Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Amesgaiztoa

Nagore Odriozola Juaristi.
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Demagun 24 urteko korrikalaria zarela eta Olinpiar Jokoetan atletismoko 200 metrokoan lehiatzeko bost urte zoazela prestatzen. Demagun ere lasterketa baino bi egun lehenago zure ordezkaritzako arduradunek beste batean ematen dutela zure izena, itxuraz, lehiatu behar zutenek ez dituztelako behar adina dopin kontrol egin.

Bada, imajinatu orain zure entrenatzaileekiko amorrua sare sozialen bitartez partekatzea otutzen zaizula eta horrek dakarrena amesgaizto bat dela: zure gelan sartzen zaizkizu bat-batean, eta maletak egiteko ordu bat duzula esaten dizute, Tokioko Haneda aireportuan hegazkin bat duzulako zain, etxera itzultzeko. Bada, Bielorrusiako Kristina Timanovskaiari gertatu zaio hau.

Japoniatik gogoz kontra atera nahi izan zuten korrikalaria duela egun batzuk, Aleksandr Lukaxenko presidentearen edota herrialdeko Olinpiar Batzordeko burua den Lukaxenko semearen esanetara. Itxuraz, komunikabideek «patriotismo falta» egotzi diote. Timanovskaia, ordea, egoeraren larritasunaz jakitun, bizkor aritu zen, eta laguntza eskatu zuen: NOBi, bere segurtasuna bermatzea, eta Poloniako Estatuari, asiloa. Beldurrez, bazekielako etxera itzultzeak kartzela zigorra ekarriko liokeela (ez litzateke Bielorrusian kartzelara eraman duten lehenengo kirolaria izango Lukaxenkoren gobernuaren aurka hitz egiteagatik), Japoniako Poliziak hotel batera lagundu du, eta berau eskoltatu dute egoera argitu bitartean.

Beraz, hartu izan beharko lukeen hegaldia joaten utzi zuela dirudi, eta Poloniak (honi bai, antza) asiloa eta bere kirolari bizitza ziurtatu dizkio. Senarra du orain, ordea, Ukrainara ihes eginda, lehenago edo beranduago elkartuko ote diren. Baina Timanovskaiaren amesgaiztoa ez da inola ere amaitu, bere familiaren segurtasuna ezin baitu inolaz ere bermatu. Zergatik ez ote nau honek, ordea, inolaz ere harritzen?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.