Patxi Vila. De Rosa-Flaminiako txirrindularia

«Tropel arrotzagoa aurkitu dut»

Positiboa tarteko, sufritu egin zuen Patxi Vilak zigortuta egon zen garaian, baina sasoi honetan pedalkada bakoitzarekin gozatu egin duela nabari zaio hizketan hasitakoan; beste urte batez jarraituko duela ziurtatu diote.

unai zubeldia
Donostia
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Maldan behera erori zen. Positiboarekin estropezu egin, eta bi urte eta erdi igaro zituen pedalei eragin ezinik. Munduan ez dago horrelako aldaparik daukan mendaterik. Gaur bete ditu 36 urte Patxi Vilak (Bera, Nafarroa, 1975), baina gaztetzen ari da. Arrotz sentitzen da etxean, eta etxeko sentitzen dute Italian. De Rosa-Flaminiak eman zion iaz zigortuta egon zeneko amorrua askatzeko aukera. Eta, denboraldi honetako lanak amaituta, Fabio Bordonali taldeko buruarekin hurrengo sasoirako dagoeneko kontratua hitzartu du. Taldeak izen berria du: Utensilnord Named, baina ilusioa bera da. Kontratua sinatu aurretik bildu zen BERRIArekin.

Amaitu dituzu denboraldi honetako lanak, baina erabat geratzea ere ez da komeniko, ezta?

Azken asteotan, nekatuta egonda ere, entrenatzen jarraitu dut. Beti gustatu izan zait urriaren 15era arte-edo jarraitzea, eta, ondoren, azaroaren 15ean itzultzea. Tarte horretan bizikleta alde batera utzi eta beste kirol batzuk egiten saiatzen naiz. Bizpahiru aste geldirik egotea ona dela esaten dute, baina ondo hezita nago ni, eta badakit hori ez dela horrela. Bost, sei, zazpi egun baino gehiago ez dut irauten kirolik egin gabe. Astebete edo hamar egun pasatuko ditut familia giroan, oporretan, eta bueltan bizikletan agian ez, baina berehala hasiko naiz mendian, korrika, frontenisean... Ez zait gustatzen geldirik egotea.

Beldur pixka bat edo errespetu puntu bat bazenion denboraldi honi, baina ondo aritu zara. Lepauztaia hautsi izana, pena horixe edukiko duzu, agian...

Ez dakit beldurra ote den, errespetua ote den... Jakin-mina neukan, agian. Bi urte eta erdiren ondoren, nola nengoen jakiteko gogoa neukan, tropelean nire lekua zein zen jakiteko gogoa. Lehen lasterketetan nabaritu nuen bereziki tentsio hori, nik neure buruari jarritako tentsioa.

Fabio Bordonali De Rosa-Flaminia taldeko buruaren deiari erantzutea izango da, agian, sasoi honetan geratzen zaizun etaparik zailena.

Gizartean krisi madarikatu hori dago denen ahotan, eta txirrindularitzak ere ezin izan dio ihes egin egoera horri. Enpresek, normalean, babesle kontuetatik eta gainerakoetatik egiten dituzte murrizketak, eta txirrindularitzan dena zailtzen du horrek. Pentsa, Leopard taldeak ez du aurkitu babeslerik, eta HTCk, lau urteotan 300 garaipen baino gehiago lortu ondoren, ez jarraitzea erabaki du. Talde handiei ere eragiten die krisiak, eta ez da zaila xumeenak nola dauden jakitea. Baina ea tokitxoa lortzen dudan. Beste gauzaren bat ere badaukagu hitz eginda, baina ezer finkorik ez.

36 urte beteta, familia hazten, nekea pilatzen... Baina zu jarraitzeko desiratzen zaude.

Bai, bai. Aurten fisikoki oso ondo sentitu naiz, nahiz eta maiatza inguruan lepauztaian izandako lesioak bitan zatitu zidan denboraldia. Baina, orokorrean, entrenatzeko ez dut arazorik izan; fisikoki ondo nago, motibazioa hor dago, eta, talderen batek jarraitzeko aukera ematen badit, egurrean jarraituko dut.

Zigortuta egon zinen tarte horretan pilatutako amorrua askatzeko balio izan al dizu denboraldi honek?

Emaztearekin horri buruz aritu berri naiz hizketan. Uste dut pilatutako amorru guztiaren isla izan dela aurten lasterketetan izan dudan jarrera, nahiz eta momentuan bertan ni ez jabetu horretaz. Hainbat lasterketatan kamikaze moduan ibili naiz, eta burua erabiliz gero, beharbada, ez nituen egingo egin ditudan hainbat gauza. Nonbaitetik irten beharra zeukan zigorraren garaian pilatutako amorruak, eta kamikaze gisa irten da. Hainbat ihesaldi, hainbat erokeria... Gaztetzen ari garen seinale izango da, agian.

