ERRUGBIA

Txapel nahia

Miarritzek Heineken Kopa irabaztea zuen sasoiko xedeetako bat, baina bidean geratu zen. Gaur, parisen, bigarren xedea bete nahi du Frantziako final nagusia irabazita, orain dela hiru urte bezala

MIARRITZE
2005eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Hamar hilabete bete dira Frantziako Maila Nagusiko Top 16 Liga hasi zela, eta lehen aldiz multzo batean jokatzen hasi zenetik. Gaur ukanen du akabera final distiratsuarekin, eta euskal talde bat ariko da 2002an bezala: Miarritze. Orduan irabazi egin zuen, eta, gaur ere, horretantxe saiatu nahi du, Parisko Frantzia Estadioan (20:45).

Miarritzek 40 partida jokatu ditu aurten eta Stadek 41, baina, halere, bat gehiago jokatzeko gogoa dute, ez baita nolanahikoa izango. Osagarri asko ditu gaurko partida zuzenean jarraitzeko: aurtengo laugarren partida jokatuko du elkarren aurka, Heineken Kopako finalerdia jokatu zuten eta Stadek irabazi zuen (20-17), Stadek finala galdu zuen Tolosaren aurka gero, eta, Gonzalez eta Brouzeten agurra izango da.Stadek laugarren finala jokatuko du, 97-98an Maila Nagusira itzuli zenetik.Auradou kapitainak, Dominicik eta Marconnetek lau finalak jokatuko dituzte. Miarritzen, berriz, Gonzalez, Avril, Betsen, Lievremont, Peyrelongue, Bidabe, Bousses eta Brusque izango dira 2002an ere jardun zutenak.Europako aitzinlaririk onenak borrokatuko dira gaur. Lievremont da Miarritzekoen gidari eta baloia eskuetan duela onena. Staden, eskasa da nabarmentzekoa, eta, horretan, Rabadan gidari. Hariñordoki sasoian dago eta biziki saiatuko da Staderen defentsa zulatzen, Martin Stadekoa bezalaxe.Gibelean ikusgarria izango da Traille eta Liebenbergen arteko norgehiagoka, jokatzen badute. Izan ere, indar handiz sartzen diren bi erdiko dira. Traillek sarri hautsi zuen paristarren defentsa Heineken Kopako finalerdian, eta baita joan zen larunbatean Bourgoinen aurka ere. Bestalde, Bousses eta Glasen abiadura ere ikustekoa izango da. Horiez gain, Gobelet eta Dominici aipatu behar dira, zelaiko edozein lekutatik sarrerak egiteko ahalmena baitute; Dominicik egin zion entsegua Miarritzeri azken minutuan, Heineken Kopako finalerdian.Bestalde, oraindik ez dituzte entrenatzaileek hamabostekoak finkatu, eta antzekoa gertatu zen Heineken Kopakoan; gaur jakinaraziko dituzte.Partida harekin alderatuta zer hobetu behar duten azaldu du Delmas Miarritzeko entrenatzaileak: «Zehaztasuna lortu behar dugu, orduan ez baikenuen asmatu baloia behar bezala gordetzen hiruzpalau jokaldi garrantzitsuetan».

Gonzalezek bigarren txapela jantzita agurtu nahi du

Aspaldi ari gara esaten Jean-Mixelen azken partida izango dela, baina finaleraino heldu denez, gaur izango da benetako agurra. Bourgoinen aurka ez zuen aukerarik izan, gutxienez bost minutuz lasterkaldi batzuk egiteko gogoa handia ukan zuen arren.

