Esprintak txirrindulari azkarrenak irabazten ditu gehienetan. Ez beti, batzuetan abileziak aurrea hartzen baitio abiadurari. Bada, eskema guztiak apurtu dira Tourreko lehen amaiera lauean, zutik iraute hutsa aski izan baitu Tim Merlierrek (Alpecin) etapa irabazteko. Erorikoek sekulako triskantza eragin dute azken kilometroetan, hautagaien artean lehenik, eta azkarrenen artean ondoren. Caleb Ewan (Lotto Soudal) eta Peter Sagan (Bora) lurrera joan dira esprintean, eta hala, garaipen erraza lortu du Merlierrek, Jasper Philipsen taldekidearen eta Nacer Bouhanniren (Arkea) aurretik. Aurreneko Tourra duen arren, lehen hiru etapetatik bi irabazi ditu Alpecin taldeak.
Liderren artean, gaurkoak mendiko etapa batek adinako aldeak eragin ditu. Primoz Roglic (Jumbo Visma) izan da kaltetuenetako bat, hamar kilometroren faltan izandako eroriko baten erruz. 1.21 galdu du Richard Carapazekin (Ineos), Miguel Angel Lopezek (Movistar) bezala. Carapaz izan da aurreneko multzoan sartu den faborito bakarra. Tadej Pogacar (UAE) moztuta utzi du helmugarako lau kilometrora izan zen erorketa batek, eta 26 segundoko atzerapena izan du, David Gauduk (Groupama), Rigoberto Uranek (Education) eta Geraint Thomasek (Ineos) bezala.Tartean, hamalau segundora sartu dira Enric Mas (Movistar), Wilco Kelderman (Bora) eta Nairo Quintana (Arkea).
Roglicen muturrekoaren aurretik ere, egun okerra ari zen izaten Jumbo Visma taldea. Izan ere, eroriko gaiztoa izan du Robert Gesinkek etapa hasi berritan, eta ezin izan du jarraitu. Harekin batera joan da lurrera Thomas, eta min hartu du sorbaldan. Dena den, hura itzuli da bizikleta gainera, eta taldekideen laguntzaz –Jonathan Castroviejo izan da Ineosek atzeratu duen hiru ziklistetako bat–, harrapatu du tropela.
Hortik aurrera, esperotako gidoia berreskuratu du etapak: esprinterren taldeek kontrolpean mantendu dute bost txirrindularik osatutako ihesaldia. Jelle Wallays (Cofidis), Michael Schar (Ag2r) eta Cyril Barthe (B&B Hotels) iritsi dira urrutien; bost kilometroren faltan harrapatu dituzte. Ordurako, lurrera joana zen Roglic. Errepidea estua eta sigi-sagatsua zen azken kilometroetan. Hortik gutxira, erorketa latza izan du Jack Haigek (Bahrain). Erretiratu egin behar izan da. Ez zuen ematen ezbehar gehiago egongo zenik, baina Ewanek Merlierren atzeko gurpila ukitu du azken metroetan. Hark ere etxerako bidea hartu behar izan du.