Salaketa

Tsimanovskaia bahitzen saiatu izana egotzi dio Poloniak Bielorrusiari

Nazioarteko Olinpiar Batzordeak iragarri du salaketa ikertuko duela. Polonian babesa eskatu du atleta bielorrusiarrak.

Poloniako enbaxadaren kanpoaldea, Tokion. Han dago Bielorrusiako atleta. FANCK ROBICHON, EFE
2021eko abuztuaren 3a
10:52
Entzun

Kristina Tsimanovskaia atletak Bielorrusiako Olinpiar Batzordearen aurka egindako kritikekin hasi zen guztia. Tsimanovskaiak leporatu zion Aleksandr Lukaxenko presidentearen semeak zuzentzen duen batzordeari tarterik gabe esan izana 400 metroko oztopodun lasterketan parte hartuko zuela. Haren esanetan, proban parte hartzera derrigortu zuten taldeko gainontzeko atletek ez zituztelako osasun probak gainditu. Larunbatean izan zen hori, eta ordu gutxira, igande goizaldean, atletak berak sare sozialetan zabaldu zuenez, Bielorrusiako atletismo taldeko teknikariak gelan sartu ziren eta maletak egiteko agindu zioten. Lekukotzaren arabera, indarrez eraman zuten Hanedako aireportura, baina han Japoniako Poliziari laguntza eskatu zion, eta ez zen hegazkinera igo.

Tsimanovskaiak asiloa eskatu zuen Polonian, argudiatuta Bielorrusiara itzultzen bazen bere bizitza arriskuan izango zela. Atleta Poloniak Tokion dun enbaxadan dago orain, eta Varsoviak hura bahitzen saiatu izana egotzi dio Minski. Hark eta atletak berak egindako salaketa ikertzen hasi da NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordea, eta, iragarri duenez, gaur bertan jakinaraziko ditu ondorioak. «Auzian nahasitako guztien testigantzak entzun nahi ditugu. Gure azken helburua atleten segurtasuna da», adierazi du NOBeko eledun Mark Adamsek.

Atleta ez da Polonian babesa hartu duen Bielorrusiako lehen disidentea. Varsoviak babes programa bat du martxan Bielorrusiatik ihesi doazen oposizioko kideentzat. Hain zuzen ere, Tsimanovskaiaren senarrak, Arseni Zhdanevitxek, Kieven hartu duela babes jakinarazi zuen aste hasieran Ukrainako Gobernuak, eta handik Poloniara joateko asmoa duela.

Oso bestelakoa da, ordea, Bielorrusiako Olinpiar Batzordeak adierazi duena. Erakundeko buru Viktor Lukaxenkoren arabera, haren buruko osasuna egoeragatik erabaki zuten atleta jokoetatik erretiratzea, «medikuen aholkuei jarraituta».

Abuztuaren 9an beteko da urtebete Bielorrusiako presidentetzarako hauteskundeak egin zituztela, eta horietan iruzurra egitea egotzi zion oposizioak Aleksandr Lukaxenko estatuburuari. Emaitzak jakin ostean, protestak piztu ziren herrialde osoan; geroztik 33.000 pertsona atxilotu dituzte, eta milaka izan dira erbestera jo dutenak, tartean oposizioko alderdi nagusietako buruzagiak. Izan dira krisiarekin lotutako ezbehar larriagoak ere. Gaur bertan, disidenteei Bielorrusiatik irteten laguntzen zien gobernuz kanpoko erakundeko bateko kide bat hilik agertu da Kieven. Ukrainako Polizia hilketa bat izan ote den ikertzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.