalde, agintari nagusia hasi ei da prestatzen beste lau urtean Ibaiganen jarraitzeko estrategiarik aproposena. Hauteskundeak aurreratu eta apirilean egitea omen da aukeretako bat. Hala ere, Makuak gezurtatu egin du albistea. «Zuzendaritzak klubaren inguruko kontuetan lanean dihardu buru-belarri. Oraingoz ez gara hauteskundeen inguruko hausnarketa egiten hasi. Egun agintaldia oso-osorik betetzea da gure asmoa», esan du aste honetan presidenteak.
Baina gaur ligako partida dauka Athleticek, lehen itzuliko azkena. Athletic Europarako txartela ematen duten postuetatik gertu dago. Orain arte txukun aritu da, baina garaipena eskuratuta ere ez du joan den denboraldiko lana hobetzeko aukerarik izango. Orain arte 26 puntu pilatu ditu Caparrosen taldeak, eta aurreko sasoian 30 punturekin amaitu zuen lehen erdia. Racing mendean hartuz gero, puntu bat gutxiagorekin konformatu beharko du.
Baina horretarako irabazi egin behar da. Eta ez da samurra izango. Racing ez da izen handiko taldea, baina denboraldion ere lan ona egiten ari da. Jaitsierako postuak zazpi puntura ditu, eta beste horrenbeste falta zaizkio Europako postuetan egoteko. Defentsan lan ona egiten ari da Miguel Angel Portugalen taldea, baina erasoan arazo asko ditu golak sartzeko. Talde apal gehienek duten gabezia duela, alegia.
Susaeta ez da fio aurkariaz, hala ere. «Tranpa duen partida da. Zaleek uste dute erraz irabaziko dugula, baina ez da horrela izango. Racing esperientzia handiko taldea da». Caparros ere zuhurtziaz mintzatu da. «Guztiok daukagu gogoan zer gertatu zen Deportivoren kontrako partidan. Lauzpabost talde alde batera utzita, gainerako guztien artean parekotasun handia dago».
Athleticeko entrenatzaileak ez du ezustekorik gura. Horretarako, bere esku dauden neurri guztiak hartuko ditu. Zuzendaritzak ere egin du ekarpena. Izan ere, Racingen kontra soropil berria estreinatuko du San Mamesek. Zelaiaren ardura duten langileek ez dute denbora asko izan aldaketa egiteko, baina fin aritu direla dirudi. «Zelaia oso ondo dago. Zoriondu egin behar ditugu langileak», esan du Caparrosek Katedralean entrenatu ostean. Beraz, berdegunea ez da aitzakia izango. Betiko legez, jokalariek izango dute garaipenaren giltza.
Ekiza, Toquero eta Susaeta
Borja Ekiza hasieratik ariko da. Atzelari nafarrak maila ona eman zuen debuteko partidan, eta gaur beste aukera bat izango du bere dohainen berri emateko. San Jose zigortuta dagoenez, eta Amorebieta min hartuta, Ocio izango du alboan. Ustaritzek, berriz, aulkitik ikusi beharko du neurketa. Badirudi Caparros nekatu dela lehen taldeko erdiko atzelariek egin dituzten akatsekin eta erabakita daukala gazteari jarraikortasuna ematea. Ez da egun bateko apustua. Beraz, Ekizak bere eskuetan dauka etorkizuna. Bestalde, Susaeta eta Toquero osatu dira, eta hamaikakoan sartuko dira.
Tranpan erori barik
Aste honetan Lezaman gutxi egin da berba Racingen inguruan, baina Athleticentzat aurkari deserosoa izango da gaurkoaPartida irabazita ere, zuri-gorriek ez dute aurreko sasoiko lehen itzulia hobetuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu