Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta

Txapelak estaltzen du dena

Aitor Elordik eta Jose Javier Zabaletak Binakako Txapelketa irabazi dute. 22-13 nagusitu zaizkie Unai Lasori eta Ander Imazi, distira gutxiko final batean. Elordik lehen txapela du Lehen Mailan; Zabaletak, berriz, laugarrena.

Jose Javier Zabaleta eta Aitor Elordi, atzo, Eibarren, Unben. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 04a
00:00
Entzun
Aitor Elordik (Mallabia, Bizkaia, 1996) oso argi utzi zuen txapela irabazi berritan: «Finalak irabazteko jokatzen dira, ez ondo jokatzeko». Ondo jokatuta irabaziz gero, biribilagoa da ospakizuna, baina denbora bat pasatuta, inor gutxi gogoratzen da final ona edo txarra izan zen. Urtearen eta txapelketaren segidan, garailearen edo garaileen izenak eta emaitza soilik ageri dira, eta jendeak horri baino ez dio erreparatzen. Txapelak estaltzen du dena.

Eskuzko Pilota Enpresen Ligako (EPEL) 2022-2023ko sasoiko Binakako Txapelketaren ondoren, Elordiren eta Jose Javier Zabaletaren (Etxarren, Nafarroa, 1991) izenak azalduko dira. Haiek irabazi dute txapela. Herenegun lortu zuten, Iruñean, Unai Lasori eta Ander Imazi nagusitasunez irabazita Nafarroa Arenako finalean: 22-13. Final eskasa izan zen, distira gutxikoa eta huts askokoa. Baina Elordi eta Zabaleta ez dira horrekin gogoratuko. Oroitzapen ederra izango dute biek: biak podiumaren koskarik gorenean, eta txapela buruan.

Oso berezia da bientzat. Elordik lehen txapela du Lehen Mailan. Beste bi irabazi ditu Promoziokoan: 2019an, binaka, Oier Etxebarriarekin; 2020an, lau eta erdian. Aurreneko aldiz aritu da binakako nagusian, eta txapela irabazi du. Erakutsia zuen luzaroan aritzeko etorri dela, eta binakakoan hori indartu besterik ez du egin.

«Orain dela zortzi hilabete ez nuen pentsatu ere egingo honaino iritsiko nintzenik. Oso zoriontsua naiz; ametsa bizitzen ari naiz; horrenbeste, oraindik ez dut benetan baloratzen lortu dudana. Pentsatzen dut egun batzuk barru baloratuko dudala behar den bezala», esan zuen atzo Eibarren (Gipuzkoa), txapela irabazi osteko egunean irabazleek eman ohi duten prentsaurrekoan.

Elordik azaldu zuenez, «zenbat eta gehiago kostatu, orduan eta gehiago» baloratzen dira gauzak. «Eta niri asko kostatu zait hona iristea eta txapela irabaztea. Sekulako balioa ematen diot, lan handia egin izanaren saria baita. Txapel honek lanean gogor jarraitzeko indarra emango dit».

Balentria egin du Elordik, baina txiki geratzen da haren bikotekideak egin duenaren aldean: Zabaletak laugarren txapela du binakakoan. Inaxio Errandonearekin, Fernando Goñirekin eta Augusto Ibañez Titin III.arekin berdindu du. Antton Maiz, Julian Retegi eta Juan Martinez de Irujo bakarrik ditu aurretik, bostekin. Atzelarien artean, Maiz II.a soilik du gainetik. Baina Zabaletak 32 urte ditu, eta, ondo bidean, aukera izango du besteren bat gehiago irabazteko. Irabazi edo ez, inork ez du zalantzan jarriko inoizko atzelaririk onenetako bat dela. Datu batek indar gehiago ematen dio horri; lau aurrelarirekin izan da txapeldun: 2013an, Irujorekin; 2018an, Joseba Ezkurdiarekin; 2020an, Danel Elezkanorekin; eta aurten, Elordirekin. «Sekulakoa da halako izenen artean egotea; ilusio handia egiten dit. Neure burua zainduko dut ahal dudan gehien aritzeko punta-puntan. Ea beste txapelen bat irabaz dezakedan».

Elordik eta Zabaletak hemezortzi partida jokatu dituzte, eta hamabost irabazi dituzte. Hala ere, atzelariak aitortu zuen binakakorik «zailena eta gogorrena» izan dela. «Oso emaitza onak lortu ditugu, baina gauza txiki batzuek erasan didate, eta ezin izan ditut nahi bezala prestatu zenbait partida. Pixka bat luzea egin zait. Finalean ere kosta egin zitzaidan gozatzea. Gure 18. tantora arte ez nuen nahi bezala jo pilota; ez nintzen Zabaleta izan. Aitorrek lasaitzeko esan zidan, eta on egin zidan; orduan hasi nintzen gozatzen. Ahalegin handia egin behar izan dut txapelketa honetan, eta, horregatik, garrantzi handia ematen diot txapela irabazi izanari».

Elordik, berriz, aitortu zuen ulertzekoa dela, lehen aldia izanik, jendeak «zalantzak» izatea, baina «beti» sinetsi duela bere buruarengan. «Erakutsi dut onenekin joka dezakedala».

Elkarren osagarri

Biek azpimarratu zuten «oso gustura» aritu direla elkarrekin. «Aitor gogoz gainezka aritu da, eta asko lagundu dit: alaitasuna eman dit. Ni ziur nengoen ondo arituko zela onenekin, eta hala izan da: azken bi partidetan agerian geratu da hori». «Sekulako harremana egin dugu; elkarren osagarri izan gara. Txapelketak eman didan sari handiena da Joserekin egin dudan harremana. Oso gustura aritu gara elkarrekin, eta hori kantxan islatu da», azaldu du Elordik.

Binakakoa bukatuta, buruz burukoa hasiko da ostiralean. Azken orduko ezustekorik egon ezean, Elordik ez du jokatuko. Zabaletak, ordea, bai; asteburu honetan bertan ekingo dio. «Ea lanak ematen dizkiodan lehen aurkariari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.