Tropelera itzulita, zer aurkitu duzu txirrindularitzan?

Dezente aldatuta topatu dut txirrindularitza, tropelaren banaketan batez ere. Garai batean, Italia, Belgika eta Espainiako txirrindulariak ziren gehienak. Baina, orain, asko dira amerikarrak, australiarrak, ingelesak... Aldaketa badago. Tropel arrotzagoa aurkitu dut. Krisiaren ondorioa izango da, agian, baina nik alde egin aurretik tropela batuago zegoela uste dut. Txirrindularien, taldeen eta managerren artean elkartasun handiagoa zegoen; orain, hoztu egin da dena. Eta berriz diot: krisiaren ondorioa izango da, agian, garai onetan denok egoten garelako prest ondokoari laguntzeko, baina egoera okertzen denean norberaren etxea ahalik eta txukunen edukitzea izaten delako helburua.

Itzultzeko aukera izatea bera ez zen samurra izan zuretzat. Gogoa bai, baina taldeak, proiektuak falta. Azkenean, ohiturari jarraituz, bigarren etxera joan zinen, Italia aldera. Gertuagoko aukerarik eta nahirik ez?

Bai, nahia bazegoen. Baina Italian egin dut profesionaletako ibilbidea; ez dakit zorionez edo zoritxarrez esan, baina gaur egun han daukat nire bigarren etxea. Euskal Herrian ez daukat kontakturik; ez daukat etxera itzultzeko aukerarik, nahiz eta gustatuko litzaidakeen. Aurten Italian lehiatu naiz bereziki, eta ahalegin handia egin beharra zegoen geure berri izateko. Horrela zaila da aukerak sortzea. Ez dakit etorkizunean etxera itzultzeko aukerarik izango ote dudan, baina denontzat da gustagarria etxean aritzea, estimatua izatea.

Ahalegina, wattak, pultsazioak, denborak... Entrenamenduetan dena ondo kontrolatu zalea zara. Zer esaten dute test horiek?

Denborei eta wattei dagokienez, aurtengoa izango da, agian, profesionaletan emaitzarik onenak lortu ditudan urtea, nahiz eta gero hori ez den islatu errepidean. Fisikoki garai bateko datu berberak lortu ditut. Bitxikeria gisa, urte askoren ondoren, aurten 195 pultsaziotara iritsi naiz, eta nire marka berdindu dut. Zigorraren aurretik, hainbeste urtetako ahaleginaren eta nekearen eraginez, ez nintzen iristen kopuru horietara. 188, 190... Asko jota, hor ibiltzen nintzen 2008an. Eta, esan bezala, wattei eta denborei dagokienez, gutxigatik baina markaren bat edo beste hobetzea ere lortu dut.

De Rosa-Flaminia. Zer eman diozu zuk taldeari, eta zer eman dizu taldeak zuri? Azken batean, atzerritarra zara eurentzat.

Iritsi nintzenean ia inor ez nuen ezagutzen, ezta izenez ere, gehienak txirrindulari oso gazteak direlako. Talde txikia da, xumea. Uste dut Matteo Fedi dela gazteena, 1988an jaioa. Toscanakoa da, oso hiztuna, irekia, eta bigarren edo hirugarren egunean hor etorri zitzaidan galdezka: «Oroitzen zara 2003ko Giroa Toscanara iritsi zenean irteeran autografo bat sinatu zenidala?». Bitxikeria gisa, esanguratsua da. Taldea oso gaztea da, eta gogoa esan nahi du horrek, ilusioa, freskotasuna... Hori dena eman dit. Besteengan ikusten ari naiz nik orain hamar urte sentitzen nuena. Eta, ahal izan dudan moduan, nire esperientzia eta lasaitasuna islatzen saiatu naiz. Profesionaletako lehen urteetan ez da erraza norberaren lekua zein den jakitea, eta gazteenak bideratzen saiatu naiz. Eta, tira, 36 urterekin gezurra badirudi ere, daukadan gogoa islatzen ere saiatu naiz. Pasatakoak pasa eta gero, etxean kontraturik gabe dagoen jende asko etorri zait burura, eta horiekiko errespetuz, barruan neukan guztia ematen saiatu naiz korritu dudan lasterketa bakoitzean.

Zuk hasieratik onartu zenuen zeure hutsegitea. Baina inoiz sentitu al duzu gai horren inguruan nahi edo behar baino azalpen gehiago eman behar izana?

