Trapezistaren bertuteak

Berasaluze VIII.a asko arriskatuz eta Arretxeren opariei esker igaro da lau t'erdikoaren final-laurdenetara

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Partida bukatu berritan, eta irabazi arren, Pablo Berasaluzek komeriak izan zituen arnasari buelta eman eta kazetariei kasu egiteko. Jota zegoen, Iker Arretxek estu hartu zuen atzo, baina beteranoari bizirik ihes egiten utzi zion. Luzaidekoak askoz freskoago bukatu zuen, baina opari gehiegi egin zituen, eta Berrizkoak ondo asmatu zuen arriskatu behar izan zuenean. Aurkariak trapeziora bultzatu zuen, eta jauzi bikoitzak ondo atera zitzaizkion. 11 tanto egin zituen airez. Trapezistaren erremateak izan ziren partida txar bateko distira tanta bakarrak. Irabazleak Titinen aurka jokatuko du larunbatean Zornotzan, final-laurdenetan.

Duela bi urte bi aurrelariek 22-21eko ikusgarria jokatu zuten Eibarren, eta askorentzat txapelketa hartako partida onena izan zen. Atzokoak, berriz, ez zuen haren antza handirik izan. Biek huts asko egin zituzten, Arretxek bereziki, eta erritmo biziak ez zuen ikuskizuna ziurtatu.

Lehen zatia orekatua izan zen, eta, Berasaluzek tartea ireki arren (5-2), ez zuen konfiantzarik igortzen. Aldea izanda ere, apustuak orekatu egin ziren. Ez zen logikoa, zerbait sumatu zuten apustuzaleek. Partida gogortuz gero Berrizkoak amore emango zuela zirudien. Hasiera piloteatuan, baina, Arretxek eman zion arnasa, saketik eginiko hiru faltarekin (9-8).

Luzaidekoa gehiago zen, freskoago zegoen, zangoz zein kolpez, eta Berasaluzek partida laburtu beharra zeukan. Berrizkoa artista da, eta oso ondo sakatuz errematerako aukerak behartu zituen, eta ia denak baliatu: txokoan goxo, dejada zehatzak, zabalean... Denak airez, eta zazpi tanto egin zituen jarraian (16-8).

Arretxek eskapada batekin hautsi zuen bolada, eta sakea hartuta emozioa Astelenara itzularazi zuen. Berasaluzek errestatu beharreko hiru sake irentsi zituen, eta tanto bakarrera murriztu zen aldea (17-16). Bigarrenez goraka zetorren Arretxe, eta aurkaria trapeziora igo zen berriz. Arriskatuz lortu zuen 18-16koa, eta sake on bati esker ireki zuen aldea. Jota zegoen, eta tanto arteko tartea ahal bezainbeste luzatu zuen. Gazteak beste tanto bat egin zuen, eta irabazleari ez zitzaion komeni azken txanpa luzatzerik. Bi erremate zehatz eta sake batekin erebaki zuen partida. Leher eginda, kostata atera zuen amorrua ospakizunean.



Berasaluze VIII.a 22

Arretxe II.a 17

Iraupena. Partidarena 47.37; jokoarena 8.50.

Pilotakadak. 195.

Saketik. Berasaluzek 2; Arretxek 4 eta hiru falta.

Markagailua. 2-0, 2-1, 5-1, 5-5, 7-5, 7-6, 9-6, 9-8, 16-8, 16-14, 17-14, 17-16, 19-16, 19-17 eta 22-17.

Bestelakoak. Ikusle gutxi Eibarko Astelenan, 200 ikusle inguru. Apustuak 100-70 irten ziren Berasaluzeren alde, baina berehala jarri ziren Arretxeren alde. Diruak gorabehera asko izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.