Aztalkariak bigarrren aldiz irabaziko du Frantziako txapela, Miarritzek irabazten badu, 2002ko finalean ere jardun baitzuen. Bere eskarmentuak asko balio du gaur nolako finala jokatu behar duten antzemateko: «Bihotzez eta sutsu jokatu behar dugu, baina, halaber, buru hotz hondarreraino. Izan ere, Heineken Kopako finalerdian ez genuen behar bezala ukan burua, ez gutxienez, Top 16ko finalerdian bezala, Bourgoinen aurka. Partida handia egin beharko dugu, fisikoki esku zabal izan beharko dugu eta oso langile, bainazer egiten ari garen jakinda».Kanbotarrak ikusi ditu Tolosa-Stade finalerdiko irudiak, eta Pariskoen erabakakigarritasuna nabarmendu du. Gainera, atzinean oso ongi jokatu zutela eskasetan eta horregatik irabazi zuela, Tolosak neurria eman bazuen ere. Bestalde, hiru jokalari ez dira ariko gaur, min hartuta daudelako, hots, Martin Gaitan, Mickael Etxeberria eta Jimmy Marlu. Horrela ez baleude, gaurko finalean izango ziratekeen.

-

Finalari buruzko iritziak





DENIS AVRIL (Miarritzeko jokalaria)

«Gaur erne jardun beharko dugu amaierako txistua entzun arte»





«Amaitu da finalean pentsatzeko garaia, eta Heineken kopako arantza atera behar dugu, partida hura hondarrean galdu baikenuen.Horregatik, oraingoan erne ibili beharko dugu partidaren amaierako txistua entzun arte. Aurten norgehiagoka onak egin ditugu, batez ere Heineken Kopan: Leicester, Wasps... Ligan ere, aintzat hartzeko emaitzak lortu ditugu Tolosa, Stade bera eta joan zen larunbatean Bourgoinen aurka. Horietako edozein partida izan daiteke ardatza finala irabazteko».

J. PEYRELONGUE(Miarritzeko jokalaria)

«Sasoi osoan jardun dugu lanean, une gozoak bizi ahal izateko»





«Finala irabazteko, nahitaez saihestu behar ditugu Bourgoinen aurkako finalerdian eginiko hutsak. Markagailuan hurbiltzeko aukera eman genion, eta horrela egiten badugu, Stadek ederki baliatuko ditu. Stade ahaltsua da une garrantzitsuetan egoera zailenari aurre egiten. Berriro ikusi dugu Tolosaren aurka jokatzen, finalerdian, eta baieztatu egin da oso defentsa zorrotza darabilela, eta ez dela erraza haustea. Erasoan, berriz, gero eta bolumen handiagoa jarri dio jokoari, eta ohituta daude finalak jokatzen».

DAMIEN TRAILLE (Miarritzeko jokalaria)

«Ez dut uste Dominiciri defentsa berezirik egin behar diogunik»





«Staderen aurka Heineken Kopan galdutako finalerditik gauza dezente ikasi genuen. Erabakigarriak izan behar dugu aitzinean, sasoi honetan sarritan izan garen bezalakoak; Bourgoinen aurka joan zen larunbatean, esate baterako. Gibelean, berriz, zelaia okupatzen saiatu behar dugu, eta, jakina, defentsan oso diziplinatuak izan. Bestalde, ez dut uste Dominiciri defentsa berezirik egin behar zaionik. Denok itxi behar ditugu tarteak metrorik irabaz ez dezaten eta guk garaipenaren bide egokia atxikitzeko».

MAX GUAZZINI (Stadeko lehendakaria)

«Beste urte batez eutsi egin nahi diogu txapelari, eta gogoz gaude»





«Orain hamar urte 120 ikusle joaten ziren Jean-Bouin zelaira Stade ikustera; gaur milaka joango dira. Asko gozatu dut taldeak partidak irabazi dituenean. Galthieren etorrerak indarrra eman dio Staderi, azken bi txapelak irabazteak utzikeriara eraman baikintzakeen. Jokalariek ongi ulertzen dute elkar eta ongi jokatzen dute. Orain, txapelari beste urte batez eusteko gogoa dugu, Parisek ezin baititu bi final galdu hilabete batean. Hainbat jokalarik lehen aldiz ezagutuko dute Frantzia Estadioa, eta ezin dute hutsik egin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.