Bai... Beharra baino gehiago, nire barruak dena askatzeko nahi bat zeukala sentitu dut. Positibo eman duzu eta kito. Jende gehienarentzat azalpenek ez daukatela pisurik ohartu naiz. Jendea horrekin geratzen da. Oso lan zaila da. Ez da erraza jendeak zuri sinestea, baina norbera aske da nahi duena pentsatzeko. Horregatik, sarritan, azalpen gehiegi ematea bera kaltegarria ere izan daiteke. Ni ez naiz inor inori bere iritzia aldatzeko. Eman beharreko azalpenak eman nituen, baina hortik aurrerakoa ez dago nire esku. Oso gogorra da, baina gehienek kontrako iritzia edukiko dutela onartu beharra dago.

Bi urte eta erdi horietan ez al zenuen tentaziorik izan «kito» esateko?

Oso momentu jakinetan izan dut dena uzteko tentazio txikiren bat edo beste, baina neure barren-barrenean ez da egon halako pentsamendurik. Nik ere ez nituen sinesten dena uzteko neuzkan tentazio horiek. Profesionaletako ibilbidea zigorrarekin amaitu izan balitz, hilobira eramango nuen egoera hura. Itzuli beharra neukan, batez ere neure buruarekin eta familiarekin bidaia hau beste modu batera bukatu ahal izateko. Datorren denboraldirako lizentzia lortzen badut, nire 30. kontratua izango da. Bizi guztia daramat honetan, eta zorionez, zoritxarrez, edo ez dakit zer zoriz, baina nire bizia ezin zen hala amaitu.

«Ona zertan zaren jakin behar duzu, eta esparru horretan ahalik eta lanik onena egiten saiatu». Hala esan zizun behin Eusebio Unzuek, eta horretan maisua izan zara.

Lehenbailehen onartu beharra dago norberaren mugak non dauden. Muga horiek onartutakoan, askoz samurragoa izaten da bidea. Bi urte eta erdi tropeletik kanpo igaro ondoren, aurten, beharbada, ahaztu egin ditut muga horiek. Baina errepideak berehala jartzen zaitu zeure lekuan. Ez dakit maisu izan naizen, baina saiatu naiz naturak eman dizkidan baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzen. 90eko hamarkadan nire inguruan lan egin zuen jendeari eskerrak eman beharrean nago. Eusebio berari [Eusebio Unzue], Pako Aiestarani, Esteban Gorostiagari... Asko lagundu zidaten, eta gaur egun ere eurei esker nago nagoen lekuan. 35-36 urterekin taldeburu jakinik gabe geratu naiz taldean, eta erabat ahaztuta neuzkan lanak egin behar izan ditut, neure mugak zeintzuk diren jakinda, noski. Alde horretatik, gogorra izan da denboraldia, nahiago nukeelako ondoan taldeburu indartsu bat edukitzea; seguruago sentitu izan naiz beti.

Aurtengo Euskal Herriko Itzuliko erlojupekorako prestaketa lanetan ari zela, besarkada estua eman zenion Marzio Bruseghin lagun handiari. Horrelako pertsonak ezagutzeagatik bakarrik merezi du hainbeste sufritzea, ezta?

Tropelak lagun handiak eman dizkit, eta, itzuli naizenean, joan nintzenean hor zegoen jendea poztu egin dela sentitu dut. Asko bete nau horrek. Marzioren [Bruseghin] kasuan, bi urte hauetan harreman estua izan dugu; ni bere etxean egon naiz, bera nirean ere bai... Treviso inguruan daukat nire bigarren familia, bigarren kuadrilla... Marzio haserre samar dago txirrindularitzarekin, beste ikuspuntu bat daukalako. Itzuli egingo nintzela esan nionean, ea zoratuta nengoen esan zidan, ea nork behartu ninduen hori egitera. Lasterketa batzuetan elkarrekin ibili gara aurten, eta bere etxe inguruan geunden batean, Dolomiten sarreran gaintxo batean geratu, eta inguruari begira nengoela erantzun nion: «Marzio, orain ulertzen al duzu zerk behartzen nauen itzultzera?». Gauza txiki horiek asko betetzen naute.

25 urterekin debuta, 35 urterekin bigarren debuta... Erretiroa 45 bat urterekin hartu beharko duzu...

[Barrez] Ez dakit, ez dakit. Oraingoz ez daukat horrelakorik buruan. Bi urte eta erdi hauetan harro sentitu naiz neure buruak borrokatzeko daukan gaitasunarekin, baina baita emazteak, gurasoek eta inguruko guztiek izan duten indarrarekin ere. Nahiz eta Patxi izan guztiaren erantzule, ezinbestekoa izan da familia guztiaren laguntza, eta erabat harro nago ingurukoek borrokatzeko eduki duten gaitasunarekin. Inguru horrek jarraitzeko eskatzen dit, eta asko fidatzen naiz eurekin. Sarritan oker hartzera nindoan erabakiak eurei esker hartu ditut zuzen. Jarraitzeko eskatu dit inguruko epaimahai horrek, eta ezingo dut kontrakorik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.