Txirrindularitza

Turnerrek irabazi du Espainiako Vueltako laugarren etapa, eta Gaudu jarri da lider

Ineos taldeko txirrindulari ingelesak ezustea eman du esprintean, eta aurrea hartu dio Jasper Philipseni. Bretoia eta Jonas Vingegaard elkarrekin iritsi dira, baina Groupamakoa lehenago helmugaratu da, eta horri esker maillot gorria eskuratu du.

Ben Turner. LA VUELTA
Ben Turner garaipena ospatzen, gaur. LA VUELTA
Julen Etxeberria.
2025eko abuztuaren 26a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustekoz ezusteko dabiltza Espainiako Vueltan. Atzo, David Gauduk (Groupama) ustekabean harrapatu zituen guztiak esprintean, eta hirugarren etapa irabazi zuen. Gaur, berriz, esprinta jokatu dute berriro laugarren etapan, eta ez da nagusitu faboritoetako bat: ez Jasper Philipsen (Alpecin), ezta Mads Pedersen ere (Lidl). Ben Turner ingelesa (Ineos) izan da azkarrena Voironen (Frantzia), eta, horri esker, haren kirol ibilbideko garaipenik garrantzitsuena lortu du. Philipsen izan da bigarren, eta haren bideratzaile Edward Planckaert hirugarren.

Sailkapen nagusian, berriz, aldaketa garrantzitsua egon da. Izan ere, Gaudu jarri da lider. Jonas Vingegaard (Visma) zen lehen sailkatua, aurreko etapetan lortutako postuengatik, baina, gaur, bretoia 25.a izan da helmugan, eta danimarkarra 42.a. Horri esker, berak darama orain liderraren maillot gorria. Giulio Ciccone (Lidl) da hirugarren, zortzi segundora.

Bihar, taldekako erlojupekoa

Baina baliteke alde horiek ezerezean geratzea bihar. Gaurko etapa bukatu eta berehala hegazkina hartuko dute txirrindulariek, Frantziatik Herrialde Katalanetara joateko, han jokatuko baitute bihar bosgarren etapa, 24,1 kilometroko taldekako erlojupekoa. Laua da, espezialistentzako oso aproposa. Baina taldeka ariko dira, eta lan horretan funtsezkoa izango da koordinazioa. Baliteke aldeak egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.