errugbia

Trenaren zain

Miarritzeko jarraitzaile ugari joango da bihar goizean trenez Parisera, arratsaldean Heineken Kopako finala ikusteko. Klubak SNCF konpainiarekin akordioa lortu du.

2010eko maiatzaren 21a
14:22
Entzun
Miarritze taldekoak asteazkenetik daude Parisen, bihar Tolosaren aurka Heineken Kopako finala jokatzeko (18:00), eta jarraitzaile gehienak bihar joango dira hara, ia denak trenez. Izan ere, klubak SNCF tren konpainiarekin eraman elkarlanaren ondorioz, lau tren berezi prestatu dituzte euskal zaleentzat. Horietako bat gazteentzat erreserbatua da; besteak beste, Miarritzeko Mizanbu gaztetxeko kideak igoko dira bertan Parisera.

Bihar goizean abiatuko dira trenak, 6:00etatik aitzina. Corail izeneko tren beltza 6:10ean aterako da La Negresse-ko geltokitik -5:30ean geltokian izaitea baitezpadakoa da-, eta 13:30ean arribatuko da Parisko Austerlitz geltokira. Itzulia geltoki beretik eginen dute, igande goizean, 0:25etan.

Teoz tren grisa 6:28etan aterako da -5:45ean La Negressen izan behar da- eta 13:53etan arribatuko da Austerlitzera. Itzulia, igande goizean, 00:15ean.

AHT gorria 7:30ean aterako da -hitzordua geltokian 6:45ean-, eta 13:40etan helduko da Parisko Montparnasse geltokira. Itzulia, geltoki beretik, igandean 00:05etan izanen da.

AHT berdea larunbatean 8:05etan aterako da La Negresse-tik, 13:55etan Montparnassera arribatzeko. Itzulia, geltoki beretik igandean, 00:20etan da.

Hala ere, ez dira guti izanen Euskal Herritik haien kabuz joandako beste zaleak. Hegazkinetan jada ez dago lekurik Miarritzera joateko. Autoa hartuko dutenak ez dira guti izanen ere.

Stade de Francen izango da finala eta, estadioak 80.000 ikuslerentzako lekua izan arren, 7.500 leku soilik erreserbatu dituzte bi taldeen zaleentzat. Sarrerak berehala saldu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.